Baditu gure literaturak bere itsasoak eta badu gure itsasoak bere literatura

Edertasunezko orrialde zenbaezinak zor dizkio euskal literaturak itsasoari. Arbasoak izan ditugu Ternuako basamortu izoztuetan, kapitainak Groenlandian eta lemazainak ontzietan. Itsasoaren indarrak konjuratu dituzte eta denen artean idazle garaien kofradia bikaina osatu dute.

Irakurri besterik ez dago Axularren Gero. “Itsasoak haserre denean, bere gaitzaldiak dituenean, badirudi iretsi behar duela mundua. Orduan halako moldez irakitzen du, non baldin bridarik ezpalu, manatua ezpalego, lur guztia estal baillezake”. Itsasoa eszenatokitzat hartzen duenean, Urdazubiko idazle jenialak indar metafisikoak konbokatzeko gaitasun sobrenaturala erakusten du, ikaratzeko modukoa. Axularren barrokismoak itsasoan aurkitzen du bere loria. “Badu itsasoak bere xedea, bere marra, bere mugarria eta zedarri iakina, zein baita kosta eta kostako sablea, harea eta legarra. Han hautsten da, han baratzen da, han gaitzago eta urguilluago bada ere, ematzen eta sosegatzen da”. (Irakurri +)

Zure gorputzaren liburu kutunak

Emozioa. Sentimenduaren atarian sentitzen dugun bulkada. Pentsamenduak osatu baino lehen gorputzak gutaz dakiena. Hotzikara bat, urdailak bapatean hartzen duen pisua, eztarrian egiten zaigun korapiloa. Buruak gorputza duela uste dugu, agintea, kontrola, esana. Baina gorputzak ere badauka burua, desirak, ezagupenak, intuizioak. Badaki irakurtzen. Baditu bere liburu kutunak.

Komediak, adibidez. Gorputza barre karkailetara mugitzen duten mekanismo liluragarri horiek. Metroan edo autobusean edo trenean irakurri ezin diren komedia eroak, absurduaren soka begiz begi eraikitzen dakitenak. Tom Sharpe, esaterako. Tom Sharpe debekatuta egon beharko litzateke garraio publikoan. Gai da trenean bagoi guztia irakurle bati begira jartzeko, purrustadaka barrea ezkutatzen duen bitartean, erdi lotsatuta, ezin barrearen lurrikarari eutsi. Hori da Sharperen eta komiko jenial askoren meritua: zentzugabekerien ingeniariak dira, eroaldia argumentu bilakatzen dute. Barreak badu mekanika zientifiko bat, fisiologikoa ere badena, eta komediante ankerrenek soilik ulertzen dutena, bizitzaren egia eta gaiztakeria elkarrekin doazela dakitenek. Gorputzak izugarri maite ditu barrearen alkimistak eta bizitza osoan oroitzen ditu barre algaratan irakurritako liburuak. Eduardo Mendozaren Sin noticias de Gurb, John Kennedy Toole-ren La conjura de los necios.

Odola loditzen dutenak ere nekez ahazten dira. Musu baten deskribapenarekin edo pertsonaia batek ahopeka esan duen zitalkeriarekin hankarteari zirrara bat ateratzen diote. (Irakurri +)