Kopla dago muinean

Korrontziren hamargarren diskoak Xabier Amurizak sortu eta osaturiko hitzak eta Agus Barandiaranek sorturiko trikiti doinu askotarikoak biltzen ditu.

Kopla dago trikiti doinu, lan eta disko askoren oinarrian, baina ez guztietan derrigorrean. Korrontziren lan berriaren muin-muinean kopla dago, ordea. Eta, horretarako, koplari apartekoenetakoa (koplen sortzaile, behatzaile eta berreskuratzaile den heinean) izan dute bidaide. Xabier Amurizaren hitzok diskoaren liburuxkan topa litezke, entzungo denaren itsas-argi modura: “Koplaren estetika bizi eta politaren erabilera modernoa ala tradizionala kontzeptuen eta edukien gorabeheran dago. Nik neuk, disko honetan bezala, kopla baliatzen dut, bere mugekin, nahi dudan edo eskatzen zaidan edozein mezu kantatzeko. Hori bai, beti ere, hain estetika xarmagarri bati bihurdura mingarririk ez eragiten saiatuz”. Ezin zuen bestela izan eta Koplariak du izenburutzat Agus Barandiaran lemazain duen taldearen lan berriak, eta ezinbestean, egitasmoaren egiletza partekatua eta elkarlana aitortzen du azaleko sinadurak ere: Korrontzi & Xabier Amuriza. (Irakurri +)

Poetaren musika emari bildua

Xabier Leteren kantutegi musikal poetikoa biltzen duen antologia da Ni naiz, ibilbide oparo bat ardazten duten 22 piezaz osatua

Neguarekin joan zen Xabier Lete, orain dela hamar urte, 2010eko abenduaren 4an. Haren inguruko lanak ugaritzen ari dira aurten, heriotzaren urtemugaren abarora. Bere poetikaren eta idazle lanaren ingurukoak izan dira zenbait, eta orain, aldiz, haren kantugintza zabalaren bilduma antologikoa argitaratu du Elkarrek. Oraintsu arte Elkar diskoetxeko arduradun izan da Anjel Valdesek eta honela idatzi du antologiak dakarren liburuxka mardulean: “Bere kantutegiaren bidez Xabier Leterengana hurbiltzen garenean, konposizio poetiko-musikaletarako duen talentu erraldoiari erreparatu ez ezik, haren pentsamendu sakonaren mamiaz ere jabetzen gara”.

Bi cd-tan bilduta 22 kantuz osaturiko antologia lana da, Xabier Leteren bakarkako lan ugarietatik erauzitako 22 pieza. Beste asko ere izan zitezkeen, baina ibilbide baten arrasto-ardatz nagusiak ezaugarritzen dituzte. 60-70 hamarkadetan Herri-gogoa eta Artezi diskoetxeetan argitaratu diskoetatik, eta gerora Elkar diskoetxean plazaratuetatik aukeratuak, nagusiki. Ez alferrik, bilduma eta lehen cd-a hasten da Letek berak bere buruaz egindako deskripzio poetikoarekin, 1974ko Xabier Lete izenburuko diskoko Ni naiz enblematikoarekin, eta amaitzen da 1992ko Hurbil iragana diskoko Xalbadorren heriotza-rekin. Eta tartean dira Izarren hautsa (Kantatzera noazu, 1976), Haizea dator Ifarraldetik (Lore bat zauri bat, 1978), Ez dut amets haundirik (Kantatzera noazu, 1976), Neguaren zai (Eskeintza, 1991), San Martin, azken larrosa (Hurbil iragana, 1992), Errota zaharra (1965- 1968 artean Loiolako Herri Irratian Joxemari Iriondok erregistratutako saioetatik aukeratua da), Habanera (Eskeintza, 1991) eta Itsasoan urak handi (Kantatzera noazu, 1976). (Irakurri +)

Ruper Ordorika … Kafe antzokain ….

Kafe Antzokian izenpean jaio da Ruper Ordorikaren disko berria, zuzenean grabatu eta argitaratzen duen hirugarrena. 2018ko abenduaren 15 eta 16an Bilboko Kafe Antzokian eskainitako kontzertuen emaitza zaindua biltzen du eta aurretik toki berean grabatu eta argitaratutako diskoen esperientzia aberastera dator: Gaur (Esan Ozenki Records-2000) eta Hamar t´erdietan (Elkar-2008).

Bere ibilbide luzeko hainbat estudio diskoetan argitara tutako hamalau kanturi erreparatu die Ruperrek, lan bikain honi bizigarria bezain atsegina den ideia musikal poetiko bat erakartzeko. Bertan daude Guria ostatuan (Ahots urrunak), Lurrean etzanda (Bizitza eder denean, Zerutik gertu ez da ondo egoten, Egia da), Hodeien azpian (Nirekin geratu), Haizea garizumakoa (Zure etxera noa), Memoriaren mapan (Lera zakurren balada), Kantuok jartzen ditut (Esan gabeko arrazoia), Hurrengo goizean (Hargiñenean), Dabilen harria (Hemen nago, Beltzarana), So´ik´so (Belauniko), Ez da posible (Ez da posible) eta Hiru truku I (Zazpi nobio). (Irakurri +)

Gozategi taldearen “Chiquitaco can tac” single berria entzungai

Udaren hasierarekin batera, gure herrietako gau giroak alaitasun sentikorrez beteko dituzten erromeriak piztu dira iada zoko-bazterretan.

Plazetan azken 25 urtetan aintzindari den Gozategi taldearen G puntua (Elkar) azken diskoko kantu batekin eman nahi diogu ongi etorria udarari, aurten ere euskal musika nagusi izan dadin gure artean: Chiquitaco can tac.

(Irakurri +)

Gozategi taldeari elkarrizketa “G puntua” diskoari buruz

Abesti berririk argitaratu gabe zortzi urte luze egin ondoren, eskuartean dugu  Gozategi taldearen itzulera diskoa. G. da bilduma berri honen izenburua. Ez da erraza izan, baina Zingel single-kantuaren bideoklip grabazio egunean harrapatu ditugu Iñigo Goikoetxea eta Asier Gozategi.

Galdera: Zortzi urte ez al da gehiegi ezer argitaratu gabe egoteko?

Iñigo: Asierrengatik izan balitz aspaldi atera behar zuen disko honek, baina gure bizitzek bide ezberdinak hartu dituzte azken urte hauetan, eta bakoitzaren erritmo hori errespetatu nahi izan dugu. 25 urte baino gehiago egin ditugu elkarrekin, eta ez genuen presakako ezer probokatu nahi.

Asier: 2012an egin genuen All Stars bilduma lana eta handik aurrera hasi nintzen ni kantu berriak izan zitezkeen ideiekin telefonoa betetzen. Joan den urtean 25. urteurrena eta guretzat oso bereziak izan diren kontzertuak etorri ziren. DVD eta CDa ere Durangorako eta horrekin ez nuen nahikoa, beste pauso bat behar nuen eta segituan hasi nintzen beste hauek berotzen… (Irakurri +)

Maitte-maitte: Negar eta barre, munduan urtebete

Musikaren onurak anitzak dira adin guztietan. Musikaren indarra hitza isiltzen denetik aurrera azaltzen den bezala, hitza agertu aurretik ere gailentzen da, bizitzaren lehen urtean, haurraren ikasketa eta garapen prozesoan estimuluak sortzen baititu erruz.

Musikak, bestaldetik, haurra lasaitzen laguntzen duelako edo, arrazoinamendu konplexuen eremura argia ekartzen du eta plazerraren eta segurtasunaren sentsazioekin itsasten da gogoan, inteligentzia emozionala elikatuz. Musikarena lengoaia afektiboa eta bateratzailea da, hizketan ikasi aurretik batez ere.

Maitte-Maitte disko-liburuak haurra jaio eta urtebetera bitarteko bizipenak eta etxekoen sentimenduak eta emozioak jaso nahi ditu. Gure tradizioko kantu eta doinu aski ezagunak lehenengo bizipen horien soinu-banda izateko proposamenarekin. (Irakurri +)