Oihane Amantegi – Ibaiertzeko ipuina – “Eztia” kapitulua

Georgiara iritsi baino lehen zoriontsu ziren gurasoak; gazte ere bai, eta agian gaztetasunaren eta zoriontasunaren arteko korrelazio zuzen horren ondorio logikoa baino ez zen haien egoera. Hori, eta beste pixka bat elkar ezagutu eta elkar maitatzearena ere bai, ziur aski. Horrek ere laguntzen du. Gazte ezkondu ziren, amak hamazazpi eta aitak hogei urte zituela. Ezkonberritan iritsi ziren Georgiako lur hauetara, Ochlockonee ibaiaren ertzean aitaren osaba batek utzitako lurretan etxea altxatzera.

Hezeak eta haizeak jandako oholtza pila hartan ekin zion bizitza berriari bikote gazteak. Egur multzo forma gabekoa zen hasiera batean etxea, baina teilatua gutxienez osorik eta salbu zeukan, eta ez da gutxi, teilatua erortzen uzten denetan uzten omen da eta etxea erortzen. Hala, baliatu zitezkeen oholak tratatu, bota beharrekoak bota eta berriak zerrategian hartuta zutitu zituen aitak paretak.

Paretetan leihoentzako zuloa egin eta kanpotik urdin kolorez margotu zituen leihozangoak. Gainontzekoa, zuriz jantzi zuen. Urtero margotu behar izaten zuen etxea berriz ere kanpotik, hezeak bereak eta bi egiten zituelako, baina ez zitzaion askorik axola. Margo zuri hark argia ematen zion inguruari eta amaren begitartea ere alaitzen zuen, eta hori aitari nahikoa baino gehiago zitzaion.

Barruan, hiru gela banatu zituen: sukaldea eta egongela denak batera alde batean, logela bi beste aldean. Komuna kanpoaldean atondu zuen, etxearen atzeko partean.

Portxean, egurrezko arkupearen babesean, zumezko kulunkari bat. Bertan esertzen zen egunero zerrategiko lana bukatzen zuenean, zerbeza bat oinetan eta eskuz bildutako zigarroa ezpainetan. Eta nik esango nuke orduan pentsatzen zuela bizitza sinplea zela sarritan, eta sinpletasun horrek edertu egiten zuela existentzia bera.

Ibaiertzetik hain gertu bizita, Ochlockonee ibaiko urek, gaindi egiten zuten bakoitzean, indarrez hartzen zituzten etxe inguruko lurrak. Gurasoek, halakoetan, arnasari eutsi baino ez zuten izaten, urak noiz jaitsiko zain, egindako kalteak zenbatetsi ahal izateko. Kalteak  konponezinak suertatu ohi ziren urak gogor eginez gero, eta konpon zitezkeen urak azkar alde egitea erabakitzen bazuen. Hala suertatzen da bizitzan ere lantzean, badirela
konponezinak direnak, eta besteak, urari begira egon ondoren –luze begira egon ondoren–, bere lekura itzuliko direla ematen dutenak. Urak bere lekura bueltatzen zirenean, tupelo eztia batzeari ekiten zion amak, udaberrian beti. Ezkondu aurretik zeuzkan diru apurrak baliatuta, abaraskak erosi eta erraz ikasi zuen eztia lantzen, tupelo eztia.

Jaitsi kapitulu osoa .pdf-an

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina