Elkar fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak EKE-Elkar literatura beka sortu dute

Elkar fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak Iparraldeko idazleak euskaraz idaztera lehiatzeko asmoz, EKE-Elkar literatura beka sortu dute.

 

Bi urteetarik behin antolatuko da eta 6.000 euroko diru kopuru gordina emanen zaio dagozkion zergak barne), epaimahaiak hautatuko duen obra proposamenaren egileari ondorengo oinarrien arabera:

 

1.- Deialdi honetara, eskatu generoan egiteko xedeak aurkeztu litezke, iparraldeko euskara batuan sortuak, beren zati bat edo osotasuna nehon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta beste nehongo obra batetik moldatuak ez direnak.

 

Bi urtetarik, idazlanaren generoa aldatuko da.

 

2023ko deialdi honentzat, nerabeentzako narrazioa izanen da genero (eleberria, eleberri grafikoa edo ipuin bilduma izan daiteke).

 

2.- Deialdian Iparraldeko edonork parte har dezake (Iparraldean jaioa edota bizi dena), adin mugarik gabe. Egitasmoaren egileak bi pertsona edo gehiago baldin badira, bat gutxienez Iparraldekoa izanen da.

 

3.- Lehiaketan parte hartu nahi duenak, honakoak aurkeztu beharko ditu bere egitasmoa aurkezteko:

Landu nahi duen proiektuaren aipamen laburra, 2-4 orrialdekoa, ezaugarri nagusiak agertuz, hala nola, luzera, estiloa, zergatiak, iturriak, egitura, helburua edo egoki irudituko zaion beste edozein xehetasun. Egilearen informaziorik ez du agertu behar. Obraren erakusgai edo lagin bat 8-10 orrialdekoa. Egilearen informaziorik ez du agertu behar. Egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia. (Egileei buruzko informazioa antolatzaileek gordeko dute erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haren berri).

 

4.- Obraren egitasmoa 2023ko ekainaren 30ko berantenaz ondoko helbideetako batera igorri beharko da:

 

Bi aukera: Paperez: Elkar argitaletxea. 9 Gouverneurs karrika. 64100 Baiona. Posta elektronikoz: maia.etchandy@eke.eus

 

5.- Egitasmo guztiak hiru kidez osatu epaimahai batek ikertuko ditu. Talde horrek bere hautua 2023ko uztailaren 31a baino lehen hautagaiei jakinaraziko die erabakia. Mahaikide batek bere lana ezin egina balu, haren ordezkoa beste mahaikideek izenda lezakete. Behar bezainbat kalitatezko lanik ez balitz, diru kopurua eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

 

6.- Hautatuko den egitasmoaren sortzaileak delako diru-kopuruaren erdia, epaimahaiaren erabakia jakinaraztean eskuratuko du, eta beste erdia obra argitaratzean.

 

7.- Irabazleak, izendapena eskuratu eta gehienez 2024ko ekainaren 30era arteko epea izanen du, proiektu amaitua helarazteko. Lanaren luzera aldez aurretik xehetzen zaila bada ere, liburua osatzeko heina izan beharko du: 60 orrialde, gutxienez. Bitarte horretan, egileak hastapeneko egitasmoa aldatu nahiko balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena eskuratu beharko du. Arrazoi berezi batengatik epea gibelatzea onar lezake epaimahaiak.

 

8.- Egileak bere lana helaraziko ez balu edo proiektuaren izaera eta kalitatea, epaimahaiaren iritziz, agertu zuen egitasmoaren aldean txarragoak balira, ordura arte eskuratua duen dirua itzuli beharko du.

 

9.- Lagundua izan den obraren jabegoa egilearena izanen da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste nehongo diru-laguntzarik edo saririk eskuratu, ez aitzinetik ezta ondotik ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Bestalde, obraren egile eskubideak egilearen eta Elkar argitaletxearen artean zehaztuko dira eta kontratu batean jasoko.

 

10.- Epaimahaiaren erabakiak onartu beharrekoak dira, bai egilearen bai eta antolatzailearen aldetik.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina