Elkar diskoetxeko udaberriko nobedadeak

Elkar diskoetxeak 2021eko udaberrian kaleratuko dituen nobedadeen zerrenda kaleratu berri du. Ondorengo hauek dira:

SERGE, Leihotik mundura
Lan berriarekin pauso erraldoi bat eman du SERGE-ek. Gari Berasaluzeren olerki sortarekin ondutako “Enarak itzuli dira” estreinako diskoarekin abiatu zuen bere bakarkako hegaldia. Orain, aldiz, norbere iparrorratza erabiltzearen hautua egin du, bere odol eta izerdiz idatzitako abestiekin, gainezka egiten zieten sentimenduekin, askoz ere proiektu pertsonalagoan.

Debuteko lanean bezalaxe, Zestoako Gaztain estudioan aritu da grabatzen Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean, 2020ko ekaina eta uztaila bitartean. Zortzi dira “Leihotik mundura” osatzen duten abestiak. Entzulea konplize eta bidaide hartzeko adina indar duten istorioak dira, luma delikatuarekin eta poetikoarekin idatziak. Bere doinuek, badute argi izpirik behelaino artean. Itxaropenari zabalduta dagoen leihoa ere bada mundura atera duena, udaberrian berriro enarak itzul daitezen. Baldin eta inoiz joan badira…

Maila ertaineko kanpaina: CDak 4,95 € eta CD-DVDak 5’95€
Martxoaren 5etik apirilaren 12ra, gure katalogoaren zati bat merkeago eskainiko dugu. 4,95 euroren truke, zure bilduman behar-beharrezkoak diren diskoak aurkituko dituzu. Barricadakoak gazte-gazteak zireneko sendotasuna, Deloreanen eklektizismoa, Mikel Urdangarinen edo Rafa Ruedaren popa… Gustu guztiak asebetetzeko moduko musika prezio ezin hobean. Eta 5,95 euroren truke, berriz, CD-DVD aukera zabala. Ezin duzu paso egin.

Bisitatu elkar.eus y elkar denda-sarea.

ESAN OZENKI RECORDS. 1991-2021. 30 urtez!
Zigiluaren 30. urtebetetzea dela eta, edizio berezi batzuk prestatzen ari gara. Halaber, maiatzean eta ekainean, katalogoaren zati zabal bat prezio berezietan ere eskainiko dugu, zehatz-mehatz, 3,95 euroren truke.

Gainera, abentura hau abiarazi zuen GURE JARRERA ezinebesteko diskoaren edizio berezia aurkeztuko dugu. Merezi duen bezala gogoratzeko, apirilaren 20an edizio berezia aurkeztuko dugu binilo bikoitzean, aspalditik deskalogatuta dagoen GORA HERRIA maxia ere barne hartuko duela.

Negu Gorriak-en gainerako diskoak ere berrargitaratuko ditugu, irailean:
HIPOKRISIARI STOP! Bilbo 93-X-30
IDEIA ZABALDU
SALAM AGUR

Halaber, Anestesia taldearen “Fenix Tour” birarekin bat eginez, Anestesiaren lehen EPren oso berrargitalpen zaindua egingo dugu, “Toki berean”12” eta 45 rpm-etan. Disko mitiko honetatik oso kopia gutxi egin ziren, eta berreskuratzea eta eguneratzea zor historikoa da.

Azkenik, jakinarazi nahi dizuegu apirilaren 20an ESAN OZENKI RECORDSen izenean Youtube kanal bat irekiko dugula. Bertan, zigiluaren bideoak eta material interesgarria orain arte ez dena egon sarean aurkitu ahal izango dituzue.

ETXEKALTE eta HABI banda berri interesgarrienetako bi dira. Single bat partekatuko dute. Bi kantak joan den urtarrilean grabatu zituzten Elkar estudioan, Víctor Sánchezen zaintzapean.

Bira bat elkarrekin egin behar dutela eta, bi kanta hauek grabatu dituzte, banda bateko zein besteko musikariak elkarren artean nahastuta (bateria-jotzaileak salbu). Gitarra bizi-biziak, erritmo sendoak, errepika gogoraerrazak eta egungo eszenako bi ahots onenetako bi. Ondorioa? Bi kanta bikain!

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina