Kopla dago muinean

Korrontziren hamargarren diskoak Xabier Amurizak sortu eta osaturiko hitzak eta Agus Barandiaranek sorturiko trikiti doinu askotarikoak biltzen ditu.

Kopla dago trikiti doinu, lan eta disko askoren oinarrian, baina ez guztietan derrigorrean. Korrontziren lan berriaren muin-muinean kopla dago, ordea. Eta, horretarako, koplari apartekoenetakoa (koplen sortzaile, behatzaile eta berreskuratzaile den heinean) izan dute bidaide. Xabier Amurizaren hitzok diskoaren liburuxkan topa litezke, entzungo denaren itsas-argi modura: “Koplaren estetika bizi eta politaren erabilera modernoa ala tradizionala kontzeptuen eta edukien gorabeheran dago. Nik neuk, disko honetan bezala, kopla baliatzen dut, bere mugekin, nahi dudan edo eskatzen zaidan edozein mezu kantatzeko. Hori bai, beti ere, hain estetika xarmagarri bati bihurdura mingarririk ez eragiten saiatuz”. Ezin zuen bestela izan eta Koplariak du izenburutzat Agus Barandiaran lemazain duen taldearen lan berriak, eta ezinbestean, egitasmoaren egiletza partekatua eta elkarlana aitortzen du azaleko sinadurak ere: Korrontzi & Xabier Amuriza. (Irakurri +)