Karlos Gorrindo “Liburua idatzi ahala emozioak ibili zaizkit barrunbean dantzan. Katarsi baten antzeko esperientzia bizi izan dut”

Funanbulistaren beldurra (Erein) nobelarekin itzuli da Karlos Gorrindo. Oraingoan gernikar idazleak bere bizitzako atal luze bat hartu du hizpide. Hamasei urtetik gora egin zuen preso Gorrindok eta sasoi hartako esperientzietatik abiatu da, denborak ematen duen talaiatik begiratuta, kontakizuna lehen pertsonan ehuntzera.

“Preso egon denaren gogoa kartzelara itzultzen da beti”, idatzi zuen Sarrionandiak. Zurekin egon zen preso. Eta zure gogoa ere hara itzuli da liburu honetan, zure kartzelaldia kontatzen duzu eta. Zergatik?

Ez beti. Baina urte mordoa bertan igaro eta gero, ezinbestean itzultzen zara bertara, zure bizi esperientziaren zatirik gogorrena han igaro duzulako. Josebaren poema bat da zuk aipatzen duzun zati hori. Bost urte izan ginen batera hainbat kartzelatan: Carabanchel, Puerto, Herrera… Joseba beti izan dut gogoan, ni idazle hargatik naizelako hein handi batean. Nire liburu askotan agertzen da era zuzen edo zeharka kartzelaren aipamena. Ebitaezina izan da nire bizitza literarioan. Oraingo honetan, aldiz, zuzen-zuzenean oratu diot zezenari adarretatik. Denbora igaro behar izan da, haatik, langintzan honetan hasteko. Denboraren joanak ematen duen objetibotasun puntu hori bilatu nahi izan diot testuari, nahiz eta zaila izan objetiboa izatea nobelan norbera denean protagonista nagusi. Urteetan izan ditut lagunak atzetik kartzelari buruzko liburua idatzi behar nuela esaten. Neure esperientzia kontatu behar nuela… Eta nik egokiera inoiz ez bilatu. Agian neure burua prest ikusten ez nuelako ibili naiz luzamendutan. (Irakurri +)