Bichta Éder: Erakutsi nahi dugun irudiaren eta benetan garenaren arteko kontraesana

bichta eder - Eneko BidegainHemezortzi urteren ostean itzuli da Eneko Bidegain Aire (Baiona,1975) literatura mundura. Tartean hainbat saiakera idatzi ostean, Bichta Éder izeneko eleberria kaleratu berri du; gogoetarako bidea ematen duen misterioz zein intrigaz beteriko istorioa. Eleberri honetan, gaztelu baten atzealdean zer dagoen argitu nahi da, hari-muturren arkitektura perfektu batez baliatuz.

Eleberri hau itzulera modukoa da zuretzat. Bi eleberri idatzi zenituen duela hogei bat urte: Anbroxio 2002an eta Mahatsaren Begia 2005ean. Geroztik saiakerak idatzi dituzu. Zer dela eta piztu zaizu eleberri bat idazteko grina?

Mahatsaren Begia eleberria idatzi ondoren, nire hirugarren eleberria izango zenaren ideia banuen, eta irakurleak eleberri honetan topa dezake. Beraz, ideiaren abiapuntu honetan lanean hasi nintzen, baina beste proiektu batzuengatik hainbatetan alde batera utzi behar izan nuen. 2018an Lurraldea eta Herria saiakera atera nuenean, idatziko nuen hurrengo proiektua eleberri bat izango zela erabaki nuen. Ia hogei urte pasa dira ideiaren inguruko lehen zirriborroak idatzi nituenetik, eta atzera begiratuz gero, kontatu nahi nuen istorioaren aldaketa nabaria da. Ideia honek urteak pasa ditu ontzen, eta aurkitu dut momentua behingoz eleberria bukatzeko, izan ere, literatura egitea izugarri gustatzen zait.

Idazle gisa, hogei urte hauetan, aldatuko zitzaizun idazteko zein mundua begiratzeko modua. Baina, istorioaren testuingurua hainbeste aldatu al da?

Liburu honetan gaztelu baten misterioa argitu beharrean daude pertsonaia nagusiak. Ideiaren abiapuntua prentsaurreko batean sortu zitzaidan: herri bateko alkateak proiektu bat aurkeztu zuen zabortegi bat eraikitzeko, eta horretarako lurrak behar zituen. Hari horri tiraka sortu nuen gaztelu abandonatu baten eta honen inguruko proiektuaren ideia. Beraz, mende bateko historia izan dezakeen gaztelu bat sortzen duzunean, istorioa kokatu dezakezu nahi duzun kronologian. Hori horrela izanik, misterioaren hari hori ez da aldatu; aldatu dena da, istorioak garaikidea izan behar duela. Eleberria, kronologikoki, gutxi gorabehera 2019. urtean kokatzen dela esan dezaket. Horretarako, giltza batzuk ematen dizkiot irakurleari istorioa kronologikoki kokatu ahal izateko. Eta, noski, ni ez naiz pertsona bera orain eta duela hamazazpi urte. Denbora tarte zabal horretan gauza asko aldatu dira nire idazteko moduan. Eleberriaren ideia muntatzen hasi nintzenean, banekien gatazka bat sortu nahi nuela, baina ez nekien zer izan zitekeen gatazka horren arrazoia. Beraz, erabaki behar izan nuen zer izan zitekeen arrazoi ohikoena edota sinesgarriena. Idazten ari nintzela konturatu nintzen, kasualitatez, laborariek nire eleberrian aipatzen denaren antzeko ekintza bat egin dutela. Badirudi istorioan horri egiten diodala erreferentzia, baina ez; hori gertatu baino lehen idatzi nuen eleberria.

Eleberri honetan, istorioa kontatu bitartean, irakurleari hausnarketarako bidea zabaltzen diozu uneoro.

Idazten ari naizenean askotan ateratzen zait kritika eta autokritika egiteko beharra. Batzuetan testuak berak eramaten zaitu bide horiek aukeratzera, eta beste batzuetan nahita sartu ditut. Noizbehinka ere pentsatu dut kritika gehiegi sartzen ari nintzela istorioan, eta kendu ditut. Oreka hori aurkitzea ez da erraza, baina iruditzen zait, fikzioaren bidez literaturak ematen duen askatasuna dela ere hainbat gogoetagai mahai gainean jartzea.

Kritika aipatu duzula, lehen kritika izenburuan topa dezakegu. Berezia da eleberriaren izenburua eta ortografia. Zergatik titulu hau eta zergatik horrela?

Izenburuak eman dizkit nahikoa buruko min. Ortografia zen zalantza sortzen zidana liburuari izenburua ematerako garaian. Eleberriaren muina izenburuan dago: Bichta Éder izenburuak, erreferentzia egiten dio itxurari ematen diogun garrantziari eta azpian gordetzen dugun horri. Honekin adierazi nahi nuen edertzen dugula errealitatea komenentzia batzuen arabera. Itxurakeriaren zama hau, gazteluaren historian, proiektuan eta pertsonaia ia guztietan islatu dut. Erakutsi nahi dugun hori, ez da besterik gabe erakutsi nahi dugulako, baizik eta, gizarteak behartzen gaituelako modu batera jokatzera ingurune batean edo bestean. Ch-aren erabilerak, berriz, erreferentzia egiten dio gaur egun euskarari egiten zaion trataerari; Ipar Euskal Herrian euskara nola tratatzen den euskaldunak ez direnen partetik, euskara gutxiesten eta zapaltzen dutenen aldetik. Eleberri honetan gai hau ere aipatzen baita, zer den euskaldun zapaldu, gutxietsi, mespretxatua izatea Ipar Euskal Herri osoan. Gainera, joaten bazara Lapurdiko edozein herri turistikoetara eta begiratzen baduzu turistentzako dendetan, ikurrinak eta lauburuak besterik ez dituzu aurkituko. Horrela ikusita, badirudi oso herrialde gudari eta abertzalea garela, eta ez da hala. Ikurrak gertu dituzte bakarrik turismorako, erabat desitxuratuz. Euskara turismo sektorean oso modu instrumentalean eta interesatuan erabiltzen da, erabiltzekotan.

Beste gauza askoren artean euskal idazlea ere izanik, uste duzu idazle euskaldunak, bizi duen testuinguruagatik, baduela istorioa kontatzeaz gain beste erantzukizun bat, istorio bat kontatzeaz haratago doana?

Nire ustez idazleak egin behar du nahi duen hori. Niri inpaktua eragiten didaten liburuak gustatzen zaizkit, munduaren aurrean gogoeta berriak egitera bultzatzen nautenak. Buelta asko eman dizkiot gai honi. Nik uste dut eleberri honetan Euskal Herriko egoera zeharka aipatzen dela, eta naturalki atera den zerbait izan da; izan ere, istorioa Lapurdin kokatu dut, militantzia giro batean. Bertan, pertsonaiek badute beraien pentsamendu politikoa, ibilbidea eta beraien harreman sarea. Beraz, erakusten dudana errealitatea da, nire inguru hurbil horretaz hitz egiten dudalako. Ez dut egin pentsatuz Euskal Herriko politikaz hitz egin behar nuela. Baina, istorioa Euskal Herrian kokatzen dudanez, Euskal Herriaz hitz egin beharra daukat bertan. Hala ere, esan bezala, hau guztia ez dut behartuta sartu, naturalki atera zaidan zerbait izan da. Mila bide har nitzake eleberria idazteko garaian, baina hartu dudan bidea ahal bezain errealistena egiten saiatu naiz, inguruko errealitatean ikusten diren gauzak aipatuz. Fikzioak, horretarako, mila aukera ematen ditu, eta nik hau hautatu dut. Iruditzen zait ez dela derrigorrezkoa euskal literatura egiten dugunean euskal gaia aipatzea. Hala ere, uste dut badagoela tokia hori egiteko.

Liburu honetan aipatzen dituzu, besteak beste, itxurakeriaren zama (hau da, gehiengoarekin enkajatzeko egiten den ahalegina), harreman sentimental konplikatuak, militantzia eredu erritualizatuak, kazetaritzaren morrontzak, euskararen patua… Hauek ere, mahaiaren gainean jarri nahi izan dituzu.

Gai hauek guztiak istorioak ekarri ditu. Unibertso bat eraikitzen duzunean pertsonaiei bizia eman behar diezu, eta hor sortzen dira bere kezka politikoak zein pertsonalak. Bizitza gauza konplikatu bat da azken finean, bide asko gurutzatzen direlako. Horiek aski naturalki atera ditut, hau da, ez naiz hasi liburuaren eskema bat egiten aipatuz zein gai txertatu nahi ditudan bertan. Pertsonaiak sortzean, hauei ideologia, izaera eta psikologia bat eman behar diezu; horrek eramaten zaitu hainbat egoera aipatzera. Egoera horiek aukera ematen badute gure buruaz gogoeta egitera, hobe. Nire asmoa hautsak harrotu eta alfonbra azpian begiratzea zen.

Istoriok, hausnarketa anitzak eta sakonak izateaz gain, plan perfektu bat ere badela esan genezake. Dena harilkatzen da, dena da joste prozesu perfektua.

Niretzat garrantzitsua zen hari-mutur guztiak momentu batean gurutzatzea, eta aldi berean, intriga bat sortzeko nahikoa hari behar dira. Niri gustatzen zaizkidan intrigetan hari asko agertzen dira, pixka bat desorientagarriak izan daitezkeenak misterioak konpontzeko zailak izan daitezen. Sudokuen adibidea jarriz, nik nahiago dut sudoku zaila erraza baino. Zailtasuna zer da? Bada, hari-mutur guzti horiekin irakurlea ez deskonektatzea, eta aldi berean, irakurleari jakin-min horiek guztiak piztea. Oreka hori aurkitzea zaila da. Horretarako, eskema zein buru-mapa asko egin behar izan ditut, ziurtatzeko hari bakoitza iristen zela bukaerara. Pertsonaia bat sortzen baduzu bere gatazkarekin, justifikatu behar duzu horren zergatia. Esan bezala, hari-muturrak asko dira, baina altzari bat muntatzean pieza bat kentzen baduzu, altzaria ez da egongo zutik. Irakurleak eleberri hau irakurri nahi badu, nahiko epe motzean irakurri beharko du. Ez da istorio bat orain hasi eta hemendik hilabete batera bukatzeko, gauza asko galtzen ahal baitira bidean. Intriga eleberrietan hori gertatzen da: hauek jarraian irakurri behar dira, eta nik apustu hori egin dut istorio honekin.

Zer suposatzen du zuretzat Bichta éder eleberriak, eta zer aurkitu nahi duzu irakurlearengan?

Abiapuntuko nire motibazioa intriga eta misteriozko liburu bat idaztea zen. Istorio hau korapilatu nahi nuen, ez nuen kontakizun sinple bat idatzi nahi detektibe bat ardatz hartuz eta lau galderarekin korapilo guztia askatuz. Misterio liburu bat irakurtzen badut, gustatzen zait hau nahiko konplikatua izatea, bestela irakurle gisa frustratu egiten naiz. Liburua publikatu aurretik, idaztea jolasa da. Nik idazten dut niretzat plazera delako idaztea. Barnean aurkitzen dudan nire indargune edota energia hori idaztean dago. Bizitzan, gure hogeita lau ordu horietan zehar, baditugu hainbat betebehar eta debeku, eta idaztea niretzat askatasun espazioa da. Eremu hori niretzat indarberritzailea da. Seguru nago, gainera, bakoitzak badugula gure barnean gaitasuna zaletasun baten bitartez aske sentitzeko. Niretzat idaztea da, besteak beste. Idaztea ukatuko balidate, txoriari hegoak ebakiko balizkiote bezala izango litzateke. Behin eleberria publikatuta, erantzukizuna sortzen da eta bertigoa sentitzen duzu. Liburua salgai egongo da, erosten duenak irakurri egingo du, gustatuko zaienaren zalantzak sortzen zaizkizu… Beldurra sortzen da liburua behin publiko egiten denean, baina baita ilusioa ere. Irakurtzea plazerarekin lotzen dut, eta pentsamenduan aurrera egiteko giltza batzuk ematen badira, hobe. Irakurleari ez diot eskatzen ados egoteko idazten dudan guztiarekin, baina gogoeta batzuk egiteko balio baldin badu eta gustura irakurtzen badu, ni pozik.

Nola deskribatuko zenuke eleberri hau?

Eleberri hau kutsu politikoa duen intriga bat dela esango nuke, gogoetarako bidea ematen duena. Ez da intriga huts bat, gogoeta soziala eta politikoa ere egiten baitu, besteak beste. Gogoeta ardatz duten liburu askok ez dute intriga hari gisa. Eleberri honen kasuan, biak batu nahi nituen.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina