Errealismoaz haratago

Idazleak ere badiren lagunen artean behin baino gehiagotan galdetu izan dut, “errealismoaren moda hau noiz bukatuko da?”. Brometan, jakina, ez baitaukat ezer errealismoaren kontra; baina benetan ere bai, egia esatea nahi baduzue, gogaikarria eta apur bat lotsagarria egiten zaidalako gure sistema literarioan nolabaiteko errealismo hertsitik ateratzen den guztiari kasurik ez egiteko edo egiten den guztiari baina bat jartzeko daukagun ohitura tristea. Gutxi idatzi dugulako akonplejatuta gaudenez, gure
lehen betebeharra serioak izatea dela iruditzen zaigu eta, tamalez, literatura serioa guretzat oso gauza estua da.

Denboraz, garaikidea izan behar du. Gaiari dagokionez, egunkarietako orrialdeetan agertzen diren kontu potoloei buruzkoa, deitu gerra zibila, euskal gatazka edo emakumeen kontrako indarkeria. Bilatzen den irakurlegoa heldua, kritikoa, jasoa eta ez oso ugaria. Liburu salduak txarrak direnez, hobe lortzen diren irakurleak kasualitatez lortu badira, idazlearen borondatearen kontra ez esatearren. Nobelak edo ipuinak idatz daitezke, baina generoari dagokionez ez dago zalantzarik. Narrazio beltzak, historikoak, fantastikoak, gotikoak, erromantikoak, zientzia fikziozkoak, misteriozkoak, thrillerrak, poliziakoak, distopikoak, eta horien guztien deklinazio infinituak bigarren mailako generoak dira guretzat. Gaur egungo gizartearen nolabaiteko kritika zorrotzak gustatzen zaizkigu. Ia denaren kontra dagoen literatura goresten dugu, zerbaiten alde egotearen saldukeria salatzen duena.

Zenbat maisulan ez ote lituzkeen gure sistemak gutxietsiko! Jonathan Swiften Gulliverren bidaiak eta Lewis Carrollen Alizia herrialde miresgarrian ez genituzke kontutan hartuko, erdi haurrentzakoak dirudite eta erdi brometakoak dira. On Kixote ere, kanpora. Irakurleen artean arrakasta izan zuen komedia bat? Ezta pentsatu ere. Eta orain askotan aipatzen dugun arren, agur Orwell ere bere animalia hiztunekin (Abereen etxaldea, Elkar, 1982) eta bere etorkizuneko ergelkeriekin (1984, Txala par ta, 2020). Hemingway? Ez dut uste meriturik aitortuko geniokeenik. Liburu asko saltzen zituen, eta hizkuntzari bueltak ematen egotea baino gehiago gustatzen zitzaion gauzak kontatzea.

Steinbeckek autore serio bilakatzeko aukera gehiago izango lituzke gure artean. Izan ere, Las uvas de la ira kontakizun mitologikoa da, baina giro poetiko sobrenaturalista errealismo sozialaren itxurapean ezkutatu zuenez, uste dut sistema engainatu ahalko lukeela. Gabriel Arestirekin bezala gertatuko litzaiguke, politikoa eta soziala izatearekin konformatuko ginatekeela, sobrenaturala eta mitologikoa ere badela ikusi gabe. Baina gurekin jai lukete Becquer erromantikoak –apenas euskaratu gabea– eta Stevenson abenturazaleak –Jekyll Doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia (Erein, 2019) gogoangarriaren egileak–. Jai baita ere Poe gotikoak (Kontakizunak, Elkar, 2012) eta Julio Cortazar fantastikoak (Antologia apetatsua, Txalaparta, 2004).

Ezagutza gehiago eta aurreiritzi gutxiago balitu, gure sistema literarioak jakingo luke honezkero liburu baten meritua baloratzeko orduan generoak ez duela ezer
esaten. Bere buruari ezarri dizkion arauen baitan, idazleak noraino eraman gaituen, hori da kontua. Zein da planteatu duen ariketa eta ze mailataraino lortu duen ariketa hori arrakastaz burutzea. Besterik ez. Errealismoaren baitan, egin daitezke errealitatearen ezagutza falta larria erakusten duten ariketa eskasak eta errealismotik kanpo askotan egin dira errealitatea errebelatzen asmatu duten ariketa bikainak. Sobrenaturalismoak ez baitu ukatzen errealitatea, zabaldu egiten du, gizakiok berezkoa dugun dimentsio sobrenaturalari leku egiteko. Gure mitoak, gure fedeak, sinesmenak, superstizioak, eta irudipenak ere errealak baitira, humanoak diren neurrian.

Generoak ez dira hierarkiak. Bideak dira. Eta, bide batetik zein bestetik, literatura ona beti da norabide berean doana: egiarantza. Gerta daiteke denok ezagutzen dugun mundu honetan edo eraman gaitzake existitzen ez den edo existitu ezin daitekeen mundu batera, baina ondo eginda badago, beti izango da egiaren baten jabe eta beti lagunduko digu mundu honetako egiaren bat deskubritzen.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina