Ekaitz Goienetxeari “Zaldi mamarroa”ri buruz egindako ELKARRIZKETA

Ekaitz Goienetxea kazetariak Zaldi mamarroa kaleratu berri du. Iaz Igartza beka irabazi ostean, buru-belarri aritu da han aurkeztutako proiektua borobiltzen. Bere lanaren inguruan gehiago jakiteko, hemen Teresa Larreak egindako elkarrizketa:

Ekaitz Goienetxea izen berria da batzuentzat euskal letren plazan. Aurkeztuko diguzu zeure burua?

Hamaika saltsatan ibiltzen den bat, eta nobela hau idaztearena izan da azken urteko saltsarik handiena. Gaur egun, kantineroa eta komunikazio behargina naiz. Kazetaritza ikasi nuen duela dozena bat urte, prentsan aritu nintzen hasierako urteetan, gero marketin arloan ibili naiz gehiago, eta, azken aldian, literaturan ere banabil.

Idazten aspalditik zabiltza, beraz, baina hau da zure lehen liburua. Zer da: orain sentitu duzu beharrizana ala zirkunstantzia egokiak elkartu dira, edo zein izan dira faktore eragileak?

Zirkunstantzialetik asko eduki du, baina ez bakarrik. Gaia aspalditik neukan buruan, heroinak zelako eragina eduki zuen nire herrian. Tarteka, informazio edo anekdota berriren bat entzuten nuen, eta horrek bai mantentzen zuen jakin-mina biztuta, radarra abante beti, baina sekula idaztera serio paratu barik. Duela urte eta erdi, proiektua Igartza bekara aurkeztu nuen. Esloveniatik nentorren, egonaldi literario baten ostean, eta nekarren aldarteak bultzatuta-edo animatu nintzen. Gainera, azken urtea zen aurkez niontekeena, adinagatik. Urte hartako uda amaitzean esan zidaten nire proiektua aukeratu zuela epaimahaiak, kantinako lanengatik erdi ahaztuta neukanean. Poza bai, baina sustoa ere galanta ere hartu nuen. Bekak behartu nau behingoz buruan aspalditik nuen gaia lantzera eta nobela osatzera.

Zure nobelaren garaia zure jaiotzarena da gutxi gorabehera. Zergatik jo duzu orduko sasoietara?

Jakin-minagatik. Akordu gutxi dauzkat ordukoak, baina, kontatu dizkidaten gauza gehienak urte buelta hartan kokatu dizkidate askok, orduan egon zela halako bum bat heroinarekin. Badaukat akorduren bat geroagokoa, ni gaztetxoa oraindik, liburu-denda batera joaten nintzela Asterix eta Obelixen liburuak erostera, eta hango liburuzaina gaixotu egin zela egun batetik bestera. Amak kontatu zidan ‘drogarengatik’ izan zela, urte askoan utzita zeukan arren, beranduago eraso ziola, itsu geratu zela eta hilabete gutxiren buruan zendu. Hori da heroinarekin lotuta daukadan lehendabiziko oroitzapen pertsonala.

80ko hamarkada, heroina, hiesa… Zer dute berezia giro, gai, garai eta inguru haiek?

Gauza asko, eta denak ezin kabitu nobelan. Gaziak asko, baina gozoak ere bai. Gehien gustatu zaizkidan kontuak bizipenekin zerikusia dutenak izan dira, zelako lotsabakoak ziren; gehien kolpatu nautenak, ordea, zeinen azkar amaitu zitzaien dena askori. Derrepente. Liburuan agertzen da, adibidez, kontatu zidaten istripu bat. Zentro batetik irten zuen lagun talde batek, elkarrekin, eskiatzera. Pistatik atera ziren, dibertigarria izango zelakoan. Zuhaitz baten kontra jo zuten, batak bestearen atzetik, eta aurretik zihoana paraplejiko geratu zen, zer eta desintoxikazio prozesua gainditu eta gero. Hori kontatu zidaten egunean, niri zerbaitek kra egin zidan barruan. Pentsatu nuen: joder, hemen badago zer kontatua.

Idazketa baino lehenago dokumentazio-lana ere egin beharko zenuen.

Batez ere testigantzak bildu ditut. Dozena erdi elkarrizketa egin ditut grabagailua mahai gainean ipinita, eta gero joan nahiz hemendik eta handik oharrak hartzen. Liburu handi bi ere eduki ditut alboan, kontsultarako: Justo Arriolaren A los pies del caballo eta Antonio Escohotadoren Historia general de las drogas. Hain zuzen, batak bestearen kontrako irakurketa politikoa egiten dute. Eta tira: argazki zaharrak, uholdeen urtekoak, bideoak… Eta musika, musika pila bat, para barik.

Oso nabarmena da teknika korala; aipatzen dituzun elkarrizketa horien ondorioa izan zen, edo aurretiko erabaki literarioa, edo…?

Literarioa baino gehiago, diskurtsiboa. Nik ez neukan diskurtso propio bat, ez gaiari ez garaiari buruz. Horregatik egin nituen elkarrizketak, eta horregatik nekien neuk ere, hasieratik, nobela ikuspegi anitzetatik kontatutako istorioa izango zela. Agian erredaktore nintzeneko erreportaje generoak kutsatuta? Igual bai. Hasieran, testigantzetatik informazio asko eta oso interesgarria bildu nuen, baina horrek arazoak ere eman dizkit: dena gobernatu nahian, jariotasunik ezin topatu. Kontatu zidatenari fidela izan guran, trabatuta ibili naiz hasieran. Pertsonaiekin nahi izan dudana egiten hasi nintzen arte. Fidel izateari utzi eta zenbat eta fikziorago eraman, orduan eta askeago aritu naiz, eta eskerrak, bestela ez nuelako nobela sekula bukatuko. Hau da, liburuko pertsonaiak testigantzatarrak dira jaiotzez, baina hazi eta bizi fikzioan egin dira.

Bermeo izan daitekeen baina aipatzen ez den Herri batean kokatu duzu. Zergatik?

Pertsonaiekin bezala, espazioarekin ere antzeko zerbait egin behar izan dut, libreago idazteko. Gorputzak eskatzen zidan. Larregi hausnartu bako zerbait izan da, baina, konturatu nintzen trankilago idazten nuela Herri izendatuta Bermeo izendatuta baino. Eta espazioak ere, benetakoak barik, asmatutakoak dira. Izaro irla du aurrean, adibidez, baina Karkaba taberna ez da existitzen, eta beste espazio batzuk ere abstraktuagoak dira. Bermeo zehatz bat beharrean, Bermeo-moduko zeozer da Herria. Berdin gertatzen da Uriarekin: Bilbo izan zitekeen, baina oso fikziozko Bilbo da, oroitzen den hiri bat, fisikoa ez dena.

Oso deigarria da erabili duzun erritmoa, paragrafo luze eta laburren artean estilo berezi bat sortuz.

Bai. Hori ere oso intuitiboki atera zait. Erritmoa edo doinua edo, ez dakit zer den. Horrela atera zait: parrafo batzuk eta gero blaust, tarteka esaldi-kolpe bat, “adi: hau garrantzitsua da” adierazteko modu bat-edo. Edo pausa bat, besterik gabe. Uste dut hori neure zera bat dela, tarteka testutik burua altxatu eta pentsatzen hasten den irakurlea naizelako. Oso irakurle txarra, portzierto: begirada liburutik sarri altxatu eta burua adarretatik joaten baitzait. Bisualki lerro horiek lagun dezakete haria berreskuratzen.

Beste elementu aipagarri bat: animalien presentzia, haien irudi etengabeak. Kontrapuntu moduko bat da, badu sinbolismotik zerbait…?

Gura barik okurritu zitzaidan behin, paragrafo batean ipini, eta gustatu egin zitzaidan nobela osorako. Izan dezake sinbolismotik batzuetan. Baina nik espero dut irakurle bakoitzak bere irakurketa propioa egitea (eta gero bakoitzak kontatzea bueltan, hori asko disfrutatuko nuke). Badu arnasa hartzetik ere asko, margolaria bere koadrotik aldentzen denetan bezala, perspektiba irekitzeko. Horrelako zeozer. Batzuetan laguntzen du pertsonaien dramak erlatibizatzen, distantzia hartzen.

Irakurlea ohartuko da ez zarela epailea, ez dituzula protagonistak juzgatzen, errudun ala errugabe.

Nor naiz ni ba halakorik egiteko?

Bide batez: askotan aipatu izan da Estatua ote zegoen 80ko hamarkadako heroina sartzearen atzean. Zure pertsonaia batek defendatzen du teoria hori, beste batek ukatzen. Ekaitz Goienetxeak badu iritzirik?

Sendorik eta dokumentaturik ez behintzat. Elkarrizketetan galdetu eta, gehiago-gutxiago, susmo bera agertzen zuten denek: bazela ezkutuko eskuren bat, poliziarena, estatuarena edo zerbait. Baina galdetu arte ez zidan inork ateratzen gairik. Bakoitzak bere bizipenak edo oroitzapenak eztabaida horretatik urrun kokatu izan ditu elkarrizketatu ditudanean, gaiak ez zeukan zentralitaterik. Hau da: kontsumitzen zuenak, horretan pentsatu gabe egiten zuen. Hiesa eta heriotza ere, iruditzen zait indiferentzia berberarekin tratatzen zituztela: gurago ez pentsatu, bajoia handiegia baita.

Ez zara batere konplazientea izan gaurko gazteekin. Iraganari buruzko ezezagutza kritikatzen diezu, besteak beste.

Eta laurogeiko urteak ez ditut idealizatzen, hala ere. Ordutik hona aldatu diren gauzak oso gutxi direla iruditzen zait. Teknologia bai, asko, baina bizioak oso gutxi. Nobela idazteak eragin didan zerbait da orduko garaia oso hurbil sentitzen dudala orain: atzo gertatu balitz bezala. Edo agian neu naiz zahartzen hasita dagoena, eta daborduko banabil gaur egungo gazteen aurka marmarrean. Ama Birjinak salba nazala.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin