Ruper Ordorika Madrilgo La Fabrican izango da

Ruper OrdorikaGuria ostatuan da Ruper Ordorika musikariaren hamaseigarren diskoa. Oñatiarra sortzez eta mundutarra musikaz, lan honetarako, berriz hartu ditu lagun Jamie Saft (pianoa eta teklatuak), Tony Scherr (kontrabaxua eta gitarra elektrikoa) eta Kenny Wollesen (bateria eta bibrafonoa), denak ere musikari entzutetsuak Nueva Yorken, eta besteren artean honako artista handi hauen musika proiektuetan parte hartu dutenak: Bill Frisell, Norah Jones, Anni de Franco, Steve Swallow eta Rickie Lee Jones.
Musika bikaineko giro honetan, Arkaitz Minerrek maisutasunez lagundurik hari instrumentuetan (biola, biolin eta mandolinetan), sehaskan bezala doaz Ruperren istorio iradokitzaileak, zeinak euskaraz kantatuak eta bigarren etxetzat duen ostatuaren berotasunean kontatuak baitaude eta bizitzaz eta haren zubiez mintzo baita, edo kontserba fabrika baten aurreko maitasunaz, edo abantaila onartzeak dakartzan zailtasunez. Hitz doiak erabiltzeko beti erne, oraingoan ere, Ruperrek idazleen adierazpide poetikoa jaso du; besteren artean, Joseba Sarrionandiarena –disko honetan ere jaso ditu haren hitzak–, Eva Linazasororena (“Mare Nostrum” erreparatzailearen egilea) eta Gary Snyder iparramerikar poeta handiarena (“betiko kantu berriak / munduko ostatuetan barrena”). Hamaika kantu bero dira, kantariaren abaroan emanak, berdin arratsalde euritsu batean lagun egiteko eta berdin goiz eguzkitsu batean entzuteko, zeren eta Sarrionandiak dioen lez, “jendearen arteko airea hain erraz kutsatzen den sasoian, halako abestiek airea garbitzen dutela uste dut”. (Irakurri +)

Ruper Ordorika: “Ez da erreza juje eta parte ez izatea gure bizimodua ezbaian jartzen duen gaietan.”

Ruper OrdorikaRuper Ordorika kantaria bueltan da New York hirian grabatu eta Oñati sorterria azalean aipatua ageri zaigun disko berriaz, Guria Ostatuan izenekoa. Horretaz konturatzeko, baina, sakoneko oñatiarra izan behar.

Hirurogeita bost urtez (1946-2011) zabalik izan zen Guria taberna Oñatin, eta ateak ixtean umezurtz sentitu ginen oñatiar askotxo, hainbat belaunalditako seme-alabontzat topaleku ezinbestekoa izan zelako.

Beharrezko sentipen horiek -laguntasuna, elkarren babesa, komunitate pertenentzia- kantagai ageri zaizkigu Guria Ostatuan disko berrian. Euskal Herrian ohikoa den taberna izena eta halaber unibertsalak diren sentipenak.

Abiapuntu oñatiarra al dauka disko berriak?

Guria Ostatuan jarri diot izena, herri askotan egon ohi den betiko taberna. Denok behar izaten dugu babesleku bat, eguneroko gorabeheretatik aparte egon ahal izateko. Oñatin bagenuen Guria bat, bai, ondo gogoan daukat. Halako batean Ortiz de Elgearen margoa ikusi nuen eta dena batera etorri zitzaidan: diskoari izen hori bera ipini behar nion eta koadro hura azalean. Hamaika kantu berrietatik pare bat behintzat gai horren ingurukoak dira, nolabait. (Irakurri +)