Ikimilikiliklik: Ustekabeko oparia

ikimilikiliklik (2 cd) - Mikel Laboa / Artze Anaiak / J. A. ArtzeUstekabeko oparia da Ikimilikiliklik disko bikoitza. Artze anaiek eta Mikel Laboak 1975-76 urteen aldera zuzeneko kontzertu batean jotako piezak jaso ditu, erresistentzia kulturalaren erakusgarri. Inor gutxik espero zuenean agertu dira eta orain guztion esku daude, hala cd nola binilo formatuan.

Hazbete laurdeneko bobina zaharrak, kaseteak, liburuak, orri solteetan idatzitako poemak… J.A. Artzeren etxean aurkitutako material artistikoa altxor txiki bat zen. Etxean zeukan, senaren arabera antolatutako kartoizko kaxetan. 2018an handik jaso eta urtebete egin zuten Elkar musikako kideek hura antolatzen eta digitalizatzen.

Estudiora eraman zituzten bobinetako bat bereziki deigarria iruditu zitzaien. Kaxan, “Ikimilikiliklik” hitza boligrafoz idatzita ageri zen. Entzun zuten lehena izan zen, behin eta berriz entzun ere. Eta interesa zeharo justifikatuta zegoen. Batetik, oso kalitate oneko grabazioa zen, kontuan izanda zuzenean eginikoa zela eta 1975 edo 1976an, gainera. Bestetik, zuzeneko hark garai hartako erresistentzia kultural eta politikoaren isla zekarren. Ikimilikiliklik ikus-entzunezko espektakulu bat izan zen. 1975eko apirilean Algortan estreinatu eta 1978an oholtzaratu zen azkenengo aldiz, Parisen, amnistiaren aldeko jaialdi batean. 1976an Veneziako Biurtekoan Euskadi ordezkatu zuten ikuskizunetako bat izan zen. Ezin izan da zehaztu grabazio hori non eta noiz egin zen.

Ikimilikiliklik ikuskizun abangoardista eta berritzailea izan zen. Musika eta poesia uztartu zituen, proiekzio ikusgarrien laguntzarekin. Garai hartan hura guztia oso apurtzailea zen. Ikuskizun haren muntaia J.A. Artzeren lana izan zen. Mikel Laboak kantu tradizionalak abestu zituen, baina autore garaikideen testuak ere musikatu zituen: J.A. Artzeren beraren zazpi poema, Xabier Leteren bi eta Bertold Brecht-en bat. Bi pieza esperimental eta instrumental bat ere gehitu zituen. Halaber, ikuskizun hartan Artze anaiek txalaparta jo zuten eta J.A. Artzeren beste poema batzuk ere zabaldu zituzten, berak zuzenean errezitatuak edo ikus-entzunezkoetan proiektatuak, grabazioan ageri bezala (Gizona eta lana salbuespena da, Ez Dok Amairuk 1971n grabatutakoa erabili baita).

Ikimilikiliklik grabazio honen soinu-teknikaria eta egilea Jose Luis Zabala izan zen; argi-teknikaria, berriz, Bixente Karda. Jose Luis Zumetak margotu zituen programetan

edo proiek zioetan ikusten ziren txoriak, esate baterako, Gernikan. Ikimilikiliklik hitza Mikel Laboak Manuel Lekuonaren Literatura oral vasca liburutik hartu zuen kantu tradizional batean azaltzen da. 1969an estreinatu zuen Baga, biga, higa (Lekeitio 2) kantaren oinarri gisa erabili zuen Laboak testu hura.

70eko hamarkadako urteak ere, aurrekoak bezala, zailak izan ziren gure kulturarentzat. Erresistentzia kultural eta politikoa hainbat modutan adierazten zen. Kasu honetan nabarmentzekoa da entzuleek erakutsitako errespetua, arreta eta gogoa. Hau guztia kontuan izanik, grabazio historiko hau ezagutzea eta zabaltzea ekarpen handia da. Xabier Montoiak hitzaurrean aipatu duen bezala, “entzuleok merezi dugu ustekabeko opari hau”.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina