Iñaki Irasizabal: “Ez dute elkar ulertzen, familia bat dira”

Urtetan nobela beltzak idazten jardun ondoren, ipuin-bilduma sendo eta mamitsu bat dakarkigu Irasizabalek, Zorioneko familia. Teknikan eta gaietan berritasun nabarmenak egon arren, “ahalik eta istoriorik onena, ahalik eta ondoen” kontatzea omen du betiko helburua, gatazkaren bat bihurtuz beti istorioaren muina. Galdezka joan gara beregana.

 Lev Tolstoik esaldi ospetsu batekin hasi zuen Anna Karenina: “Munduko familia zoriontsu guztiak dira elkaren antzekoak; zoritxarrekoak, berriz, bakoitza bere modura da zoritxarrekoa”. Zure liburuaren atarian jartzeko moduko esaldia, ezta?

Tolstoi bera eta esaldi hori batez ere trannszendenteegiak iruditzen zaizkit nire ipuinekin lotzeko. Izen handiak aipatzen hasita, Van Gogh aipatuko nuke. Helburu bakarra omen zuen: konturatu zitezela bere teknika zakarraren azpian samurtasuna zegoela. Uste dut ipuin hauek gehiago dutela samurretik transzendentetik baino.

Familia inspirazio iturri agortezina dela esan liteke. Izan duzu erreferentziazko autorerik literaturan edo zineman?

 Liburuek eta pantailek istorioak kontatzen dizkigute etengabe. Hunkitu gaituzten guztiek daukate gugan eragina, baina ezingo nuke esan zein neurritan bakoitza. Nire ipuinen antzeko giroak dituen istoriok bat aipatzekotan telesail labur bat aipatuko nuke: Mar Coll-en “Matar al padre”. Oso ona. 

Bilduma gisa pentsatutako ipuinak dira?

Ez. Istorioak banaka garatu dira. Gero, antzekotasunak zituztela konturatzean, batu eta liburua osatu dugu.

Sarri agertzen dira aita autoritarioak eta haien heriotza… 

Niri aita autoritario tradizionala baino interesgarriagoa egiten zait akats nabarmenen bat daukanaren irudia. Literarioagoa deritzot. Haien heriotzak aldaketa nabarmena dakar eta hori beharrezko elementua da narrazio batean. Aldaketarena.

Ingurura, gizartera, arau sozialetara egokitzen ez diren pertsonaiak, gazteak batez ere…

Gizartean eroso daudenekin ez dago kontatzeko ezer. Gazteek galtzeko gutxiago daukate eta arrisku handiagoak hartzen dituzte.

Alkohola, drogak, amorru-atakeak dituzten pertsonaiak…

Interesgarriagoak egiten zaizkit. Beste pertsonaiak mugiaraztera behartzen dituzte.

Anai-arreben arteko harremanak gazi-gozoak izaten dira. Aldi berean hurbil eta urrun.

Halaxe imajinatzen ditut gehienetan. Zerbait dute elkarrekin eta zerbait bata bestea gabe.

Pisua du krisi ekonomikoaren arazoak.

Edozein krisi oso literarioa izan daiteke, azken finean gatazka baita narrazio baten muina. Ekonomikoa luzea izan zen eta nireak bezalako pertsonaiek gogor sufritu zuten. Nola ez azaldu!

70eko hamarkadan kokatutako ipuin batzuk ageri dira.

Hamarkada horretako bigarren erdikoa da gogoratzen dudan lehen mundua. Garai hartako hainbat irudi modu indartsuan daude erroturik nire barruan. Noizean behin paseatzera ateratzen dira.

Zure istorioak eta pertsonaiak beti dira oso hemengoak izaeran, keinuetan, arazoetan. Nahita al da hori?

Ez. Narratibak irudi zehatzak eman behar ditu, sinesgarria eta bizia izateko. Hauxe da zehatzen ezagutzen dudan mundu zatia.

Teknika errealista da nagusi, baina batzuetan kutsu surrealista hartzen diot. Azken ipuinean, ahuntzaren opariarekin adibidez.

Errealismoa eremu zabala da. Errealista izaten ahalegintzen naiz, baina ez derrigor aukera nabarmenena hartuz. Ahuntzaren jokaera edo portaera erabat errealista iruditzen zait.

Azken urteetan nobela beltzak, ipuinak orain.

Idaztea, hitz egitea bezala, zerbait komunikatzean datza. Nire helburua beti da ahalik eta istoriorik onena ahalik eta ondoen kontatzea. Gero, gerokoak.

Pirritx eta Porrotxek esaldi bat dute: elkar maite dute, familia bat dira.

Nik beste esaldi bat daukat: ez dute elkar ulertzen, familia bat dira.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina