Joxemari Iturralde – Jamaikako neska

“Errelatoaren kontua poliedro irregular bat da”

Boxeoaren mundu maskulinoa literaturara ekarri zuen Joxemari Iturralde idazleak (Tolosa, Gipuzkoa, 1951) Perlak, kolpeak, musuak, traizioak (2015) aurreko lanean. Bestelako unibertso bat ageri da Jamaikako neska lan berrian. Bere azken nobelak bezala, Pamielarekin argitaratu du.   

Perlak, kolpeak, musuak, traizioak aurreko lanean bi euskal boxeolari ziren protagonistak. Oraingoan, aldiz, euskal jatorriko emakume jamaikar bat. Begirada aldaketa behar zenuen?
Nobela guztiek izan behar dute ezberdin. Horrek esan nahi du, beraz, begirada ere ezberdin izango dela. Perlak, kolpeak, musuak, traizioak nobelan hiru protagonista zeuden, lagunak izandako bi boxeolari ospetsu eta sendagile bat. Traizio handi baten historia kontatzen zen han. Jamaikako neska nobela honetan, aldiz, ez dago horrelakorik; hemen euskal jatorriko emakume jamaikar batek bere bizitza kontatzen digu, Jamaikan hasi eta Euskal Herrian amaitu arte.

Dafne protagonistaren istorioa darabilzu Euskal Herriko historiaren atal baten kontaketa egiteko; bogako dago errelatoaren gaia. Zure ekarpena egiteko, kanpoan jaio eta hezitako baten begirada hautatu duzu?
Nobela honetan ez dago bakarrik Euskal Herriko historiaren atal baten kontaketa, askoz gauza gehiago ere kontatzen dira bertan. Dafne protagonistak leku askotako istorioak kontatzen dizkigu, ez baita alferrik bizi izan Jamaikan, Argentinan, Mexikon, Holandan, Madrilen, Bruselan, Euskadin… 
Errelatoaren kontu horretan, norberak aurkitu behar du horri buruzko erantzunik zehatz eta egiazkoena. Errelatoaren kontu hori ez da margo edo kuadro batek ematen dizun irudia; ez da txanpon batek dauzkan bi alde edo aurpegi horietako baten aukeraketa egitea; poliedro irregular bat da, alde edo aurpegi asko eta ezberdinekin, alde edo aurpegi horietatik batzuk handiago eta garrantzitsuago izango direnak. Poliedro irregular horren alde edo aurpegi horiek guztiek osatuko dute, azkenean, errelatoaren istorioa. 
Jamaikako neska nobelan pertsonaia ezberdin ugari daude, eta nork bere erantzuna dauka errelatoarekiko. 

Asko esan izan da, batez ere euskal literaturatik kanpo, euskaraz ez dela gatazkaren gaia jorratu izan. Kontrara, gaztelaniazko Patriak laudorioak baino ez ditu jaso erdal hedabideetan. Zer iritzi duzu?
Urteak beharko dira oraindik, eta liburu asko eta idazle ugari, gatazka delakoaren gai hori jorratu eta agortzeko, poliedro irregular eta alde edo aurpegi anitzeko hori ondo definituta uzteko. Nik idatzitako liburuetan ere, han eta hemen, eta pertsonaia batekin eta besterekin, ukitu izan dut behin baino gehiagotan gai hori: Hyde-Parkeko hizlaria, Izua hemen, Euliak ez dira argazkietan azaltzen… nobelatan, esate baterako. Nik kaleratu nuen lehen liburuan, Dudular deiturikoan, 1982. urtean, bazeuden gai horren inguruan idatzitako zenbait ipuin. 
Bestalde, zuk aipatzen duzun gaztelaniazko nobela hori dela eta, gauza asko esan daitezke horri buruz, eta agian hau ez da lekurik aproposena horretarako… Dena dela, telebista pizten duzu eta bertan azaltzen da Rajoy (literaturaren mundutik beti hain urruti ibili eta erdi agrafo den presidente hori) idazle horri saria ematen nobela horrengatik. Hurrengoan, egunkaria zabaldu eta berriz azaltzen da idazle hori beste sari bat jasotzen, oraingoan literaturarekin inoiz zerikusi izan ez duten erakundeek (Covitekoek, edo Faeskoek edota antzekoek) emanda… Eta orduan, nahi gabe, halako susmo kirastua iristen zaizu…

Pertsonaien ahotan euskal gatazkaren inguruko diskurtso eta pentsamendu desberdinak azaltzen dira? Ahalik eta marko zabalena harrapatu nahi izan duzu? Posible da hori?
Bai, posible da. Nobela honetan pertsonaia asko azaltzen dira eta posible da nork bere iritzia (ezberdina, bestelakoa) izatea… Poliedroak, esan bezala, alde edo aurpegi ugari ditu, eta neurri eta garrantzi ezberdinekoak, gainera.

Tartekatu dituzu egiatan gertaturikoak, egiazko geografiak… Fikzioa errealitatearekin busti duzu?
Nobelaren hasieran Boris Vian idazle handiaren aipamen bat jarri dut: “Liburu honetan dena da egia nik asmatu dudalako”. Idazleok, nik behintzat bai, beti nahasten dugu fikzio hutsa errealitatearekin. Bertan kontatzen diren gauza asko nik asmatuak izan dira, eta beste hainbeste benetan gertaturikoak izan daitezke. 

Euskal Herritik kanpoko lurraldeak ohikoak dira zure nobeletan. Oraingoan, Jamaika, Mexiko… Zergatik?
Nire liburuetan protagonista askok dute zerikusia Euskal Herriarekin, bai atzerrian dabiltzan euskaldunak direlako edota, alderantziz, kanpotarrak izanik hona etorri direlako. Esan bezala, nobela honetako Dafne protagonista, euskal jatorriko emakume jamaikarra, munduan barrena ibili ondoren, Argentinan, Mexikon, Holandan, Madrilen, Bruselan, Euskal Herrira etorriko da azkenean, zenbait arrazoi ezberdin direla medio… 

Nobela honetan ere edaria eta edaleak badira…
Bai, badira asko edaten duten pertsonaiak, eta asko jaten dutenak, eta asko eta denetik erretzen dutenak, eta etengabe larrua jotzen dutenak, eta pertsonaia bitxi eta xelebreak ere bai, ugari dira… Pertsona bakoitza mundu bat da, eta edozein gauza espero dezakegu… are gehiago horrelako nobela batean…

Zer darabilzu esku artean, idazten ari zara?                                                     
Bi urte baino gehiago eman dut nobela hau idazten. Orain, nobela honen gaztelerazko bertsioa ari naiz prestatzen: itzuli eta egokitzen. Egia esan, amaitu berri dut, eta oraintxe bertan, zuzenketak egiten eta testua orrazten ari naiz… Datorren urtean, 2020ko hasieran, kaleratuko dute, La chica de Jamaica izenarekin. 


GORKA EROSTARBE
Kazetaria

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina