

Unai Abarzuza (Maleski) Iruñean jaio zen 1972. urtean. Orain, bere lehen liburua “Hau ez da poesia” kaleratu du: Ironiaz beteriko poesia.
Lehen liburuarekin zatoz, baina ez zara jada gaztetxo hasiberri bat. Zergatik orain?
Liatuta ibili naiz orain arte. Ez, broma da, neronek ere gauza bera galdetu diot nire buruari baina erantzunik ez dut topatu. Orain etorri zait gogoa. Zergatik ez orain?
Diseinu eta komunikazio mundutik zatoz, ez literaturaren esparrutik. Horren haritik, galdera bikoitza: zer ekartzen ahal dio kreatibo batek euskal poesiari?
Ideiak ekartzen saiatu naiz, bizipenak, istorio txikiak, ezohiko ikuspuntu batzuk, agian. Agentziako lanean eskarmentua dut testu laburrak idazten, spotentzako gidoiak, esloganak, testu publizitarioak… pertzepzioetan eragin eta pertzepzio horiek egoki kudeatzea da gure lana, eta horrek poesiarekin zerikusirik duelakoan nago. Alde horretatik, laburrean idazteko esperientzia eduki arren, ailegatu berria naiz lurralde honetara. Ekarpenik egin dudan ala ez, ikusteko dago. (Irakurri +)