Abian da Jokin Zaitegi Saria
Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, urteko Literaturako Nobel saria irabazitako idazlearen lan bat itzultzeko erabiliko dena, ondorengo oinarrien arabera:
- 2024an Suediako Akademiak Han Kang idazle hegokorearrari eman dio Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua idazle horren Barazkijalea eleberria itzularaztea da.
- Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan, bakarka nahiz taldean. Horretarako, antolatzaileek proposatutako lagina euskaratu beharko du, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin sinatua; bestean, ezizen horren ostean dagoen itzultzailea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Lanak aurkezteko epea 2024ko abenduaren 31ko gauerdian amaituko da.
- Azpiko pdf-an dago itzuli beharreko jatorrizko lagina; kontuan izanik gutxi direla koreeratik zuzenean euskaratzeko gauza direnak, gaztelaniazko eta frantsesezko bertsioak ere eskaintzen dira lagungarri, idazleak berak hala gomendatuta. Zubi-hizkuntza gehiago ere erabil ditzake itzultzaileak, norbere nahien eta gaitasunen arabera. Dena dela, lagina euskaratzeko zer hizkuntza erabili d(it)uen zehazteko eskatzen zaio hautagaiari.
- Xabier Etxeberriak, Joannes Jauregik eta Leire Vargasek osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2025eko urtarrila amaitu baino lehen.
- Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko da. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, sariketako diru-kopuruaren truke.
- Irabazleak jatorrizkotik zuzenean ez baizik zubi-hizkuntzaren bat erabilita lan egingo balu, antolatzaileek koreera eta euskara menderatzen dituen aditu baten laguntza eskainiko diote, eta hark gainbegiratuko du itzulpen osoa.
- Irabazleak 5.000 euroko saria irabaziko du Barazkijalea itzultzeko; diruaren erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2025eko irailaren 30 baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.
- Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko du Han Kangen lana euskaraz, eta 2025eko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza.
- Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.
Barazkijalea |
Barazkijalea |
Barazkijalea |
Harremanetarako:
liburuak@elkar.eus 943310267
aed@aedelkartea.eus 943771228
Erlazionatutako Albisteak
- ← Sexu-heziketarako bilduma, haurtzarotik nerabezarora
- Dani Martirena: “Gure liburuak politikoak dira, baina ez dira moralizanteak” →