Juan Kruz Igerabide: “Nahikoa ebidentea da ez diogula naturari bere lana egiten uzten”

Juan Kruz Igerabide (Argazkia: Jon Miranda)

Gogoeta pertsonal literarioak bildu ditu Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956) Ura saltoka saiakeran. Naturaz eta kulturaz hausnartu du bizipen pertsonaletatik abiatuta eta gogoetak osatu ditu bizi osoan zehar bidaide izan dituen erreferentzia teoriko, literario eta filosofikoekin.

Bazenuen gaztetan mendiarekiko eta naturarekiko sentsibilitatea, baina gaztaroan eman zenuen saltoa ekologismora. Zergatik?
Bai, internazionalismo proletariotik naturismora. Unibertsitate garaian giro oso erradikal batzuk ezagutu nituen, eta nik esaten dudan gisan, “taldekeria” bortitzagoan ibili nintzen. Giro horretatik nentorren. Trantsizio garaia etorri zen, eta hein handi batean, niretzat behintzat, hondoratze ideologikoa etorri zen. Nire inguruanjende askok drogara jo zuen. Nik, ordea, mendian eta basoan sentitzen nuen betetasuna, sumatu nuen bizi gogoa naturatik zetorkidala. Aurretik banekarren natura eta yogarekiko zaletasuna eta gehiago sakontzen joan nintzen, irakurtzen eta praktikatzen. Bilaketa bat hasi nuen gaurdaino iraun duena.

Beti hartu nahi izan du gizakiak natura mendean?
Gizakiok natura esaten dugunean, normalean natura bezatu bat nahi dugu, gure mendera eta kapritxora daukaguna. Gure kultura garatzeko natura manipulatu egiten dugu, askotan, naturarekiko harmonia bera galduz. Nahikoa ebidentea da ez diogula naturari bere lana egiten uzten. Baina gu saiatu izanagatik ere, menderaezina da natura. Uste dut kulturak aukera ematen digula naturari den bezala begiratzeko. Kultura begiak dira, belarriak dira, natura bera kaptatzeko modua.ura saltoka - Juan Kruz Igerabide

Literaturak ere balio du natura behatzeko?
Bai, noski. Nik naturan arnasa hatzen dut. Hartu eta bota. Hori bukatzen denean, akabo. Ume jaioberriei begiratzea besterik ez dago, arnasa hartzen dute, bihotza mugitzen zaie, taup taup, hor erritmoa dago, eta horrekin batera emozioak agertzen hasten zaizkie. Umea zinkurinka hasten denean poesia egiten hasten da. Zientifikoak esango dizu erreflexuak direla. Baina nik diot erritmoak daudela hor; nik poesia ikusten dut hor.

Liburuaren azken aldera, gaur egungo gaiei gehiago lotzen da eta itomena atzematen zaizu.
Bai. Izan ere, bat digeritzen hasterako hurrengoa datorkigu. Ez digute denborarik uzten. Hain bizkor joate horrek buruari ez dio uzten bere patxada gauzak aztertzeko. Nik ikuspegi zabalago batekin ikusi nahi ditut gauzak. Higieneagatik besterik ez bada ere, bertsio ofizialetik kanpora dagoena ere jakin nahi dut, interesatzen zait. Pandemia, faxismoaren gorakada, gerra, prezioen igoera… aurrean dauden indar hauek etsitzeko modukoak dira, eta okerrena da lepotik nori heldu ere ez dakigula azkenerako. Guztia algoritmo batek sortutakoa dela dirudi. Datuek berez pentsatzen al dute ba?

Guzti honen aurrean zein proposamen luzatzen duzu?
Segi begiak irekita. Segi zure burua zaintzen. Segi naturarekin kontaktuan. Segi irakurtzen. Segi ikuspegia zabaltzen. Berdin dio kondenatzen bazaituzte. Badakit nik liburuan esandakoekin jende asko ez dela ados egongo. Ni neu ere agian ez, hemendik hilabete batera. Baina niri barrenak askotan gauza askorekin ezetz agintzen dit. Barruko sena entzun eta horri jarraitzen diot nik. Urak errota martxan jartzen duen bezala, liburu honekin nire interesik handiena izan da buruaren errotak martxan segitzea. Ez nireak bakarrik, baita ingurukoenak ere. Saia gaitezen jartzen dizkiguten kabestruetatik kanpora begiratzen eta gure senari jarraitzen.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina