“Kantu bat gara” disko-liburua, herri bat kantu bihurtuta

Bertsolari, abeslari eta kantuen letren idazle. Hiru arlo horietan aritzen da Jon Maia Soria. Letragintzan egindako 30 urteko ibilbide oparoaren lagin bat Kantu bat gara disko-liburuan jaso du. Uzta horretako hainbat ale aukeratu ditu paperean argitaratzeko –tartean, Negu Gorriak, Ken Zazpi, Gozategi, Anari edota Garirentzat eginiko kanta ezagunak–, eta abesti horietako batzuen bertsioak biltzen dituen diskoarekin osatu du lana. Emaitza “epopeia sentimental bat” da, Xabier Amurizak hitzaurrean dioenez.

Negu Gorriak-en Gure jarrera diskoko letrek 30 urte bete dituztela hartu duzu aitzakiatzat esparru horretan egindako lana biltzeko. Sarri ezkutuan geratzen den letragilearen lanari aitortza egiteko asmoa ere egon da proiektu honen atzean?
Letragintza nire jarduerarik luzeenetako, konstanteenetako eta lan bolumenaren aldetik handienetako bat da. 18 urterekin hasi nintzen eta gaur egun jarraitzen dut letrak idazten. Nire kasuan, idatzi ditudan letra guztiak propio kantua izateko idatziak izan dira, eta nire taldeentzat (Karidadeko Benta, Hezurbeltzak) egin ditudanak izan ezik, denak enkarguz izan dira. Letra horiek hamaika diskotan sakabanatuta daude, ez daude paperean argitaratuta, eta horren testigantza utzi nahi nuen. Izan ere, genero berezia da letragintza, hibrido bat, eta ez dauka ikusgarritasun zehatz bat. Erdi ezkutuan dago. Horrekin batera, interesgarria iruditu zait letragintzari eta kantuaren formatuari buruzko nire hausnarketak ere jasotzea.

“Bidaia” izeneko testu-zatian, letragilearen eta musikariaren arteko elkarlanaz zenbait zalantza- galdera agertzen dituzu, eta ondorio gisa zera diozu: “Ni naiz baina bera da, eta bera da baina ni naiz”.

Zuk idazten duzu baina aurpegia berea izango da. Zure mezu, istorio, ideologia eta idazkera estilo horren zabaltzaile, aurpegi, irudi eta ahots bera izango da. Hor dago jolasa: zuk idazten duzu baina berak kantatzeko modukoa izan behar du; bera eroso sentitu behar da zuk idatzi duzunarekin. Ni erabat baldintzatua sentitzen naiz kantugilea nor den, bere musika mota zein den, bere ideologia zein den zentzurik zabalenean, bere estetika zein den, eta saiatzen naiz egokitzen baldintza horietara. Inportanteena ahots propio bat edukitzea da, ez dahainbeste kalitate literarioa; nire letra askok ez dut usteaparteko kalitate literarioa dutenik, ez baitut hori bilatzen letra bat idazten dudanean; bilatzen dut kantuarentzat onena dena, nire ahotsetik eta nire galbahetik pasata.

“Lehen maiuskulaz idazten nuen nik. Orain gauzak aldatu dira”, aitortzen duzu liburuan. Horren adibidea da idatzi duzun azken letra, Hondartzako muxuaren himnoa, zeinean hauxe diozun: “Gaur ez dut kantatu nahi epika, nahiagodut muxu bat hondartzan”.

Kantu asko idatzi ditut gure egoera politikoari lotuak, eta batzuk intentzionalitate guztiz, Itsasoa gara kasu. Aro politikoaren aldaketa izan genuenean, pentsatu nuen gertakizun historiko horiek behar dutela girotze bat, bere banda sonoroa, eta kontzientzia horretatik idatzi ditut hainbat. Orain egoera ez da hainbeste maiuskulaz idaztekoa, baizik eta letra txikiarekin eta xehetasun gehiagoz idaztekoa. Lehengo zuri ala beltz hori asko matizatu da, nik ere sentitzen dut hori, gauzak ez ditut hain sinple ikusten, eta nire letretan islatzen da. Oraingo letragintzan ere asko ikusten dut hori, lehen baino gehiago dira intimoa eta politikoa lotzen dutenak, zeharkako gauza gehiago daude. Lehen gehiago ziren mezu politiko zuzenak.

“Belatzaren hegaldia” atalean, mendez mende gaurdaino iritsi diren hainbat kantu herrikoi ekarri dituzu gogora, nolabait herri gisa definitzen gaituena kantua dela aldarrikatzeko.

Hori da nire ideia liburu honetan: kantuaren aldarrikapena egitea eta kantuaren proiekzioa egitea, norbanako zein herri bezala. Gizakiak adierazteko modu bat sortu zuen orain dela milaka urte, eta euskarazko kantua ere milaka urtetatik iritsi zaigu gaur egunera. Galdu ez den formatua da, buztinezko ontziak bezala, aurrehistoriatik datoz eta gaur arte iraun dute. Belatzaren sinbolismoa hartu dut libururako, Zuberoako kantu mota hori niretzat oso iradokitzailea delako. Artzainak belatzaren hegaldia imitatzen zuen ahotsarekin. Hori izugarri ederra da: hegazti baten hegaldia kantu bihurtu daiteke. Magia da. Transformazio hori da niretzat herri honen identitatearen funtsa. Gu gara kantu bihurtu den herria. Berdin du juridikoki edo administratiboki zein formatu dugun, beti izango gara kantu bat. Gure kantuak iraungo du garena garela, eta gure kantuak irauten badu guk ere iraungo dugu.

Ez zara nonbait liburuarekin ase geratu eta disko bat ere grabatu duzu hainbat kanturen bertsioekin.

Diskoan nahi nuen artistikoki zerbait aportatu eta horretarako talde bat osatu dut Pello Ramirez (biolontxeloa), Gorka Hermosa (akordeoia) eta Nacho Sotorekin (pianoa). Bakoitzari lauzpabost kantu eman dizkiot eta libre utzi diet nahi duten bertsioa egiten. Niretzat luxuzko talde bat da, eta uste dut musikalki oso bertsio interesgarriak direla. Kanturik ezagunenetako batzuk bildu ditut (Nirekin, Lehenbiziko bala, Gora Herria, Zaharra zara Bilbo, Non geratzen den denbora, Itsasoari begira…) baina denetarik egon dadin saiatu naiz. Eta grabazioan hainbat kantarirekin abestu ahal izateko ohorea izan dut, esaterako Garirekin, Mikel Urdangarinekin, Aire Ahizpekin, Xabier Amurizarekin, Asier Etxeandiarekin, Anton Latxarekin… Sekulako oparia izan da.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina