Iñaki Irasizabalen “Zorioneko familia”ren lehen kapitulua

MIRINDEN GARAIETAN

Sagarrak euripean ostu dituzten guztiei

Aita lapurra zen, ama mozkorra eta ni gezurtia.

–Seguru zaude, ume? –aulkian aurreratu zen galdera egiteko, eta nik, sen hutsez, atzera egin nuen nire eserlekuan. Mahoizko prakak eta alkandora koadroduna zeramatzan jantzita. Orbainez jositako beso eta esku haiek langile batenak ziren; hala ere, garbi neukan hura zela agintzen zuena. Ez alboan zutik, haserre itxurarekin zeukan emakume iharra, ezta ipurdia altzari baten aurka bermaturik zegoen trajez jantzitako gizon lodia.

Kontainer handia baino ez zen bulego hura portuan zegoen, eta bertatik garabiak eta langileen orroak entzun genitzakeen esfortzurik gabe denok isilik geundenean. Baietz egin nuen buruarekin. Astiro eta kontzentrazio handiz. Gela hartan zeuden beste hirurek begiradak trukatu zituzten, eta ondoren, agintzen zuen gizonak atera begiratu zuen. Ate haren atzean aita zegoen.  Dantzalekuaren atarian lotuta utzi duten astoa, barrura sartu ezinik. Ez zen egoera berria berarentzat, eta aulki batean lasai asko eserita imajina nezakeen. Zetozkeenei antzeman nahirik aurrea hartzeko.

–Baina, zu ez zara hamar eta erdietan esna egongo –emakumeak esku biekin heldu zion idazmahaiari, eta niregana zertxobait makurtu zen hitz egiteko–. (Irakurri +)

Iñaki Irasizabal: “Ez dute elkar ulertzen, familia bat dira”

Urtetan nobela beltzak idazten jardun ondoren, ipuin-bilduma sendo eta mamitsu bat dakarkigu Irasizabalek, Zorioneko familia. Teknikan eta gaietan berritasun nabarmenak egon arren, “ahalik eta istoriorik onena, ahalik eta ondoen” kontatzea omen du betiko helburua, gatazkaren bat bihurtuz beti istorioaren muina. Galdezka joan gara beregana.

 Lev Tolstoik esaldi ospetsu batekin hasi zuen Anna Karenina: “Munduko familia zoriontsu guztiak dira elkaren antzekoak; zoritxarrekoak, berriz, bakoitza bere modura da zoritxarrekoa”. Zure liburuaren atarian jartzeko moduko esaldia, ezta?

Tolstoi bera eta esaldi hori batez ere trannszendenteegiak iruditzen zaizkit nire ipuinekin lotzeko. Izen handiak aipatzen hasita, Van Gogh aipatuko nuke. Helburu bakarra omen zuen: konturatu zitezela bere teknika zakarraren azpian samurtasuna zegoela. Uste dut ipuin hauek gehiago dutela samurretik transzendentetik baino.

Familia inspirazio iturri agortezina dela esan liteke. Izan duzu erreferentziazko autorerik literaturan edo zineman?

 Liburuek eta pantailek istorioak kontatzen dizkigute etengabe. Hunkitu gaituzten guztiek daukate gugan eragina, baina ezingo nuke esan zein neurritan bakoitza. Nire ipuinen antzeko giroak dituen istoriok bat aipatzekotan telesail labur bat aipatuko nuke: Mar Coll-en “Matar al padre”. Oso ona.  (Irakurri +)