Baditu gure literaturak bere itsasoak eta badu gure itsasoak bere literatura

Edertasunezko orrialde zenbaezinak zor dizkio euskal literaturak itsasoari. Arbasoak izan ditugu Ternuako basamortu izoztuetan, kapitainak Groenlandian eta lemazainak ontzietan. Itsasoaren indarrak konjuratu dituzte eta denen artean idazle garaien kofradia bikaina osatu dute.

Irakurri besterik ez dago Axularren Gero. “Itsasoak haserre denean, bere gaitzaldiak dituenean, badirudi iretsi behar duela mundua. Orduan halako moldez irakitzen du, non baldin bridarik ezpalu, manatua ezpalego, lur guztia estal baillezake”. Itsasoa eszenatokitzat hartzen duenean, Urdazubiko idazle jenialak indar metafisikoak konbokatzeko gaitasun sobrenaturala erakusten du, ikaratzeko modukoa. Axularren barrokismoak itsasoan aurkitzen du bere loria. “Badu itsasoak bere xedea, bere marra, bere mugarria eta zedarri iakina, zein baita kosta eta kostako sablea, harea eta legarra. Han hautsten da, han baratzen da, han gaitzago eta urguilluago bada ere, ematzen eta sosegatzen da”.

Antzeko zerbait esan dezakegu Agosti Xahori buruz ere. Euskaldunen herri literaturan bilatu zuenean hainbat pasarte eder jaso zituen gure idazlerik erromantikoenak, baina nire ustez ederrenak itsas kantuetakoak dira. Ingalaterrako erromantiko garaienak ere enamoratu egingo lirateke irakurriko balute nola deskribatu genuen Ternua euskaldunok: “Mortu hotza / Eremu triste arrotza / Laboratzen ez den lurra, / Neguan bethi elurra”. XX. mendearen hasieran, Txomin Agirrek itsasoko jendeari egindako gorazarre erromantiko batekin abiarazi zuen gure eleberrigintza eta Macondoren aurrerakari den Arronondo mitologiko batean idatzi zuen Kresala, gure itsutasun kritikoak gehien azpibaloratu duen lanetako bat, azpibaloratuena ez bada. 

Itxasora! deitu zion bere poemarik epikoenari Lauaxetak, Arestiren mailu poetikoarentzat harrobi lirikoa goldatu zuen idazleak. Sinbolismoaren eraginpean idatzitako kantu bizigarri horretan, gure poeta fusilatuak kemenez bizitzera deitu gintuen, ia profetikoak diren hitzak erabilita: “Ibillaldi au ezta bixitzan amaituko / Behin ontziratu danik barriz ezta itzuliko”.

Itsasoak ez dauka aitzakiarik literaturan: istorio interesgarriak ematen ditu, eszenatoki apasionantea da eta botere sinboliko ikaragarria dauka. Alonso de Ercilla bermeotar jatorriko idazlearen La Araucana, Ameriketan idatzitako thriller epikoa, itsasoan bukatzen da, hondoraketa batekin eta itsasoan abiatu zen gure modernitate poetikoa, Gabriel Arestik aleman barku bat ikusi zuenean, Zorrotzako portuan atrakatzen. Emakumeon poesia berri bat iragarri zigun poemario zoragarriari Itsasoko izaki deitu zion Amaia Lasak; gizon berriaren aleluia kantatu zuenean “hainbeste ontzi” idatzi zuen Mikel Lasak, “ene begietako itsasoan”; eta nigatik balitz Koldo Izagirrek beti idatziko luke itsasontziei buruz, portuan, Non dago Basques’ Harbour hartako unibertso zoragarrian. Misterioaren ministerio bat konpartitzen dute itsasoak eta poesiak, eta argitu ezinezko misterio horri saudadez begiratzen diogu guk, lehorrekook, nahiz eta Angel Erro poetak idatzi zuen bezala ez dakigun gure poemetako marinelak “zeren minak ote dauden, zeren”.

Narratibari dagokionez ez naiz ni idazlerik onena gurean itsasoak izan duen garrantziaz hitz egiteko, horretarako beste Jimenez batekin hobeto moldatuko zela esan nion duela hamar urte kazetari bati, gai honi buruzko erreportaje baterako deitu zidanean eta Piztien itsasoa trilogiaren idazlea gomendatu nionean. Ez dakit deitu ote zion, ez dakit aitari berari inoiz galdetu ote nion. Egia esan, ez daukat gogoan zer gertatu zen erreportajearekin baina ez dut inoiz ahaztuko ze zirrara eragin zidan Sukar ustelaren urtea liburuaren hasierak. Gure lehen esaldien artean, eta ageriko motiboak tarteko, ez daukat besterik nire bihotzetik hain hurbil dagoenik. Bost berba baino ez, “Argiaren azken pausalekua da Lisboa”, eta hortik aurrera, dena da itsasoa, dena literatura.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina