Kanonaz, berriro

Abadeek idatzitako literatura abadeen literatura delako normal-normal arbuiatzen dugula idatzi nuen aldizkari honen aurreko alean, eta literaturak hori baino tratu hobea merezi duela. Beste arte batzuei ematen diegunaren antzekoa, esate baterako. Ez baititugu baztertzen Firenzeko Il Duomo edo Vaticanoko Kapera Sixtinoa arte kristaua direlako. Eta berdin edo antzera esan genezake kanonikoak deitu ohi ditugun idazleak feminismoarekin eta deskolonizazioarekin zerikusia duten arrazoiengatik baztertzegatik.

Aspaldi honetan birritan gertatu zaidalako diot. Bi aldiz egon naiz literaturaz hitz egiten eta topatu dut norbait kanonikoak deitzen ditugun idazleen literaturari muzin egiten, hain zuzen ere, idazle horiek kanonikoak direlako. Bi kasuetan izan da horretarako argudio nagusia beste batzuk direla orain irakurri beharrekoak, eta ezin esan hori gezurra denik. Begirada zabaldu behar dugu, gizonezko zuri mendebaldarren literatura eta literatura unibertsala bi gauza desberdin direlako, eta geure buruan baino existitzen ez den parnaso imajinarioan badagoelako lekua bikaina den literatura guz tiarentzako. Feminismoak ez digu exijitzen gutxiago jakitea edo ezagutzea, are gutxiago eskatzen digu gutxiago irakurtzea. Alderantziz. “Gizon zuriak akats handi bat egin zuen nirekin”, dio Malcolm Xek bere autobiografian (Capitán Swing, 2015), “bere liburuak irakurtzen utzi zidan”, eta horregatik besterik ez balitz irakurri beharko genuke feminista guztiok ahal bezain beste eta denetarik.

“Gaztetan gutako askok klasikoak gaindituta zeuden morroi batzuk zirela uste genuen, auto modelo zaharkituen antzera”, idatzi zuen aspaldi, Flauberti buruzko artikulu batean, Mikel Hernandez Abaituak, gurean literatura egiten irakasteko idatzi diren liburu bakanetako baten egileak (Narrazio tailerra, Erein, 2011).

Nondik datorren ideia delirante hori ez dakit, baina badu zerikusirik nire ustez gizonen arteko lehia patriarkalarekin eta, ez bakarrik gure, baina baita gure literatura ere toxifikatzen duen belaunaldismo madarikatuarekin. Literaturaren ezagutzaren kontra doan joera arriskutsu honek urrundu egiten ditu garai bakoitzeko irakurleak iraganeko liburu bikainetatik eta kaltetu egiten du sormena, ezin delako ondo idatzi ondo irakurri gabe. Eta iraganean ondo idatzi izan da. Iraganean, lagunok, oso ondo idatzi izan da. Liburu berri bakar bat idatziko ez balitz, guk guztiok pasa ahalko genituzke hil arteko geratzen zaizkigun urte guztiak irakurtzen behin ere aspertu gabe.

Literatura feministago eta deskolonizatuago bat nahi dugula esaten badugu ez dugu esaten gizonezkoen literatura unibertsala arbuiatu behar dugunik. Eraiki den moduaz hausnartu behar dugu, kanpoan geratu ez daitezen hainbat izen. Feminismoak ez du esaten Flaubertek ez duela balio gizona delako, Flauberten mailara iristeko emakumeok ditugun arazoak seinalatzen ditu, Flauberten mailara egonik bere izena ez duen emakumerik ote dagoen galdetzen digu, Flauberten literaturan generoaz hausnartzera animatzen gaitu eta Flaubert irakurtzera, frantsesez idatzi zuen gizon zuria zela ahaztu gabe. Ez Flaubert ahaztea, gizona zelako, edo zuria, edo frantsesa. Gizonen liburuetan dagoen literatura bikainari uko egitea ez da feminismoak exijitzen diguna, besteak beste, feminismoarentzat oso problematikoa delako gizonen eta emakumeen arteko literaturaren arteko banaketa biologizista eta binarioa onartzea.

Flaubertek daukan lekua merezi duela jakiteko ez dago Madame Bovary (Ibaizabal, 1993) irakurtzea baino metodo zorrotzagorik. Hor agertuko zaio edozein garai eta

generodun irakurleari emakumeon gizarteratze patriarkalaren erretratu apasionantea eta inoiz idatzi den nobela onenetako bat. Literatura bikaina egin baitzuen Flaubertek. Eta Faulkenerrek. Eta Steinbeckek. Eta Lorcak. Eta gure argiak itzaltzen direnean bizirik jarraituko duten arbaso iraungiezinek. Ez dut nik esaten. Zeuok konrobatu dezakezue. Zeuon begiekin.

Hortik aurrera, literatura feministaz, emakumezkoen literaturaz, kanon unibertsalaz eta literaturaz gehiago jakin nahi baduzue, ez dituzue topatuko Joana Russen

Cómo acabar con la escritura de las mujeres (Dos Bigotes, 2018) eta Ursula K. Le Guin-en Contar es escuchar (Círculo de Tiza, 2018) baino askoz lan egokiagorik eta ez da idatzi Virginia Woolfen Gela bat, norberarena (Consonni, 2013) baino liburu boteretsuagorik.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina