Eñaut Elorrieta “Irteera argiak” azken diskoari buruz

Maitasuna, heriotza, bizitza eta adiskidetasunaz mintzo da Eñaut Elorrieta Irteera argiak bere disko berrian. Deserriko kantak bakarka argitaratu zuen lehen lanean bezala, hainbat idazlerengana jo du hitzen bila, baina oraingoan, “bere ahots propioa” bilatu nahian, berak aurrekoan baino testu gehiago idatzi ditu. Musikalki ere bide berri bat hartu du, eta horretan lagun izan ditu Ruben Caballero, Fernando Neira, Maite Larburu eta Borja Barrueta.

Zertan aldatu da Eñaut Elorrieta Deserriko kantak argitaratu zuenetik igaro diren sei urte hauetan?
Ken Zazpirekin urte asko aritu ostean, Deserriko kantak deseraikitze moduko bat izan zen. Bere garaian ez nuen hala bizi izan, baina gaur egunetik ikusita, obsesio puntu bat ere izan nuen. Aldi berean, disko kontzeptuala izatean, kontzeptu horren atzean ni babesteko ahalegin bat ere bazegoen. Askoz libreago sentitzen naiz orain; garbiago daukat zein bide hartu eta nondik jo. Azkeneko urteetan, handitik txikira nator; bai soinu aldetik, bai hitzetan. Beharbada, gai handiez hitz egiten dut, baina berba txiki edo arinekin. Eta politikoak izan beharrean, existentzialagoak dira: maitasuna, heriotza, bizitza, laguntasuna… Baina izenburuak dioen moduan, argia bilatzen dute. Iluntasunetik pasatu behar duzu, minetik edo zalantzatik, argirantz joateko.

Musikalki ere beste bide bat hartu duzu.
Ahalik eta modu natural eta organikoenean lan egin dut. Deserriko kantak oso lotuta eraman nuen estudiora; orain gehiago arriskatu dut… Kantuak osatuta eraman ditut, baina irekita, ikusteko zer gertatzen den. Estudioko magia jaso nahian. Lehen egunetan elkartu ginen denak, eta kantuak jo genituen, han gertatzen zena jasotzeko. Gakoa izan da lehen hiru egunetako lana, hor ipini direlako diskoaren zimenduak.

Hainbat idazlerengana jo duzu (Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Uxue Alberdi eta Jose Luis Otamendi); eta zuk zeuk lau hitz egin dituzu. Zerk lotzen ditu testuak?
Gero eta gehiago nahi dut nik idatzi; neure ahotsa topatu letretan. Beste bi Uxue Alberdik idatzi ditu, eta gainerakoak argitaratutako testuak dira. Eta disko berrian giro ilunagoak daude; saiatu naiz sakonkeriatik urruntzen, sakontasuna galdu gabe. Gai pisutsuak dira berez, baina nahi izan diet melodiei eman garrantzia, melodia borobilak sortu. Deserriko kantaken ez bezala, melodiak egin ditut, eta horien gainean sartu ditut letrak. Eta melodien eta hitzen arteko hartu-eman bat ere egon da.

Kantu asko gelditu omen dira diskotik kanpo…
Hau guztia bidaia bat izan da. Bakardadetik konpartitzera. Egunero joan naiz, bakar-bakarrik, erabakiak hartzen; kantu hau bai, kantu hau ez. Kanturen batekin zalantza txikiren bat izanez gero, apartatu egin dut, eta joan naiz ezaugarri batzuk dituzten kantuen bila. Ez dago, zentzu horretan, batere betelanik. Estudiora joan nintzen 11 kanturekin, eta han ere bi kendu genituen. Oso disko pentsatua da, LP baten formatua duena.

Ohi baino baxuago abesten duzu diskoan… Lanketa berezia egin duzu tonu altuetara ez jotzeko?
Bai, tonu baxuagoak aukeratu ditut. Saiatu naiz musikalki zegoen giroa indartzen. Proba eta proba aritu naiz, tonuak aldatuz…Grabatu, entzun… etengabeko bilaketa bat egon da. Ikusi dut bide bat… Ahotsaren bilaketa horretan bide bat egiten ari naiz, eta disko honetan gelditua da islatuta bide horren momentu bat.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina