Serge: ‘Musikalki inoren lurretan banengo bezala sentitzen dut ene burua’

Eraso!  rock gogorreko musika taldean ibilbide luzea egina du Sergio Ruiz G-Txabarrik (Zarautz, 1975). Oraindik ere gogoz eusten diote jardunari, baina bakarko ibiliari ere ekin zion duela bi urte. Gari Berasaluzeren poemak ardatz hartuta osatu zuen Enara itzuli dira diskoa. Pandemia garaia baliatu du bigarren lana ontzeko, eta oraingoan berak idatzi ditu kantuak zein hitzak, barneko kezka-bulkadari irteera emanez. Zortzi kantuk osatzen dute Leihotik mundura.

Leihotik begira sortu dituzu kantuok. Zer ikusi duzu pandemia garaiotan?

Bai. Leihotik begira sortu ditut kantuok. Horrexegatik jarri diot izenburu hori. Leiho bat, gitarra, eta nire kezkak. Pandemia garaian egin nituen kantu guztiak. Pertsonalki ez nengoen nire momenturik onenean, gero pandemia heldu zen, eta bat-batean konturatu nintzen gauza asko nituela esateko. Terapia modura erabili dut kantuen sorrera, burua beste leku batera eramateko aukera eman dit.

Enarak itzuli dira plazaratu zenuen 2019an. Oso denbora gutxira dator bakarkako bigarrena. Zure ahots propioa aurkitu duzun seinale eta plazaratzeko beharra sentitu duzu?

Ez nuen pentsatua. Gainera oraindik Enarak itzuli dira-ren biran nengoen murgilduta. Eraso!-rekin ere bagenbiltzan kantu berriak sortzen, eta ez neukan denborarik, eta ez nuen beharrik sumatzen ere. Gero dena zapuztu zen eta ezin genuen entseatu. Bakarlari izateak alderdi onak eta txarrak ditu, eta barruko beldurrei eta eztabaidei aurre eginez hasi nintzen kantu berriak sortzen.

Ordukoan Gari Berasluze idazle eta adiskidearen hitzak erabili zenituen. Orain zeu arduratu zara.

Bai. Oraingoan banuen zer kontatu eta biluzte horretan nik idatzi ditut kantuen hitzak, bat ezik, Amaitu gabeko puzzleak kantua. Gariren poema eder bat musikatu dut. Enarak itzuli dira biran egin genituen errezitaldiak poemak eta musika uztartuz, eta poema hau entzun nuenean barruak astindu zizkidan.

Eraso eta Osso taldeetan luzez aritu zara metal doinuak lantzen. Soinuarekiko begirada ere aldatu egin zaizu?

Ez dut uste, baina soinuarekiko begirada handitzea bai, baliteke. Aurten Eraso!-rekin 25 urte betetzen ditugu elkarrekin eta oso gustura sentitzen gara momentuz kantu berriak sortzen, baina ezagutzen nauenari ez zaio arraro egin ni horrelako mobida baten sartu izana. Eraso!  beti izan da musika gogorrari loturiko taldea, baina taldea aztertzen baduzu, kantuek oso ikuspegi zabalak izan dituzte, gogorra eta leuna uztartuz.

Mina, amorrua nabari dira; baina inguruneari erreparatuz beti ere… Intimoa eta soziala uztartzen dituzu?

Idazten hasten naizenean, nire gertuko gauzei buruz idazten dut. Niri mina edo sentipen bat sortarazten didaten gauzei buruz, alegia. Eta horrek gai sozialetara ere eraman izan  nau. Eraso!-rekin 25 urte daramatzat kantuak idazten… eta bakarlari moduan kantuak beste tonu bat hartzen badute ere, azkenean ni naiz kezka horri buruz idazten duena.

Esperantzarako tarte bat ere uzten duzu: esaterako, Gorde itzazu malkoak kantuan.

Denok ditugu egunak, ezta? Hau idazten nengoela leiho ondoan gitarrarekin… ba egun hobeagoa izango nuen edo… eta nire oroitzapenen inguruan nenbilen idazten, ahanzturaren atal bat izango balitz moduan… Gogoratzen duzun heinean bizirik dirauen seinale. Horrekin jolastu nahian nenbilen.

Gitarra duzu ardatz? Baina gainerako instrumentuz jantzi duzu lana, giro atmosferikoak sortuz. Zeuk egin duzu dena?

Gitarra da ardatza. Baina kantuen biluztasun hori jantzi nahi izan dut sintetizadore eta  erritmoekin, lehenengo diskoan bezala. Horretarako, lehen diskoan bezala, Eñaut Gaztañaga ekoizlearekin egin dut lan. Kantuak janzteko ideia apartak ditu eta duen espektroa oso zabala da; argi neukan berarekin lan egin nahi nuela, horrelako proiektu minimalista bat janzteko. Eraso!-rekin grabatzen ezagutu nuen eta argi geratu zitzaidan bakarkako lana berarekin grabatuko nuela. Lehenengo lanarekin alderatuz beharbada disko honetan gehiago jantzi ditugu kantuak.

Keak iraun bitartean idatzi dituzu kantuok. Ondoren…?

Ondoren, ez dakit. Benetan. Gogoratzen dut nola nire lehen lana argitaratu nuenean lagunek, taldekideek etab… esan zidaten asko gustatu zitzaiela, eta ea hurrengoren bat noizko. Esaten nien ez nuela uste beste bat aterako nuenik, disko batekin nahikoa nuela eta begira, bi urte baino lehenago nire bigarren diskoa kaleratu dut. Baina orain duela bi urte bezala pentsatzen jarraitzen dut. Orain da ondoren, eta orain kontzertuak lotzea da buruhaustea, ze ez dira garai onenak horretarako.

Izan duzu bakarlariri erreferenterik?

Duela hamabi urte entzun nuen For Emma Forever Ago diskoa, Bon Iverrena. Bertan aurkitu nuen bakardade horrek txunditu ninduen. Hor hasi zen nire barruan zerbait astintzen bakarlari moduan zeozer egin ahal izateko. Baina bai asko gustatzen zaizkit Dabid Bazan, Brian Fallon, Rafael Berrio, Rafa Rueda, Mice, Sufjan Stevens, Sun Kil Moon, Damien Jurado, Enric Montefusco, Anari, Petti eta beste hainbat…

Ildo berean ikusten duzu zeure burua?

Ez dakit … Nire burua ez dut inon ikusten. Musikalki inoren lurretan banengo bezala sentitzen dut ene burua. Hasieran arraro egiten zitzaidan baina gero bertute bat bezala sentitu ohi dut. Baina, adi, hori nire pertzepzioa da…. gero ziur naiz musikari askok izango dutela horren sentsazioa.

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina