Patxi Zubizarreta, XXII. Zubikarai sariaren irabazle

Patxi Zubizarretaren nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Zortzi lan aurkeztu dira aurten, eta horien artean Zubizarretaren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria urriaren 27an arratsaldeko seietan emango zaio, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan, eta ekitaldi berean aurkeztuko da iazko proposamen irabazlearen emaitza: Mikel Alvarez Sarriegik idatzitako “Euskalia” eleberria.

“Gau otsoa” da Patxi Zubizarretaren proiektuaren izenburua, eta  insomnioa hartuko du bere lanaren ardatz, gure gizartean guztiz zabaldutako gaitza eta, aldi berean, gizartearen  erretratua egiteko balio duen sintoma. Kontakizunean, Adela izango da protagonista, 45 urteko kazetaria, banandua eta ume baten ama. Insomnioari buruzko erreportaje bat egin behar du Adelak, lan egiten duen aldizkariarentzat, eta horixe izango da eleberriaren abiapuntua, gero hainbat pertsonaia, sare eta abarretan korapilatuko dena. Laburbilduz: begirada zorrotz bezain originala geure buruari eta munduari, idazkera gozo bezain aberats batean emana, umorez eta kultur erreferentziaz josia.

Patxi Zubizarreta 1964an jaio zen Ordizian, eta Gasteizen bizi da aspaldidanik. Euskal Filologia ikasitakoa da, baina idazletzari guztiz emana. Obra ugaria sortu du, bai helduentzat bai, batik bat, haur eta gazteentzat, eta ezin konta ahala dira irabazi dituen sariak. Besteak beste, haur eta gazte literaturako Euskadi Saria lau aldiz. Itzulpenak ere egin izan ditu, eta beste artista zenbaitekin batera ondutako ikuskizun eta errezitaldiak.

Egilearekin harremanetan jartzeko: Patxi Zubizarreta Dorronsoro (zubizarretapatxi@gmail.com / 605 71 66 69).

Augustin Zubikarai saria, bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, hauexek izan dira sariaren irabazleak eta argitaratu dituzten lanak:

-2010ean Joxean Agirre, “Zwei Frauen (Bi emakume)”

-2011n Itxaso Araque, “Damutzen ez direnak”

-2012an Garbiñe Ubeda, “Hobe isilik”

-2013an Garazi Kamio, “Orube abandonatuak”

-2014an Jasone Osoro: “12etan bermuta”

-2015ean Miren Gorrotxategi: “33 ezkil”

-2016an Katixa Agirre: “Amek ez dute”

-2017an Xabier Etxeberria: “Berriro itzuliko balitz”

-2018an Eneko Barberena: “Afrikanerrak”

-2019an Idoia Garzes: “Mendiko gaitza”

-2020an Lander Garro: “Faith”

-2021ean Mikel Alvarez Sarriegi: “Euskalia”

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina