Ekaitz Goienetxeari “Zaldi mamarroa”ri buruz egindako ELKARRIZKETA

Ekaitz Goienetxea kazetariak Zaldi mamarroa kaleratu berri du. Iaz Igartza beka irabazi ostean, buru-belarri aritu da han aurkeztutako proiektua borobiltzen. Bere lanaren inguruan gehiago jakiteko, hemen Teresa Larreak egindako elkarrizketa:

Ekaitz Goienetxea izen berria da batzuentzat euskal letren plazan. Aurkeztuko diguzu zeure burua?

Hamaika saltsatan ibiltzen den bat, eta nobela hau idaztearena izan da azken urteko saltsarik handiena. Gaur egun, kantineroa eta komunikazio behargina naiz. Kazetaritza ikasi nuen duela dozena bat urte, prentsan aritu nintzen hasierako urteetan, gero marketin arloan ibili naiz gehiago, eta, azken aldian, literaturan ere banabil.

Idazten aspalditik zabiltza, beraz, baina hau da zure lehen liburua. Zer da: orain sentitu duzu beharrizana ala zirkunstantzia egokiak elkartu dira, edo zein izan dira faktore eragileak?

Zirkunstantzialetik asko eduki du, baina ez bakarrik. Gaia aspalditik neukan buruan, heroinak zelako eragina eduki zuen nire herrian. Tarteka, informazio edo anekdota berriren bat entzuten nuen, eta horrek bai mantentzen zuen jakin-mina biztuta, radarra abante beti, baina sekula idaztera serio paratu barik. Duela urte eta erdi, proiektua Igartza bekara aurkeztu nuen. Esloveniatik nentorren, egonaldi literario baten ostean, eta nekarren aldarteak bultzatuta-edo animatu nintzen. Gainera, azken urtea zen aurkez niontekeena, adinagatik. Urte hartako uda amaitzean esan zidaten nire proiektua aukeratu zuela epaimahaiak, kantinako lanengatik erdi ahaztuta neukanean. Poza bai, baina sustoa ere galanta ere hartu nuen. Bekak behartu nau behingoz buruan aspalditik nuen gaia lantzera eta nobela osatzera. (Irakurri +)

Ekaitz Goienetxearen “Zaldi mamarroa” eleberriaren aurrerapena: Izaro

Ekaitz Goienetxeak Igartza saria irabazi zuen iaz, eta orain orduan aurkeztutako lan harek Zaldi mamarroa izenpean argia ikusi du. Datorren ostegunean, martxoaren 1ean, Donostiako elkar liburu-dendan aurkeztuko du Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren editorea eta CAFeko eta Beasaingo Udaleko ordezkariekin. Arratsaldean, berriz, Igartza Jauregian sari-banaketa izango da.

Lan berri hau irakurtzen hasteko aukera paregabea ondorengoa: Izaro kapitulua aurrerapen gisa.

Positibo.

Haurdun zeuden.

Arresi kaleko farmaziatik atera zirenean Itziri losako baldosak zikinegiak iruditu zitzaizkion. Behegainean jesarri nahi izan zuen, zorabioaren bertigoari eusteko. Farmaziatik atera zirenean, Gaizkari iruditu zitzaion norbaitek zerbait esan behar zuela egoera hartan, eta ez zitzaion beste ezer hoberik bururatu ezkondu egin beharko zutela esatea baino.

«Ba ezkondu egin beharko dugu, ezta?».

Izarok lotsarik gabe eta umore handiz kontatzen ditu bere gurasoen gaztetako gorabeherak klasekideen aurrean.

Unibertsitateko kanpusean eguzkiak atsegin berotzen du, urri hasierako eguerdi epel honetan. Gizarte eta Komunikazio fakultatearen kanpoko aldean, porlanez inguratuta, zelai karratu bat, eta erdian haritz argal bat. Zuhaitzaren alboan jesarri dira Izaro eta klasekideak, belartzan. Erle bat dabil hegaka inguruan. Badira udazkenean loratzen diren haziak, antza.

Jarraitu kapitulua irakurtzen (.pdf)

 

Elkar argitaletxeko 2018ko udaberriko nobedadeak

Elkar argitaletxeak ondorengo nobedadeak argitaratuko ditu datozen hilabeteetan:

LITERATURA

Zaldi mamarroa (Igartza Saria)
Ekaitz Goienetxea

Ehunka gazte hil zituen herrian zaldiak; edo haren gainean etorri zen hiesak. Baina hura ez zen izan belaunaldi motel, triste bat; aitzitik, musika, sexua eta parranda maite zituzten, amets, jolas eta borroka egin zuten, eta bizitzak zekarzkien aukera guztiak deskubritu nahi zituzten. Baita heroina ere.

Hainbat ahotsez osaturiko lan koral bat da hau: Izaro eta Unatz, Gaizka eta Itzi, Mikel eta Sonia, Aingeru eta Joxemigel… Haien guztien oroitzapenak eta bizikizunak josiz ondu du Ekaitz Goienetxeak bere estreinako eleberria, 80ko hamarkada eta gaurko garaia, Uria eta Herria lotzen dituena; gordina eta zikina batetik, lirikoa eta ederra bestetik

Neska bat leku inposiblean
Xabier Amuriza

Zamorako apaiz-kartzelan, Euskal Herriaren aldeko eta eliz hierarkia konplizearen kontrako borrokan sarturiko apaiz talde bat daukate giltzapeturik. Beste edozein presok bezala, ordea, haiek ere ihes egin nahi, eta 1970. urtean tunel bat hasi dira egiten, lurpean eskabatuz.

Oinarri historiko zehatz eta egiazko horren gainean eraiki du Xabier Amurizak (bera ere abade presoen talde horretako kide izana) eleberri hau, baina elementu fantastiko bat erantsiz: neska bat agertzen da espetxe barruan, apaizei beren ihes-ahaleginean laguntzeko. (Irakurri +)

Ekaitz Goienetxea XIX. Igartza Sariaren irabazlea

Ekaitz GoienetxeaEkaitz Goienetxea izan da aurtengo Igartza Sariaren irabazlea. Hemeretzi urte betetzen ditu Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek; deialdi honetan hamabost proiektu aurkeztu dira, eta Karramarroa trostan izeneko eleberri proiektua irabazletzat jotzea adostu dute Ana Jaka, Igor Estankona eta Peru magdalena epaimahaikideek.

Karramarroa trostan: Gaurko pertsonaiak bat eta 80ko hamarkadakoak, bi garaiak uztartzen dituen istorio batean, Bizkaiko itsasertzeko herri batean girotuta. Egungo gazteen kezkak eta arazoak ikusiko ditugu, batetik, eta baita haien gurasoen belaunaldia markatu zutenak ere, ahots desberdinen polifonia landuko duen teknikaren bidez, eta bizitzaren gorazarrea izan nahi duen narrazio bat osatuz, melengekeriarik gabe baina. (Irakurri +)