Katebegiak: Euskal prog-rock, psych-folk & jazz-rock musika (1972-1985)

70eko hamarkada oso emankorra izan zen euskal musikaren arloan. Horren erakusle dira, besteak beste, Errobi, Haizea, Izukaitz, Itoiz, Itziar, Enbor, Lisker, Koska, Amaia Zubiria eta Pascal Gaigne. Rock progresiboa, jazz-rocka edo psikodelia, euskal folkarekin ederki uztartu zuten. Hala ere, oro har, itzalean geratu izan dira, aurreko eta ondorengo hamarkadetako doinuen oihartzunetik urrun. Orain DJ Makalak haien kanten bilduma aukeratu du. Bi formatutan eskura daiteke: binilo gatefold (2LP) edo liburu-CDa.

Euskal musikaren XX. mendeko bigarren erdiaren histo­rian bi foku dira nagusi, eta haien distira indartsuak itsu­tu egin gaitu narratiba bat eraikitzen saiatu garen ba­koitzean. Alde batetik, 60ko hamarkadan Ez Dok Amairu kolektiboaren jaiotzak eragindako euskal identitate kul­tural berri eta harroa. Bestetik, 80ko hamarkadako Rock Radikal Vascoren eztanda bortitz iraultzailea.

Gure oroimen kolektiboan iltzatuta geratu diren artis­ta “klasiko” gehienak foku baten edo bestearen pean eman ziren ezagutzera: Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Lour­des Iriondo edota Xabier Letetik Kortatu, Hertzainak, Zara­ma, Las Vulpes, Eskorbuto eta Cicatriz­era.

Zoritxarrez, 70ko hamarkadako musika bi foku horien itzalean geratu izan da eta sarritan ez du beste biren pareko ospe eta oihartzuna jaso euskal entzulego eta gizartean. Horixe da bilduma honen helburua, garai har­tako korronte anitz eta aberatsak ezagutzera eman eta, bide batez, aitortza egitea.

Mikel Makala DJ da aukeraketaren arduraduna eta proiek­tu honen bultzatzaile nagusia. Japonia, Brasil edo AEBko binilo zale eta bildumagile amorratuen artean abesti eta disko hauek duten estimuak bultzatu zuen.

Izan ere, 60ko eta 80ko hamarkaden arteko “katebegi gal­du” baten moduan, 70ko euskal musikari haiek, 60koen antzera, sustraietako instrumentu, doinu, eta erritmoen­ganako mirespenari eusten zioten eta aldi berean, 80koak bezala, EHtik kanpoko korronte musikalei adi aritzen ziren.

Euskal folkaren moldatze horretan jazz­rock, prog eta psikodeliaren eremuetara ekarri zuten, izugarrizko tre­bezia teknikoz eta sof istikazioz eraikitako doinuetan. Grateful Dead, Fairport Convention, King Crimson edota Kataluniako Maquina!, Pau Riba, Jaume Sisa eta Smash edo Triana andaluziarrak zituzten inspirazio eta eredu. Arazo soziopolitikoak guztiz alde batera utzi gabe, lirismo eta abstrakzio handiagoko letrak eta egiturak lantzen zituz­ten abestietan, sarritan iraupen luze eta anbizio artistiko handiko pieza konplexu eta liluragarrietan.

Bildumako doinuen artean Errobi, Haizea, Izukaitz, Itoiz, Itziar, Enbor, Lisker eta Koska moduko artisten altxorrak aurkituko dituzue, eta bide batez, haien obratan murgildu eta areagotzeko gonbit bihotz­bihotzekoa. Katebegiak bildumarekin batera bi harribitxi hauek berrargitaratuko dira: Amaia Zubiria­Pascal Gaigneren Egun argi hartan eta William S. Fischerren Akelarre sorta bat. Ez galdu aukera.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina