Ibilbideari eta proiektuari elkar Sariak izendatu dira

Beñat Gaztelumendi (Bertsozaleen Elkartea) eta Miren Berasategi (Lotura Films)

elkar Fundazioak urtero banatzen ditu elkar Sariak: Ibilbideari saria urtero, eta Proiektuari saria Joseba Jaka bekarekin batera bi urtetik behin, txandaka. Aurtengoan, Ibilbideari elkar Saria Bertsozaleen Elkarteari eman zaio; eta Proiektuari saria, berriz, Lotura Films ekoiztetxeak jasoko du, Lur eta Amets filma eta telesailaren jarraipen proiektua lantzeko.

 

 

 

Bertsozaleen Elkartea:

Euskal kulturaren arloan egindako ekarpena hartzen da kontuan sari hau emateko, eta agerikoa da Bertsozale Elkarteak urteetan egindako lana eta ekarpena.

Itxura batean bazterreko izatera bideratuta zegoen bertsoari lekua egitea lortu du Bertsozale Elkarteak, lekua egitea eta ikusgarritasuna ematea. Bertsoa gaur egungo euskal gizartean, euskaldunen artean, ezaguna eta jarraitua den kultur adierazpena da, eta hori urte luzeetan ondo egindako lanaren emaitza izan da.

Transmisioa eta zabalkundea, bi lan ardatz nagusi izan ditu. Transmisioari dagokionez hezkuntzan txartatzeko bidea egin dute haurrengana hurbilduz bertsoa eta herriz herriko bertso eskolen bidez ere bai. Zabalkundeari begira, berriz, hedabideetan lekua eginez eta txapelketen bidez lortu dute ikusgarritasuna ematea. Gaur egun, urtean ehunka saio antolatzen dira izaera oso diferentekoak. Horrekin denarekin bertsolaritza modernizatuz joan da, XXI. mendean bertsoa ez da zerbait zaharkitua, oso garaikoa baizik. Prestigioa eman zaio bertsolaritzari eta euskal kulturari.

Sari honekin, azpimarratu nahi da lan horretan elkarteak izan duen pisua. Bertsozaleak bildu eta denen artean, alde guztien parte hartzearekin, taldelanean, egin da bidea, eta horrek asko erakusten du gainerakoei ere. Bertsozale Elkarteak, besteak beste bertsolaritzarentzat eta euskal kulturarentzat aberasgarri diren kultur azpiegiturak garatu ditu bakarka edo elkarlanean, elkartea bera, Xenpelar dokumentazio zentroa, Lanku, Mintzola…  

Bertsozale elkartearen ibilbidea eta haren emaitzak txalotzekoak dira, eta jarraitzekoak ere bai. Euskal kulturarentzat eredu izan dira eta dira.

Lotura Films, Lur eta Amets:

2020an estreinatu zen Lur eta Amets film animatua, eta haren atzetik etorri zen haurrentzako seriea.

Elkarlanean egindako ekimena izan zen, Lotura films gidari, Ikastolen elkarteak, Katxiporretak eta Elkar-ek berak elkarlanean garatutako proiektua. Euskal Herriko beste hainbat eragileren laguntzarekin.

Egokia izango litzateke, hura ekimen bakar bat ez izatea, hark nolabaiteko jarraipena izatea. Ona litzateke, haurrei begira, gure herrian eta gure kulturan oinarritutako film eta telebistarako serie gehiago egitea hurrengo urteetan.

Harrera ona izan zuen filmak, pandemiak behar baino lehenago bota bazuen ere zinemetatik, eta harrera ona izan zuen seriek telebistan eman zutenean. Beraz,  hartzaileak badaude, eta antzeko gauzak eskaintzeko gai izan behar dugu.

elkar Fundazioak badaki Lotura films ekoiztetxeak  interesa duela Lur eta Ametsen ekimenari jarraipena emateko, et horregatik erabaki du aurtengo Proiektuari saria berari ematea, hurrengo proiektua lantzen has dadin.

 

elkar Sarien sari banaketa

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina