Kangaroo

kangaroo - Martin EtxeberriaMartin Etxeberriak bere bosgarren poesia liburua plazaratu berri du, Kangaroo. Hein batean, aurreko lanean (Winston, 2018) irekitako bidean sakondu du oraingoan.

Liburuaren sarreran egileak argitzen digun bezala, Cook kapitaina Australiara iritsi zenean, bere espedizioko botanikoak, jauzi handiak egiten zituen piztia seinalatuz, haren izenaz galdetu omen zien bertakoei, eta hauek “Kan ghu ru” erantzun. “Kangaroo” bataiatu eta hala ezagutzen dugu geroztik delako animalia hori, nahiz “Kan ghu ru” hitzek “Ez dizut ulertzen” esan nahi omen duten hangoen hizkuntzan.

Pasadizoaren umorea gorabehera, zerbait esan nahi digu poesiaren izaera paradoxikoaz; izan ere, gauzen izendatze esentzial moduan ikusi ohi dugu poesia, tribuaren berbei beren esanahi jatorrizkoa emate bat, mundua eta bertako izaki guztiak birbataiatze moduko bat. Baina, aldi berean, ilunak egiten zaizkigu maiz poeten hitzak, erdizka ulertzen ditugu eta beste erdia asmatu, zuzen ala oker.

Egileak ere ez duela mundua ulertzen adierazi nahi digu nonbait, ezta bere burua ere, mundu horren ispilu hutsa den unetik. Eta beraz, Cook eta enparauen antzera, hitz asmatu eta okerrez bataiatzen dituela hau eta bestea, zehazki hori ez dela jakin arren. Mar tin Etxeberria, bere poeta ibilbide osoan, akrobataren soka gainean ibili da orekan, ohikotasunaren eta surrealismoaren artean. Eguneroko gertakariak hartu ohi ditu kantagai, baina misterio aire batez janzten ditu gero, bizitzari arruntetik duena kendu eta mirarizkotik duena azpimarratzeko bezala, bere ilunpetik erakargarri zaiguna ospatzeko: sexua, alkohola, gaua…

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina