Joseba Jaka bekaren oinarriak

Elkar Fundazioak Joseba Jaka beka berriro martxan jartzea erabaki du, sormen lanak sustatu eta laguntzeko asmoz, ondorengo oinarrien arabera:

– Deialdi honetara, literatur lanak, narratibako lanak (eleberri edo ipuin bildumak), idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.

– Parte hartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu:

a) Egin nahi duen sormen lanaren azalpena, 2-5 orri bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab

b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-25 bitartekoa, ez nahitaez hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena

c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Fundazioak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri).

– Proiektuak, 2019ko abenduaren 31ra arte bidal litezke helbide hauetako batera:

josebajakabeka@elkar.eus

Joseba Jaka beka. Elkar Fundazioa. Portuetxe 88, Igara auzoa. 20018 Donostia

– Jasotako proiektu guztiak Elkar Fundazioak osatutako epaimahai batek aztertuko ditu eta erabakiko du haien artean zein den irabazlea. Epaimahaia honako lagunek osatuko dute: Maialen Berasategik, Iratxe Retolazak, Iban Zalduak eta Elkar Argitaletxeko editore batek botorik gabe, idazkari lanetan. 2020ko apirilean emango da ezagutzera bekaren irabazlearen izena. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak.

– Beka 10.000 eurokoa izango da –legez egin beharreko atxikipenak barne- eta Elkar Fundazioak ordainduko dio irabazleari era honetara: bekaren diru-kopuruaren erdia, irabazle izendatu ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan.

– Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, lan amaitua Elkar Fundazioari helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 150 orrialde* gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, Elkar Fundazioari eman beharko dio aldaketaren berri eta epaimahaikoen onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko du Elkar Fundazioa hiru hilero.

– Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenki kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

– Beka jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar Argitaletxeak gordeko ditu argitaratze eskubideak eta, lana argitaratzen duenean, egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaiak onespena ematen duenetik, zortzi hilabeteko epean kaleratu beharko da lana, eta bertan bekaren aipamena egingo da nahitaez.

– Beka-deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, antolatzaileari dagokio erabakitzea.

Argibide gehiagorako: Elkar Fundazioan, josebajakabeka@elkar.eus

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina