Aintzane Usandizagaren “Kabitu ezina” ipuin-bildumako istorio bat

“Ez-lekua ez da existitzen”
Peter Handke

Ez da zuzena, ezta ozenki esateko modukoa ere, baina onartu beharra du eskuak erraz izerditzen zaizkion jendeak higuin apur bat ematen diola. Imanoli ere pasatzen zaio, baina oso urduri denetan soilik, jasangarria da: artega sumatzen duenean eskutik heltzea saihesten du; ukalondotik eusten dio, edo gerritik, edo sorbaldetatik, eta horrekin nahiko.

Juanek ez du izerdi tantarik egiten, salbuespen arraroren bat ez bada, eta horrek erraztu beharko lioke tupperrari zuzen eustea, barruan duena irauli gabe. Tapa zezakeen oihal batekin, gutxiago irristatzeko, barruan zegoena kanpokoek ikus ez zezaten. Baina krudela iritzi zion horri. Edo penitentzia gisa egiten zuen, auskalo. Irristatzeagatik ez zuen arduratu behar, behintzat, ezta hamar orduko autobus bidaia hartan ere.

Ulertezina egiten zitzaion zer zela eta ziren hain estuak autobusetako eserlekuak; albokoekiko, aurrekoekiko.

Beti zuen halako kabitu ezin bat eserleku haietan; ez zuen pentsatu nahi laurogeita hamar kilotik gora pisatzen zuen edonork bizi beharreko kalbarioa; laurogeita hamar kilo, luze zein zabal, biak sufrikario hutsa.

Alboan zuen emakumeak zeharka begiratzen zion tupperrari.

Ez zuen aintzakotzat hartu. Juan ere ez litzateke fidatuko esku artean tupper bat halako arretaz zeraman inorekin, ia zortziehun kilometroz, Gasteiztik Granadara, autobusean. Dena den, emakume hark nahikoa zuen berearekin, azal beltzaranetan ere antzeman daitekeen zurbiltasunaren arrastoak baitzituen.

Berehala hasi zen oka, gonbitoaren usain gozo sarkorrak hartu zizkion sudurzuloak Juani. Ordubete baino ez zeramaten autobusean. Bederatzi ordu aurretik, bero sapa kanpoan, eta, antza, berogailua matxuraturik. Pare-parean zuten komunaren usaina lurrin festa hari gehitzeko pare bat ordu faltako zirela kalkulatu zuen.

Gogorrago eutsi zion tupperrari, beste ezer ukitzea baino hobe zela pentsatuz, emakumea gonbitoka txukun ari zela aitortu behar bazuen ere, zorroaren barruan. Tupperra eraman beharko ez balu eskainiko lioke leihoan jar zedin, gutxiago mareatzeko. Baina eraman beharra zuen, eta ez zuen gogorik leku-aldatzeak eragingo zion poltsen joan-etorri traketserako… eta beste baten atzealdeak utzitako beroaren gainean bere ipurmasailak pausatzeak ez zuen batere erakartzen. Espero zuen emakumea ez zorabiatu izana tupperrari begira.

Gonbitoaren usain itsaskorra aldentzeko, begiak itxi eta igerileku bat irudikatzen saiatu zen.

Usainek beti laguntzen zioten egoerak goxatzen. Eta, bestelakoetarako kosta egiten bazitzaion ere, lurrinak inbokatzeko itzelezko irudimena zuen, edo memoria zen agian.

 

Irakurri edo jaitsi Aintzane Usandizagaren Kabitu ezina liburuko istorio bat (.pdf)

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina