Eñaut Elorrieta “Irteera argiak” azken diskoari buruz

Maitasuna, heriotza, bizitza eta adiskidetasunaz mintzo da Eñaut Elorrieta Irteera argiak bere disko berrian. Deserriko kantak bakarka argitaratu zuen lehen lanean bezala, hainbat idazlerengana jo du hitzen bila, baina oraingoan, “bere ahots propioa” bilatu nahian, berak aurrekoan baino testu gehiago idatzi ditu. Musikalki ere bide berri bat hartu du, eta horretan lagun izan ditu Ruben Caballero, Fernando Neira, Maite Larburu eta Borja Barrueta.

Zertan aldatu da Eñaut Elorrieta Deserriko kantak argitaratu zuenetik igaro diren sei urte hauetan?
Ken Zazpirekin urte asko aritu ostean, Deserriko kantak deseraikitze moduko bat izan zen. Bere garaian ez nuen hala bizi izan, baina gaur egunetik ikusita, obsesio puntu bat ere izan nuen. Aldi berean, disko kontzeptuala izatean, kontzeptu horren atzean ni babesteko ahalegin bat ere bazegoen. Askoz libreago sentitzen naiz orain; garbiago daukat zein bide hartu eta nondik jo. Azkeneko urteetan, handitik txikira nator; bai soinu aldetik, bai hitzetan. Beharbada, gai handiez hitz egiten dut, baina berba txiki edo arinekin. Eta politikoak izan beharrean, existentzialagoak dira: maitasuna, heriotza, bizitza, laguntasuna… Baina izenburuak dioen moduan, argia bilatzen dute. Iluntasunetik pasatu behar duzu, minetik edo zalantzatik, argirantz joateko. (Irakurri +)