Oihane Amantegi: “Gauza bukatugabeek uzten duten zapore horretaz aritu nahi izan dut oraingoan”

Oihane Amantegi (Argazkia: Iñigo Azkona)

Ibaiertzeko ipuina (Elkar) liburuarekin azaldu zen Oihane Amantegi literatur plazara, 2020an, eta bigarren liburua kaleratu du orain: Cayo Hueso (Elkar). Aurrekoa bezala, ipuin luzearen eta nobela laburraren artean dabil hau ere, eta, lehen lanean bezala, kontatzen duena ez ezik, kontaera zaindua da bigarren honen ezaugarri nagusietako bat. Joseba Sarrionandiak egin dio hitzaurrea. (Irakurri +)

Oihane Amantegik irabazi du Zazpikale saria

Bilboko Liburu Azokak antolatzen duen Zazpikale saria Oihane Amantegi zornotzarrak idatzitako Ibaiertzeko ipuina eleberriarentzat izan da aurten. Gaur goizean eman diote saria Bilboko Areatzan. Argazkian, Amantegi saria jasotzen Asier Muniategiren eskutik.

Oihane Amantegi – Ibaiertzeko ipuina – “Eztia” kapitulua

Georgiara iritsi baino lehen zoriontsu ziren gurasoak; gazte ere bai, eta agian gaztetasunaren eta zoriontasunaren arteko korrelazio zuzen horren ondorio logikoa baino ez zen haien egoera. Hori, eta beste pixka bat elkar ezagutu eta elkar maitatzearena ere bai, ziur aski. Horrek ere laguntzen du. Gazte ezkondu ziren, amak hamazazpi eta aitak hogei urte zituela. Ezkonberritan iritsi ziren Georgiako lur hauetara, Ochlockonee ibaiaren ertzean aitaren osaba batek utzitako lurretan etxea altxatzera.

Hezeak eta haizeak jandako oholtza pila hartan ekin zion bizitza berriari bikote gazteak. Egur multzo forma gabekoa zen hasiera batean etxea, baina teilatua gutxienez osorik eta salbu zeukan, eta ez da gutxi, teilatua erortzen uzten denetan uzten omen da eta etxea erortzen. Hala, baliatu zitezkeen oholak tratatu, bota beharrekoak bota eta berriak zerrategian hartuta zutitu zituen aitak paretak.

Paretetan leihoentzako zuloa egin eta kanpotik urdin kolorez margotu zituen leihozangoak. Gainontzekoa, zuriz jantzi zuen. Urtero margotu behar izaten zuen etxea berriz ere kanpotik, hezeak bereak eta bi egiten zituelako, baina ez zitzaion askorik axola. Margo zuri hark argia ematen zion inguruari eta amaren begitartea ere alaitzen zuen, eta hori aitari nahikoa baino gehiago zitzaion.
(Irakurri +)