“Anaitasunean”: Pantxoa Carrereren bakarkako lehen diskoa

 

Pantxoa Carrere

Argazkia: Jon Iraundegi

Maitasuna hitzak ongi labur biltzen du Pantxoak bere diskoan agertzeko hautatu dituen 12 kantuen zentzua.

Sortuz geroztik, lapurtar semea kantuan murgildu da. Oroit da Ama, 9 haurren Ama, 50 urteetan alargundurik, goizetik arrats etxean kantuz entzuten zuela. Amak kantuz aritzeko tirria eta arnasa eman dizkio. Funtsean, ama goraipatzen dituen Xalbadorren bertsoak agertu ditu lehen obra honetan.

45 urtez Peio Ospitalekin Euskal Herriko xoko guzietan baita Euskal Herritik kanpo  kantuz ibili ondoan, lanetik erretiratzean ez zuen bere burua « zokoratua » ikusten. Kantatzeko gogoa du. Maite du jendeen artean egoitea, jendearekin kantuen mezuen partekatzea. Nahiz kantaldiak hasten direlarik pixka bat urduri senditu, jendearen aitzinean izatea gozatzen du.

Pantxoa Carrere - Anaitasunean

Ipar Euskal Herriko idazle-olerkari ezagunen testuak, besteak beste Manex Erdozainzi-Etxart, Daniel Landart edota Manex Pagolarenak musikatu ditu Iñaki Dieguez eskusoinulariaren laguntzarekin. Pantxoaren hitzetan : «Nahiz batzutan umiliatua den herrian bizi, izar bati begira, nik beti esperantza kantatzen eta kantatuko dut. Badut sinestea eta maite nuke egun batez Euskal Herriak bere burujabetasuna ukan dezan. Independentzia aipatzen delarik, dependentziatik atera behar da, eta hobe da gure buruaren jabe izaitea »  Manex Erdozainziren Sinesten dut olerkian itxaropen hori kausitzen du.

Aldiz, nahiz itxaropentsu bizi, kantaria kezkatua agertzen da gure hizkuntzaren egoeraz. Hogei urte zituelarik, bizi zen herrian, Lekuinen (Lapurdi), denek euskara zakiten. « Norbait frantsesez entzuten zelarik, burua itzultzen zenuen ».  Orain aldiz, nahiz haur andana bat ikastolan ibili, karrikan  euskarazko hitz guti entzuten da. Arbonan egoera larriagoa da. Kostaldeko hiri honetan bizi denetik, arrotza sendi du bere burua. Azken urte hauetan, bizitegiak biderkatu dira. «Kanpotik heldu den jendeak eskubidea du gure herrian kokatzea baina Euskarak gerizatua izan behar luke, lege bat behar litaike eskolan adibidez euskara derrigorrez ikasteko ». Aldarrikapen hau agertzen da Pantxoak berak idatzi duen Eman esku elgarri kantuan.

Manex Pagolaren hiru kantuen artean, Burgosko auziari buruzkoa hautatu du. Gure herriaren historian gogoan atxikitzeko orrialde baitezpadakoa iduritzen zaio. Garaian auzi horrek markatu zuen eta nahi luke biharko belaunaldiek ere gogoan atxik dezaten 70 hamarkako 16 gazteen borroka Francoren diktaduraren kontra.

Berriz ere hitzen garrantzia azpimarratzea gustatzen zaio Pantxoari, segur da  euskal kantuek herritaren konzientizatzean eragin handia dutela.

Solasa segitzean, Amari begi keinuarekin hasi elgarrizketa, transmisio katebegiaren ispilu, Pantxoak atseginez aipatzen ditu Ugo eta Nahia bere bi seme alabak. Edozein familia besta edo gertakarien karietara plazer dute elgarrekin kantuz aritzea. Diskoan, « Lanik gabe » eta « Gauaren isiltasunean » kantuetan entzuten dira hiruak elgarrekin.

Bururatzeko, zer amesten duen galdegiten zaiolarik Pantxoari : «Nik maite nuke herri bat bere buruaren jabe, herri bat euskalduna, batua, langileria baldintza onetan lanean, denak anaitasunean bizi bakoitzaren errespetuan – badakit utopia dela baina Mandelak zion bezala, utopiak errealitate bihurtzen dira…».

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina