elkar 50 URTE KULTURGINTZAN, HERRIGINTZAN

Mikel Esnal, Jose Mari Sors eta Olatz Osa, elkar-eko Adunako egoitzan

elkar Fundazioak 50. urteurrenaren berri eman eta bere egoitza berria ezagutzera emateko agerraldia egin du gaur goizean. Adunako egoitza berrian, Joxemari Sors, elkar Fundazioko lehendakaria, Olatz Osa, Elkar argitaletxeko zuzendaria eta Mikel Esnal, elkar Taldeko zuzendari-kudeatzailea agertu dira hedabideen aurrean.

50 urteko ibilbide luzea duen erakundea izanagatik ere, eremu askotan ezezaguna da elkar Taldearen lana. Hori kontuan hartuta, Taldeak erabaki du urteurren borobila eta Adunako egoitza berria baliatzea bere jarduna ahalik eta gehien ezagutarazteko euskal eragileen artean.

Urte hauetako Taldearen sorrera eta garapena azaldu dituzte hiru ordezkariek Ipar eta Hego Euskal Herrian emandako urratsen bidez; 60. hamarkadako bigarren zatian Joseba Jaka gaztea etxez etxeko salmentak egiten hasi zenetik, gaur egun Taldeak Euskal Herrian nahiz estatu mailan dituen egiturak, lankidetzak, proiektuak eta erronkak barne.

Sorreratik erabaki zen, garaiko beharrak ikusita, zerbitzu integrala eman eta liburuaren balio kate osoa antolatzea: argitalpena, banaketa eta salmenta. Halaxe mantendu da gaur egun arte, eta etorkizunera begirako taldearen erronkak ere bide beretik doaz.

Urteurrena dela eta antolatutako ekintzen artean, maiatzak 26an Adunan egingo den ekitaldian bi sari emango dira aurten, Ibilbideari elkar saria eta Joseba Jaka beka.
Bi urtetik behin ematen den Joseba Jaka beka, aurten musika proiektuak laguntzeko deitu da eta Ines Osinagak jasoko du, “Itsasoa da bide bakarra” izeneko musika proiektua lantzeko.

1996an hasita urtero ematen den Ibilbideari elkar saria bi eragilek jasoko dute 2022an. elkar Fundazioak erabaki du aurten saria ematea Elhuyarri eta UEUri, gogoan hartuta bi euskalgintzako erakunde horiek ere aurten 50 urte beteko dituztela.

Txostena: KLIKATU HEMEN

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina