Hamarkada bat haurren irakurzaletasuna bultzatzen

Hamar urte beteko ditu aurten elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketak. Hamar urte haur eta gazteengan irakurtzeko eta marrazteko grina pizten. Denbora horretan milaka izan dira Euskal Herriko txoko guztietatik lehiaketan parte hartu duten gaztetxoak eta milaka sortu dituzten ipuin eta ilustrazio ederrak. Zein zaila izan den lan zoragarri horien artean irabazleak aukeratzea!

Urtetik urtera parte hartze handiagoa lortu du elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketak. 700 ilustrazio aurkeztu ziren lehen edizioan eta urteak pasa ahala haur eta eskola gehiago izan dira beraien lanak aurkeztu dituztenak, iaz 9.400 lan jaso ziren arte.

Bide horretan, idazle eta ilustratzaile handi askoren laguntza eta babesa eduki du urteroko hitzordu honek. Haiek egindako ipuin eta ilustrazioak izan dituzte oinarri haur eta gazteek. Joxean Ormazabalen ipuin zoragarri batekin hasi zen martxan eta ondoren etorri ziren Xabier Mendiguren, Mitxel Murua, Joxean Urbieta, Antton Kazabon, Alaine Agirre, Txiliku, Peru Magdalena eta Ana Jakaren lanak. Ilustratzaileen artean, berriz, Jokin Mitxelena, Alex Orbe, Eider Eibar,  Patxi Gallego, Iban Barrenetxea, Exprai , Martintxo eta Axpiren eskuek sortutako irudiak izan dira gazteek ipuin bihurtu dituztenak. Azken bi urteetan, gainera, koxkorrenek komiki bat osatu behar izan dute, gai bat oinarri izanda.

Irabazle suertatu diren haur eta eskolek ere sari ederrak jaso dituzte. Jolas hezitzaile sorta bikainak, Irrien Lagunen ikuskizunak eskoletan, ikasgela guztiarentzako txangoak Laboral Kutxak eskainita, libbukak, tabletak eta beste hainbat sari zoragarri.

Hamargarren urtea izango den honetan, ohiko ilusioarekin itzuliko da urtarrilean elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketa, baita sari ederrekin ere! Zaude adi eta 16 urte baino gutxiago baduzu, parte hartu zuk ere! Irakurriz, idatziz eta marraztuz gozatu dezagun!

             
     
Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina