Zure gorputzaren liburu kutunak

Emozioa. Sentimenduaren atarian sentitzen dugun bulkada. Pentsamenduak osatu baino lehen gorputzak gutaz dakiena. Hotzikara bat, urdailak bapatean hartzen duen pisua, eztarrian egiten zaigun korapiloa. Buruak gorputza duela uste dugu, agintea, kontrola, esana. Baina gorputzak ere badauka burua, desirak, ezagupenak, intuizioak. Badaki irakurtzen. Baditu bere liburu kutunak.

Komediak, adibidez. Gorputza barre karkailetara mugitzen duten mekanismo liluragarri horiek. Metroan edo autobusean edo trenean irakurri ezin diren komedia eroak, absurduaren soka begiz begi eraikitzen dakitenak. Tom Sharpe, esaterako. Tom Sharpe debekatuta egon beharko litzateke garraio publikoan. Gai da trenean bagoi guztia irakurle bati begira jartzeko, purrustadaka barrea ezkutatzen duen bitartean, erdi lotsatuta, ezin barrearen lurrikarari eutsi. Hori da Sharperen eta komiko jenial askoren meritua: zentzugabekerien ingeniariak dira, eroaldia argumentu bilakatzen dute. Barreak badu mekanika zientifiko bat, fisiologikoa ere badena, eta komediante ankerrenek soilik ulertzen dutena, bizitzaren egia eta gaiztakeria elkarrekin doazela dakitenek. Gorputzak izugarri maite ditu barrearen alkimistak eta bizitza osoan oroitzen ditu barre algaratan irakurritako liburuak. Eduardo Mendozaren Sin noticias de Gurb, John Kennedy Toole-ren La conjura de los necios.

Odola loditzen dutenak ere nekez ahazten dira. Musu baten deskribapenarekin edo pertsonaia batek ahopeka esan duen zitalkeriarekin hankarteari zirrara bat ateratzen diote. Eta irakurtzen jarraituz gero tanta lodi, bero bat ere bai, eserita zauden lekuan deseroso senti araziko zaituena, inor begira baduzu. Horregatik ez, Milo Manara ere ez litzateke leku publikoetan irakurri behar. Bere liburuetan emakume ederregiak agertzen dira eta gauza zikinegiak gertatzen zaizkie. Tropic of Capricornio lanean Henry Millerrek amorruz beteriko mundua imajinatzen zuen, pasioa, akzioa, drama, ametsak, extasia eta eromena izango zituen mundua, hankartean dinamoak dituzten gizon eta emakumeen mundua. Idazle batzuk, Manara kasu, mundu horretan bizi dira eta Hanif Kureishik Intimitatea ederrean zioen bezala idazten dute: arkatza bigun eta zakila gogor. Inkisiziorik gabeko orrialdeetan berotu garenok beti gogoratzen ditugu hankartea urtu diguten liburuak.

Baita begirada erre digutenak ere.

Nola ahaztu horiek? Eskuaren haurrarekin begia malkoz libratzera behartu gaituzte, ezin izan dugulako irakurtzen jarraitu. Negar hori orrialdez orrialde eraikitako uholdea izan liteke, narrazioan izan dugun interesak gugan eragin duen olatuaren gailurra. Nola ez dugu negar egingo? Heroiarekin joan gara, bere itzaletan barrena, lortuko zuela sinetsi dugu, berak ere sinesten ez zuenean eta orain bidaia bukatzen ikusi behar dugu edo hiltzen edo maite zuen zerbaiti adio esaten, irabaztea merezi zuen borroka bat galtzen, edo irabazten! Negarrak memoria itzela dauka, gogoratzen du Bastian Baltasur Bux umeak azkenean aita besarkatu zuela, Adriano enperadorea begiak zabalik hil zela, Philip Marlowe detektibeak lagun bakarra egin zuela eta Hans Magnus Enzensbergerren anarkistek galdu behar ez zen gerra galdu zutela. La historia interminable, Ez Adiorik, Adrianoren Oroitzapenak, El corto verano de la anarquía. Nola ahaztu.

Tarteka, liburu hoberenen zerrendak egiten dira edo egile kanonikoen hautuak proposatzen dira. Denak dira interesgarriak, askok halako zerrenda batek izan ditzakeen meritu guztiak dituzte eta batzuk gorputzaren dardarak gogoan izanda egiten dira. Horiek dira gehien maite ditudanak, literaturaren historia egiteko, gorputzaren memoria egiten dutenak.

Egin zuk ere saiakera. Gogoratu -eta berrirakurri, behar bada- zure gorputzaren liburu kutunak.

Zeintzuk dira?

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina