Oihane Amantegi: “Gauza bukatugabeek uzten duten zapore horretaz aritu nahi izan dut oraingoan”

Oihane Amantegi (Argazkia: Iñigo Azkona)

Ibaiertzeko ipuina (Elkar) liburuarekin azaldu zen Oihane Amantegi literatur plazara, 2020an, eta bigarren liburua kaleratu du orain: Cayo Hueso (Elkar). Aurrekoa bezala, ipuin luzearen eta nobela laburraren artean dabil hau ere, eta, lehen lanean bezala, kontatzen duena ez ezik, kontaera zaindua da bigarren honen ezaugarri nagusietako bat. Joseba Sarrionandiak egin dio hitzaurrea.

Virgil musika kritikariaren eta Maudey abeslariaren arteko amodio enkontrua kontatzen du liburuak, baina, benetan, amodio enkontruen gertagaiztasuna da sakoneko gaia. Txiripa puntu bat du beti horrek.

Gustatzen zait txiriparena. Horixe delako gaia, bai: zenbat faktore gertatu behar diren aldi berean, egoera jakin batean, pertsona bat ezagutu ahal izateko, eta enkontru hori gerta dadin. Horrez gainera, elkar topatzeko dugun zailtasunaz ere ari da liburua, baita behin, aukera posible guztien artean, enkontru hori gertatzen denean ere. Bakoitza oso bere unibertsoan dago, eta, batzuetan, oso txikia da unibertso horiek konpartitzen duten esparrua, eta konpartitu gabekoa, berriz, oso zabala.

Horregatik kokatzen duzu istorioa Cayo Hueson? Florida hegoaldeko artxipelagoko azken irletako batean, alegia?

Mapan argi ikusten da artxipelago hori zer den. Bizkarrezur baten irudia da hori, eta horko azken harri soltea da Cayo Hueso. Nahiko ezinezkoa da artxipelago hori gertatzea bera ere.

Istorioak eraman zaitu hara, edo kokapenak ekarri dizu istorioa?

Han egona nago, eta zerbait geldituko zitzaidan barruan egon nintzen hartatik. Istorio asko har ditzakeen leku bat da, oso leku berezia.

Atenporaltasun moduko batean bildu duzu kon takizuna. Esate baterako, liburu osoan ez da autorik aipatzen, eta lagundu egiten dute halako

detaileek istorioa denboraz kanpo uzten.

Cayo Hueson badago denboraren berri ematen duen elementuren bat, baina gutxi dira. Kontatzen da, adi bidez, nola egon zen tren bat, eta urakan batek nola suntsitu zuen. Baina hori bakarrik. Asko despistatzen nau denbora markak sartu beharrak. Istorioan zentratu beharrean, eszenarioari buruz pentsatzera naramate halako elementuek. Kontatu nahi dudana kontatzeko ez ditut behar.

Trama bat badu testuak, baina ez dirudi hori denik liburuaren erdigunea. Zein da motor nagusia zuretzat?

Cayo Hueso eta Ibaiertzeko ipuina antzekoak dira horretan. Kontatzen da gauza bat, baina ez da kontatzen dena bakarrik, baizik eta gero horren inguruan zer kontatu nahi den. Desenkontruez aritu nahi nuen oraingoan, eta, batez ere, nostalgiaz; mila milioi aukera posible horiek irekita uzten dituzten galdera ikur horiei buruz, gauza bukatugabeek uzten duten zapore horretaz, eta liburuak kontatzen du ere protagonistek nola gestionatzen duten nostalgia hori. Eta hori kontatu ahal izateko, hor dago maitasun enkontru hori.

cayo hueso - Oihane Amantegi UriarteBere burua “kapitain zaharra” izendatzen duen narratzailearen bidez jasoko du irakurleak kontakizun osoa. Oso eite klasikoa du haren kontaerak.

Kosta zitzaidan harekin jotzea. Ahots asko zeuzkan liburuak hasieran, eta pertsonaien bidez egiten zuen aurrera. Xabier Mendiguren editoreak ere bultzatu ninduen hori aldatzera, eta hala hartu nuen kapitainaren figura horri heltzeko erabakia. Oso gustuko nituen aurrez idatzitako paragrafo batzuk solte gelditu ziren horren ondorioz, eta kanpo gelditu dira, azkenean. Dena bildu nuen kapitainaren figurara.

Idaztearen plazera igartzen da orri bakoitzean. Ikusi egiten da gozatu egiten duzula testuaren erritmoarekin, esaldien egiturekin eta puntua zioarekin lanean. Hala da?

Hor gozatzen dut benetan. Trama eta pertsonaiak eraiki egin behar ditut, ze bestela ez dago istoriorik, eta zerbaitez hitz egin behar dut, eta idazten jarri ahal izateko marko bat behar dut, baina beste elementu horiekin gozatzen dut nik gehien. Hala izan zen Ibaiertzeko ipuina liburuarekin, eta, igual, oraingoan gehiago. Oso gustura egin dut azken idazketa. Ozenki irakurtzen dut idatzitakoa beti, eta musika bilatzen diot. Irakurtzea gustatzen zaidana horrelakoa da, eta suposatzen dut norberak idazten duena norberak irakurtzen duenetik doala, edo norberak irakurri nahi lukeenetik.

Bereizgarria da zure kontaera. Zer garrantzi du estiloak zuretzat?

Igual hor dago jarrita esfortzua, baina ez da erabaki kontzientea. Agian nire idazteko modua hori da, edo hori ari da izaten nire lehenengo bi liburu hauetan. Ez duzu pentsatzen, baina, ohartu gabe ere, erabaki hori hartu egiten duzu, azkenean, gauza bati beharrean beste gauza bati eskaintzen dizkiozulako denbora eta arreta.

Gertatutako bizitza bakoitzaren barruan gertatu gabeko bizitza gehiago daudela esaten da liburu amaiera aldeko pasarteetako batean. Hori azale ratzeko modua izan daiteke literatura?

Kasik kasik uste dut esaldi hori dela liburua. [Liburuan bilatzen du pasartea eta ahots goran irakurtzen du]. “Geratu zaiolako gertatu gabeko bizitza bat oraingo honen barruan, eta batek daki –pentsatzen du Maudeyk– oraindik gertatuko den”. Mundu guztiarengan dago sentsazio hori: hau egin beharrean hura egin banu, hori eta beste gertatu balitz… Paralisia eragin dezake galdera horrek, hor trabatuta geratzen bazaizu, ze galdera horiek egin behar ditugu, noski, baina ezin gara galdera horietan etengabe egon. Eta hori ere kontatzen du liburuak.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina