Jokin Zaitegi Sariketa – Literatura Nobel Sariak euskaratzeko beka 2022

Annie Ernaux (Irudia: Wikipedia)

Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, urteko Literaturako Nobel saria irabazitako idazlearen lan bat itzultzeko erabiliko dena, ondorengo oinarrien arabera:

–2022an Suediako Akademiak Annie Ernaux idazle frantsesari eman dio Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua idazle horren La femme gelée eleberria itzularaztea da.

–Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, antolatzaileek proposatutako lagina euskaratu beharko du, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin sinatua; bestean, ezizen horren ostean dagoen itzultzailea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Lanak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 6ko gauerdian amaituko da.

–Itzuli beharreko testua antolatzaileek jarriko dute partehartzaileen esku: Annie Ernaux  (.pdf)

–Nora Arbelbidek, Aiora Jakak eta Joseba Urteagak osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2023ko urtarrila amaitu baino lehen.

–Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko da. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, sariketako diru-kopuruaren truke.

–Irabazleak 3.000 euroko saria irabaziko du La femme gelée itzultzeko; diruaren erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2023ko irailaren 31 baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.

–Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko du Annie Ernaux-en lana euskaraz, eta 2023ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza.

–Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

Harremanetarako:

liburuak@elkar.eus 943310267

aed@aedelkartea.eus 943771228

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina