Joseba Sarrionaindia “Onura ekonomikoak ekarri dizkie kolonialismoak gutxiengo batzuei, mundu gehiena hondatu duten artean”

Joseba Sarrionaindia (Argazkia: Jose Goitia)
Munduari bira eman zion ontzia argitaratu du Joseba Sarrionandiak Pamielaren eskutik. Elkarrizketa formako liburuak Magallaes eta Elkanoren mundu-biraren eta egundaino dirauten ondorioen inguruko hainbat galdera piztu asmo du. Irakurleen gozagarri, Ares margolari kubatarraren irudi ederrek janzten dute testua.
Liburuaren egitura ez da ohikoena, elkarrizketa forman idatzia da.
Erdi kontakizuna, erdi interpelazioa da egitura aldetik. Amama historiako pasarte batzuk kontatzen saiatzen da; eta neskatilak, berriz, ikuspegi naif batetik, jakinaren gainekotzat eman ohi diren hainbat gai planteatzen ditu. Edozertaz hitz egiteko aukera zabaltzen du umearen jakin minak; Jainkoa nor den, edo lurraren jabetza nondik datorren, edo gaur eguneko enterik errealistena dena, dirua, zer den.
Testuak soilik ez, irudiek ere garrantzia handia dute.
Hasiera batean, XVI mendeko irudiak egiten saiatu zen Ares; eta orduko norbaiten moduan ahalegindu nintzen ni idazten. Gero, pentsatu genuen halako gai handikeriatu baten gainean itsusia dela modu primarioan idaztea. Eta beste egitura konplexuago hau aukeratu genuen. Errelato itxura zuzenaren ordez, gaur eguneko kontalari ustez jakitun baten kontakizuna eta ume ezjakin umoretsuaren interpelazioekin.
Sasoi diferenteko gauzak nahasten dira marrazkietan.
Gaur egun bidaia hari buruz hitz egiten bada, harrezkero gertatu den globalizazioagatik da. Bost mendeko historia daukagu gainean gure bizimoduan, eta horixe islatzen da marrazkietan, Lapurren Irlako naoak Guam irlako base militarreko korazatu estatubatuarren alboan agertzen dira.
Marrazkiekin jarraituz, bada hutsune nabarme nik. Zer dela eta ez duzue Elkano irudikatu?
Elkano justiziagandik ihesean zebilelako batu zen espedizioan. Ez da pertsonaia epiko konkistatzailea, Magallaes bezalakoa. Elkanok unean uneko baldintzen arabera jokatu zuen; bazterreko pertsonaia izan zen marinel gehienak bezala eta Antonio Piagafettak aipatu ere ez zuen egin bere kronikan. Espedizioaren kapitain bihurtu zen, halabeharrez, Enriquillok eta Humabonek prestatutako tranpan buruzagi gehienak hil zituztelako. Orduan, marinel arruntak geratu ziren bizirik eta, goitik beherako agindurik gabe, batzarrak egin behar izan zituzten. Elkano, enbarkatuetako beste bat, hutsik utzi dugu; irakurleak liburua irakurri ahala bere hausnarketekin bete dezan.
Bidaia bera naufragioaren metafora gisa konpreni litekeela aipatu izan duzu.
Munduaren bidaia hori oso oker kontatzen da; Magallaesen proiektutzat aurkezten da, apenas aipatzen da Enriquillo, abentura heroikoaren zentzua ematen zaio… Mundu bira arrakastatsuaren ideia nahiko absurdoa da, kontuan hartuz gero, 237 lagun abiatu zirela bost itsasontzitan, eta 21 bakarrik itzuli zirela barku bakarrean. Irabazi ekonomikoak izan zituzten, hori bai, erregeak eta bankari alemaniarrek. Baina zenbat jende hil zen zenbat sarraski egin zituzten bidean: naufragio larritzat kalifika daiteke bidaia. Uste dut konpara daitekeela, metafora moduan, kapitalismoaren historiarekin, hau ere progresu arrakastatsu moduan saltzen zaigulako. Onura ekonomikoa ekarri die kapitalismoak edota kolonialismoak gutxiengo batzuei, mundu gehiena hondatu duten artean.
Hamarkada luzez, itsasora jaurti ohi den kristalezko botila nola, bidali izan dizkiguzu zeure liburuak. Literaturarekin duzun harremana aldatu al zaizu Euskal Herrira itzuli zarenetik?
Urte honetan bai, espazio publiko mediatiko honetara jausi naiz, eta niretzat ez da komodoa. Gela bazter batean idazten nengoen ohituta, nobela edo dena delakoa argitaratzeko bidali eta kito, amaitzen nuen lana. Orain konturatu naiz nobela argitaratu ondoren hasten dela idazlearen benetako nobela.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Patxi Zubizarreta, XXII. Zubikarai sariaren irabazle
- Elkar Taldearentzat izango da Gipuzkoako 2022ko Urrezko Domina →