Julen Belamunok “Gaueko zaintzailea” bere lan berria aurkeztu berri du gaur. Liburuari buruz zerbait gehiago kontatu digu elkarrizketa honetan.
Zer da, zer kontatzen du “Gaueko zaintzailea”k?
Aluminio fabrika bateko gaueko zaintzaileak lantegian igarotako azken gaua kontatzen da liburuan. Kontakizuna laurogeiko hamarkadaren bukaeran dago kokatuta, eta ordurako lanbidearen azken ordezkaria da zaintzailea, beste garai bateko hondar bat, segurtasun-sistema berri batek ordezkatuko duena. Gau guztian orduz ordu egiten duena kontatzen da, eta gau horretako ikuskaldiak egiten ari dela gogoratzen dituenak.
Liburuaren ardatza pertsonaia hori da, baina egiten dituenak baino garrantzi handiagokoak dira pentsatzen dituenak eta sentitzen dituenak, batez ere oroitzapenak. Eta, oroitzapen horien artean, batez ere gertaera batzuk: gasolindegian lan egiten zuen neska ezagutu zuenekoa, harekin izaten zituen solasak, eta hortik aurrera gertatu zen guztia. (Irakurri +)
Gaueko zaintzailea iluntzeko bederatziak aldera geratzen da bera bakarrik, azken langileek makina guztiak itzali eta etxerako bidea hartu dutenean, lantegian isiltasuna nagusitzen denean. Orduan, gauak ilunarekin batera bakea dakarren ordu horretan, bere erreinuaren jabe sentitzen da. Zorioneko ordu horretan hasita, gau guztia izaten du aurretik lantegiaren loa zelatatzeko, lantegiaren atsedena kanpoko ezerk ez duela asaldatuko ziurtatzeko. Urte asko egin ditu aitagandik oinordetzan jasotako lanbide horretan, urte asko aluminiozko perfilak egiten espezializatu zen enpresan, baina oraindik ere barrena pozten zaio gaua iristen denean eta bera bakarrik geratzen denean isiltasunaren erdian. (Irakurri +)