Harkaitz Cano: “Behar dugu poz bat norberarena, osoa ez izan arren”

Pozaren erdia soneto-bilduma argitaratu du Harkaitz Canok Susaren eskutik. Hamalau lerroko formatu klasikoa tresnatzat hartuz, gaztaroko oroitzapenak, naturaren behaketa eta idazletzari buruzko hausnarketak bildu ditu.

Aspaldi zen ez zenuela poema-libururik argitaratzen. Nola ekin zenion honi?

Poemak idazten jarraitu dut urteotan, bakanak izan arren, aleka-aleka, baina haietako asko bidean iraungi zaizkit, eta beste asko umezurtz geratu dira, aterpetuko dituen bildumarik gabe. Sorta heterogeneo hori beste karpeta batean daukat, soneto hauen ifrentzu anarkikoa dira, nolabait… Sonetoak itxialdi garaian hasi nintzen idazten, ariketa modura, ezustekoa izan zen niretzat ere, eta ederra da egiten ari zarenarekin zure burua harritzea. Teknika bat ikasten saiatu eta formatuarekin liluratu naiz, egia esan.

Leonora Carringtonen epigrafea kontuan hartuta: zailagoa da poesia idaztea narratiba baino?

Ez dakit zer esan… Poesia, oro har, patxadarekin lotzen da, baina poetak ez ote dira belozistak, 100 metrotan jokatzen dutenak dena? Hala dio Fabio Morabito poetak, partikula azeleratzaile bat dela poesia, gauzen mamira joatea ahalmentzen dizun mekanismo bat.

Eta galdera ezinbestekoa: zergatik sonetoak? «Solemnitateak» kalterik ekarri ez, eta «errimaren kortsea opari» gerta zitekeelakoan, beharbada?

Psikoanalista batek igual esango luke zoru irmoa behar nuela, zerbait ziurra eta arautua ziurgabetasunaren garaian, auskalo. Denok diziplina zorrotz baten menpe jarri gintuzten aroan, nik beste diziplina bat besarkatu nuen.

Teknika landu ahala, adikzio moduko bat garatu dut formatuarekiko, ohartu bainaiz zein ongi dauden diseinatuta. Sonetoaren errimen bariazioak berak, badu malgutasun bat nekea saihesten duena, errepikakorregi suertatu aurretik aldatzen baita.

Solemnitatea astuna da, alferrikako burokraziarekin, ponpeziarekin eta arau hertsagarri zaharkituekin lotzen dugulako, baina sistematikoki erauzi dugu gure bizitzetatik, eta gero iristen da hileta bat eta ez dakigu zer egin, zer esan, nola portatu… Horregatik diot, solemnitate “apur batek” ez digula kalterik egingo. Poeta eta formatu klasikoekin elkarrizketan sartzeak lagun lezake batzuetan.

Poemak irakurriz, motibo hauek etorri zaizkit gogora: haurtzaroko oroitzapenak, (naturaren) kontenplazioa, jolasa eta une txikiak harrapatzea. Ados zaude? Besterik gehituko zenuke?

Horiek dira nagusi, bai. Idazteari buruzko poema batzuk ere badira, zorion une iheskorren ehiza… Zure baitan dauden ideia, oroitzapen edo gai klasiko batzuei heltzeko gogoa dago hor. Pintore askok egiten duten legez paisajeekin, pietateekin, biluziekin, autoerretratuekin… Zeure buruari esaten diozu: soneto bihurtu behar banu nerabezaroko  paisaia bat, ze paisaia hautatuko nuke eta nola sartuko nuke hamalau lerrotan? Zuk lanaren erdia egiten duzu eta formatuak eta aukeratu duzun motiboak beste erdia, jendeak badakielako zertaz ari zaren. Akuarelatik oliora pasatzea bezala da, edo abstrakziotik figuraziora. Ez dakit oso ongi nola azaldu. Oihalaren tamaina txikitu da, edozein kasutan.

Pozaren erdia. G. K. Chestertonen aipu batetik dator poema baten eta liburuaren beraren izenburua. Bizitzaren erdi parteko aldarte bat ondo deskriba dezakeela otu zait.

Ditxosozko Danteren «Nel mezzo del cammin di nostra vita» ospetsua, ezta?  Hortxe daukazu neurtitz solemne bat, gure artean fortuna egin eta askotan aipatzen duguna… Une iheskorrak eta denboraren higadura hor daude, bizitzaren gontz horretara ailegaturik sortzen diren galderak, desagertu edo desbideratzeko tentazioak… Non bilatu poza? Gure esku al dago? Lehengo gauza berberek erakartzen al gaituzte? Jose Luis Otamendiren Poza eta gero hura izan dut gogoan. Haren azken poemarioan ere bada Pozaren gelaxka izeneko poema bat… Behar dugu poz bat norberarena, osoa ez izan arren…  “pozak poza hartzen baitu, nola su hartzen suak”.

Sonetoek egitura finko samarra eta errima dutela kontuan hartuta, ahoz gora irakurriak izateko egokiak izan litezke. Errezitalik edo egiteko asmorik duzu?

Agian, gustatuko litzaidake. Kontua da, irakurtzeko molde berri bat asmatu beharko dugula. Ingelesek eta frantsesek, gogaikarria ala ez, badute doinutxo bat sonetoak irakurtzeko, baina gurea? Zein ote? Galduta nago, ikasten ari naiz, laguntza eskatzen ari naiz adiskideei, edozein txokotan edonor harrapatu eta bat ematen diot bozgora irakur dezan… Batzuetan rapeatzeko tentazioa ematen du.

Zertan ari zara lanean?

Ziklo poetikoa ixteko, lehen aipatzen nizkizun beste poema horiek antolatu nahian nabil, Agian datorren urtean argitaratuko ditut: Pozaren beste erdia jarriko nioke izenburu, kar, kar… Poemario hau osatzeko edo nire buruari kontra egiteko, batek daki…

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina