Iñaki Irasizabalen “Zorioneko familia”ren lehen kapitulua

MIRINDEN GARAIETAN

Sagarrak euripean ostu dituzten guztiei

Aita lapurra zen, ama mozkorra eta ni gezurtia.

–Seguru zaude, ume? –aulkian aurreratu zen galdera egiteko, eta nik, sen hutsez, atzera egin nuen nire eserlekuan. Mahoizko prakak eta alkandora koadroduna zeramatzan jantzita. Orbainez jositako beso eta esku haiek langile batenak ziren; hala ere, garbi neukan hura zela agintzen zuena. Ez alboan zutik, haserre itxurarekin zeukan emakume iharra, ezta ipurdia altzari baten aurka bermaturik zegoen trajez jantzitako gizon lodia.

Kontainer handia baino ez zen bulego hura portuan zegoen, eta bertatik garabiak eta langileen orroak entzun genitzakeen esfortzurik gabe denok isilik geundenean. Baietz egin nuen buruarekin. Astiro eta kontzentrazio handiz. Gela hartan zeuden beste hirurek begiradak trukatu zituzten, eta ondoren, agintzen zuen gizonak atera begiratu zuen. Ate haren atzean aita zegoen.  Dantzalekuaren atarian lotuta utzi duten astoa, barrura sartu ezinik. Ez zen egoera berria berarentzat, eta aulki batean lasai asko eserita imajina nezakeen. Zetozkeenei antzeman nahirik aurrea hartzeko.

–Baina, zu ez zara hamar eta erdietan esna egongo –emakumeak esku biekin heldu zion idazmahaiari, eta niregana zertxobait makurtu zen hitz egiteko–.

Nola jakin dezakezu aita etxean zegoela?

Erantzuna ezagutzen nuen. Ikasita neukan ezin nuela berehala bota. Pare bat segundo isilean joan ziren.

–Zerbezak edaten zebilen telebista aurrean, eta haren korroskadek ez zidaten lorik hartzen uzten –esan nion, garai hartan telebistarik ez genuen arren.

Emakumeak idazmahaitik aldendu zituen eskuak, erreko balu bezala; atzera pausoa eman zuen. Agintzen zuenak ernegu aurpegia jarri zuen eta alboko gizon lodiaren hazpegietan irribarre bat marraztu zen. Trajea zimurrez beterik zeraman, jantzita lo egin izan balu bezala.

–Seguru zaude, gazte? Pentsa egia esanda ez zenukeela tarte luze batean berriro ikusiko. Ez zenukeela berriro ama jotzen ikusiko –bota zidan agintzen zuenak astiro, mesedea egiten ari denaren doinuarekin.

Nire gogoaren zati batek gezurretan ari nintzela aitortu nahi zion. Aita eraman zezatela nonbaitera erregutu.

–Aitak ez du ama jotzen –eta hura izan zen arratsalde hartan esan nuen egia bakarra. Agurtzanerena gertatu zenetik behintzat, aitak ez zuen ama jo, sekula.

Gelako helduek berriro trukatu zituzten begiradak.

Keinu batekin galdera egin zion agintzen zuenak trajedunari.

–Ez daukagu ezer –esaten hasi zen hau, tente jarriz eta gorbata zuzenduz–. In dubio pro reo. Garbi dago lapurra bera dela, baina epaile baten aurrean frogatu ezinik gaude.

Joaten uztea beste aukerarik ez dago –agintzen zuenak birao egin zuen eta aurpegi guztia desitxuratu zitzaion.

Zutik jarri eta gelatik irten zen atea zabalik utziz. Burua atzerantz jiratu nuen, eta aitak, lotsaz bezala, gelan burua sartzen zuela ikusi nuen. Inork ez zion ezer esan eta bera niregana etorri zen.

–Goazemak, ama zain zegok –hitzak niri zuzenduak egon arren, emakume iharrari eta gizon trajedunari begiratzen zien txandaka.

Zutitu eta joaten hasi ginen. Atean geunden, emakumeak “umea txikia duk, horrek salbatzen hau, baina haziko duk” esan zionean. Aita gelditu egin zen hitzak entzutean, burua jiratu gabe, eta hitzak bukatu zirenean oinez jarraitu genuen berriro. Hamabi urte nituen baina, ziztrin hutsa nintzenez, hamar edo gutxiago neuzkala pentsa zezakeen ezezagun batek. Horrek sinesgarriago egiten zituen nire lekukotzak, nire gezurrak. “Ez hadi hazi urte batzuetan, oraindik behar haut” esaten zidan aitak umore onean zegoenean.

1979ko udaberria zen.

Iñaki Irasizabal-en Zorioneko familia-ren kapitulu osoa irakurri edo jaitsi (.pdf)

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina