Gazteen irakurketetan igerian

Haur eta gazte literaturaren eremuan, topikoak dira nagusi: haur eta gazteek ez dute irakurtzen, edozer argitaratzen da eurentzat, eskolak ez ditu irakurleak prestatzen, teknologia berriekin liburuak galduko dira…. Eta topikoak, errepikatzearen poderioz, egiatzat hartzen dira. Eta esaten eta entzuten dien horiek gezur osoa ere ez dira, egiatik zerbait badaukate.

Nire ustez, haur eta gazteek irakurri irakurtzen dute, inoiz ez dute hainbeste irakurri: gaur egungo populazioa eskolatuta dago; udal liburutegiek, aurrekontu oraindik baxuak izan arren, funtzionatzen dute; argitaletxe berri eta ausartak sortzen dira, eta egile eta kolektibo ugarik beldurrik gabe jorratzen dute autoekoizpenaren bidea.

Irakurketa ohiturei erreparatuta, irakurle gaztea oinarrian ez da gaurko irakurle heldu gehienen jokatzeko eratik asko aldentzen, biak entretenimenduaren eta gai “atseginen” bila dabiltza, gordintasunari muzin egiten diote, estiloan deskripzio gutxi eta elkarrizketa ugariko irakurketak nahi izaten dituzte, norabide zuzena dutenak, ezustekorik gabe eta ariketa estilistikorik gabe. Gaurko irakurleek erritmo azkarra eskatzen dute, amaierara iristeko gogo bizia dute eta ezer ez da amestutako irakurketa erlaxagarritik aldendu behar. Oro har, irakurle gazteak zer gertatu behar den jakin nahi izaten du hasieratik, ez du tranparik edo gezurrik nahi, are gutxiago obra kanonikorik.

Horiek horrela, gazteentzakoa literatura baino “paraliteratura” da: pertsonaia eskematiko eta estereotipatuak, hizkuntza estandarizatua, sinplea eta errepikakorra. Kontakizunak “jarraitzeko” pentsatzen eta bideratzen dira, arrakastatsuak izateko, telesailak izango balira bezala. Idazlea “marka” bihurtzen da, zein da Geronimo Stilton?, zein da Bat Pat? Izan ere, gazteak merkatuaren erabiltzaile eta kontsumitzaile sutsuak dira: musika, jantziak, zinea… Identifikazioa da amua, eta batzuetan are gehiago, imitazioa. Idazleak gazteekin “mimetizatzera” jotzen du, beraiek hitz egiten duten bezala hitz egiten du elkarrizketetan, ikuspuntu berdina dute, munduari modu berean begiratzen diote. Gogoeta saihestuz, distantzia ironikotik at, irakurlea harrapatzea da helburua, kontakizunari lotzea.

Liburua produktu bihurtu da, eta edozein objektu kontsumo marka iturri bihur daiteke. Helburua “best-seller” bat aurkitzea da, medioen arreta eskuratzea, irakurle galduak bilatzea, eta, zentzu horretan, lantzen dituzte argitaletxe garrantzitsuenek irakurle gehiago eskuratzeko estrategiak.

Proposamenak

Honaino, nire ikuspuntutik haur eta gazteen egungo tendentzien zenbait argi-ilun; proposamen batzuei heltzeko tenorea iritsi zait, eta ea gai honen inguruan lanean gabiltzanoi gogoeta egin edota martxan jartzeko balio digun.

Sortzaileen kopuru handiagoa behar dugu, egungoa ez baita nahikoa merkatuak bere buruari ezarri dion erritmoari aurre egiteko.

Liburu produkzioari begira, premia komertzialei baino premia kulturalei erantzun beharko litzaieke: liburu eta genero aukera zabala eskaini; erritmo azkarreko eleberriak ez ezik, geldoagoak ere bai, eta irakurterraza izatea ez dadila izan liburu baten bertute edo kalitatearen ezaugarri.

Euskarazko liburuen eskaintzari dagokionez, komikiak nahi ditugu. Gauza jakina da genero mota hau arrakastatsua dela gazteen artean, eta azken urteotan gorakada bat izan bada ere,

oraindik 10-13 urte bitarteko haurrentzat ezer gutxi dago, eta adin horretan hasten da komiki irakurlearen zaletasuna garatzen.

Klasikoak ugari, izan egokitzapenak edo jatorrizko edizioak, baina ilustratuak eta testu zaindua izango dutenak. Oraindik ere badugu zer itzuli munduko gazte literaturaren panoramatik, eman diezaiegun testu kanonikoei aukera berri bat.

Ezagutza liburuak ere behar ditugu, irakurle guztiek ez baitituzte aisialdirako eleberriak irakurri nahi, esperientzia estetikoa zein emozionaletik urrundu nahi diren irakurleak badira; informazio liburuek irudimena garatzeko espazioa eskaintzen dute, mundua erakutsi egiten dute, dena ez baita fikzioa.

Irakurketaren bitartekariei begiratuta, berriz, koordinazio eta konplizitate aktiboa sustatu beharrean gaude, liburu denda, irakasle, guraso, bibliotekari eta beste erakunde batzuen arteko indarrak batuta. Bitartekariak trebatu ere egin behar dira. Batzuetan entzuten dut liburuen zerrenda itxiak eman ordez, hobe dela ikasleei aukeratzen uztea, baina zeren artean eta zeren arabera hautatuko dute? Aukerak egiteko aurretiko jakintza behar da; jakintza falta bada, ausaz aukeratzen da, edo liburuaren edukiarekin zerikusirik ez duten alderdien arabera. Zentzu horretan, ezin aipatu barik utzi eskolak liburuak aukeratzen jakiteko tresnak eman beharko lituzkeela eta haur-gazteak irakurle aktibo bilakatzeko bidean jarri.

Nahitaez aipatu behar ditugu irakurle komunitateak. Potentzial handia daukate, aisialdian irakurtzea atsegin duen gazteari tresnak ematen baitizkiote, euren adinekoek “arrarotzat” ez hartzeko. Hor daukagu, adibidez, booktuberren fenomenoa. Bestalde, telebistan irakurketari eskainitako programak izango bagenitu, edo interneteko foro gehiago non espazio komunean irakurzaletasuna partekatzeko aukera egongo litzatekeen, “desberdina” sentitzen den irakurlea indartu egingo litzateke, “ahaldundu” alegia.

Askotan aipatu da eta benetan esanguratsua da familiaren funtzioa ezein jardueratan aritzeko, etxean jasotzen dira maiz gogoa eta kuriositatea. Gazte sasoian irakurtzeko ohitura moteltzen bada ere, gurasoek ondoan jarraitu beharko luketela uste dut, haur garaian egon diren moduan, inplikazioa adieraziz, interesa agertuz eta haurtzaroan piztu zuten grina mantenduz, eta baita eskolako irakurketak ezagutuz. Horrela, bada, seme-alaben gustu eta disgustuak zeintzuk diren gertutik jakingo lituzkete. Sinpleegia iruditzen zait gazte irakurketaren erantzukizuna irakasleengan soilik uztea, eta, umeak heltzen doazen neurrian, euren irakurzaletasunaren ardura etxeko esparrutik ateratzea.

Amaitzeko, nik uste dut irakurri nahia (ala beharra?) pizten dela irakurketa bizipen bihurtzen denean. Horra hor gakoa! Eta horretarako jarduera librea izatea komeni da, irakurri irakurtzeko, eta ez, ordea, ostean irakurketa justifikatuko duen ariketaren bat egiteko.

Hasierako izenburuari helduta, irakurketan murgiltzeko itsaso zabala amesten dugu. Liburua gazte edo helduarentzat ote den irizpide estutik at, ez daude espresuki haurrentzat diren liburuak edo helduentzakoak. Liburu onak eta ez hain onak daude, eta ona bada, edozeinentzat da. Adinaren arabera sailkatzea itsasoari mugak jartzea litzateke.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina