Black is Beltza II: Ainhoa

2014 eta 2018 bitartean eman zuen argitara Fermin Muguruzak Black is Beltza proiektu transmedia: nobela grafikoa, erakusketa, dokumentala, liburu bi eta, jakina, animaziozko luzemetraia. Orain bigarren eztanda dator, Black is Beltza II: Ainhoa filma, komikia eta disko bikoitza, 1980.eko hamarkadaren berri emateko asmoz. Filma Donostiako belodromoan estreinatu zen irailaren 23an.

1965ean New Yorken Iruñeko erraldoiek egindako ibilerak gero eta soka luzeagoa dakar. Hortik abiatu zen Black is Beltza transmedia proiektua eta orain segida ematera dator Black is Beltza II: Ainhoa animaziozko luzemetraia. Izan ere, lehenengo filma 1967. urtean amaitu zen, protagonista, Manex Unanue, Euskal Herrira itzuli berritan. Jarraitzekotan, istorioa hurrengo hamarkadari lotuko zitzaiola ematen zuen, zain baitzeuzkan gure historia hurbila markatu zituzten gertakari zinez handiak. “Baina nire ibilbideak ezaugarriren bat badu –nabarmendu Fermin Muguruzak– hori haustura da, ustekabeko lema birak egitea. Kasu honetan, bigarren zatiarekin aurrerapauso handia egingo dugu eta, sanferminetako erraldoiek egiten duten bezala, geure buruaz dantzan, hogeita bat ur teko elipsia egingo dugu Amanda eta Manexen alaba protagonista bihurtuz: Ainhoa”.

Aurrekoan bezala, Harkaitz Canok eta Muguruzak berak idatzi dute gidoia, “lau eskuz”, Isa Camporen laguntzaz. Ainhoaren iniziazio bidaia 1988an gertatzen da eta munduko hainbat gatazkan barneratzera eramango du: Irak Iran gerra, Afganistan, Libanoko gerra zibila… eta, jakina, Euskal Herria. “Munduko arazoek bat egiten zute la erakusten du bigarren zati honek –azaldu du Muguruzak–, tokian tokikoa eta globala elkarri lotuta zeudela, eta globalizazioa hitza zergatik hasi zen orduan erabiltzen”.

Edonola ere, filmak emozioen bidez bideratu du trama, pertsonaien thriller puntuaren bila, baina, aldi berean, errealismoari muzin egin gabe. Bestaldetik, irundar musikariak aitortu duenez, “nire bizipen pertsonalez blai dago filma, 1988an hogeita bost urte bainituen”. Bizipen horietan leku aparta dauka heroinaren ondorioek (HIESa barne) ekarritako suntsipena. Erantzun gabeko galderez mugarritutako gaia da hori, oraindik ere.

DISKOA ETA KOMIKIA

Filmaz gain, Ainhoaren istorioa komiki bihurtu nahi izan du Fermin Muguruzak. Zeregin hori Susanna Martín marrazkilari katalanaren esku laga du. Beste estiloan irudikatu ditu Ainhoaren ibilerak eta bere kaxa egokitu dio luzemetraiaren gidoia komikiari.

Filmetik liburura beti egoten da aldea, biak marrazkidunak izan arren. Azkenean, arlo bakoitzak bere lege eta bitartekoak ditu. Martínen ahaleginaren emaitzak proiektu bera interpretatzeko beste modu bat eskaintzen du, beste baliabide batez sortua, erakargarria eta kitzikagarria. Komikia euskaraz ez ezik, katalanez, galizieraz eta gaztelaniaz argitaratuko da.

Baina proiektu osoaren lehenengo alea soinu banda originala biltzen duen diskoa izango da. Bertan daude 80. hamarkada Euskal Herrian eta munduko beste leku askotan erritmoa markatu zuten kantuetako batzuk. Besteak beste, Kortatu, RIP, Cicatriz, Barricada, Imanol, Mikel Laboa eta Joseba Tapia ageri dira. Mursegok Kortaturen Zu atrapatu arteren bertsio bat grabatu du. Eta haiekin batera, munduko bazter askotako musikak ageri dira: Irlanda (The Pogues), Libano (Soapkills), Kuba (Benny Moré)…

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina