Ruper Ordorika Madrilgo La Fabrican izango da

Ruper OrdorikaGuria ostatuan da Ruper Ordorika musikariaren hamaseigarren diskoa. Oñatiarra sortzez eta mundutarra musikaz, lan honetarako, berriz hartu ditu lagun Jamie Saft (pianoa eta teklatuak), Tony Scherr (kontrabaxua eta gitarra elektrikoa) eta Kenny Wollesen (bateria eta bibrafonoa), denak ere musikari entzutetsuak Nueva Yorken, eta besteren artean honako artista handi hauen musika proiektuetan parte hartu dutenak: Bill Frisell, Norah Jones, Anni de Franco, Steve Swallow eta Rickie Lee Jones.
Musika bikaineko giro honetan, Arkaitz Minerrek maisutasunez lagundurik hari instrumentuetan (biola, biolin eta mandolinetan), sehaskan bezala doaz Ruperren istorio iradokitzaileak, zeinak euskaraz kantatuak eta bigarren etxetzat duen ostatuaren berotasunean kontatuak baitaude eta bizitzaz eta haren zubiez mintzo baita, edo kontserba fabrika baten aurreko maitasunaz, edo abantaila onartzeak dakartzan zailtasunez. Hitz doiak erabiltzeko beti erne, oraingoan ere, Ruperrek idazleen adierazpide poetikoa jaso du; besteren artean, Joseba Sarrionandiarena –disko honetan ere jaso ditu haren hitzak–, Eva Linazasororena (“Mare Nostrum” erreparatzailearen egilea) eta Gary Snyder iparramerikar poeta handiarena (“betiko kantu berriak / munduko ostatuetan barrena”). Hamaika kantu bero dira, kantariaren abaroan emanak, berdin arratsalde euritsu batean lagun egiteko eta berdin goiz eguzkitsu batean entzuteko, zeren eta Sarrionandiak dioen lez, “jendearen arteko airea hain erraz kutsatzen den sasoian, halako abestiek airea garbitzen dutela uste dut”.

Ruper Ordorikak lan berria eramango du Madrilgo La Fabrica-ra urtarrilaren 26an, 19:30ean, eta han abestuko ditu, bakarka, disko horretako nahiz beste batzuetako kantuak. Idazle eta adiskide batzuek lagun egingo diote, eta abesti bihurtu dituen testuen gaztelaniazko bertsioak irakurriko dituzte: Dionisio Cañasek, (“Zerutik Gertu Ez Da Ondo Egoten” hitzen egilea); Jose Luis Gallerok eta Belen Gopeguik –ahotsa jarriko diete, hurrenez hurren, Joseba Sarrionandiari eta Eva Linazasorori–; eta Nacho Fernandezek –Gary Snyder gaztelaniara itzuli duena bera–. Honako lagun hauekin izango da Ordorika: Dionisio Cañas, Jose Luis Gallero, Belen Gopegui eta Nacho Fernandez Rocafort.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin