Joan Mari Irigoien: “Handik aurrera, harremanetan jarri ginen, akordio bat sinatu genuen… eta horratx!”

Argitalpen berri bi dakartzala-eta, Joan Mari Irigoieni egin diogu bisita. Galdera serioak egin dizkiogu: bere azken liburuez, ibilbideaz, ekarpenaz… berak txantxa giroan erantzun dituenak, umorea galdu ez duen seinale.

Sorgin-argien ehizan plazaratu berri duzu. Zertopatuko du irakurleak barruan?

Orain dela urte batzuk Tenerifera joan nintzen futbol-partida bat jokatzera, Sanserekin. Halako batean, Tenerifeko kaleetatik genbiltzala, postalak eta postalak zituen denda bat aurkitu genuen, zeinetatik Lanzarotekoek piztu baitzuten nire arreta, hango paisaiek era berezi batean ukitu banindute bezala. Eta, orduan, ahots kementsu bat lehertu zitzaidan eztarrian, erraietatik esaten zidana: Joan Mari: hik noizbait joan behar duk Lanzarotera. Gero, hara joateko parada heldu zitzaidan, eta bidaia hura poema-liburu bat egiteko aitzakia perfektutzat hartu nuen. Hasi nintzen, bada, poema metafisikoak edo egiten… aurkitu nuen, prozesu hartan, León Feliperen poema bat, “Yo soy el gran blasfemo” izenekoa –Hay un turno de voces: / yo grito, tú rezas, él canta… / El grito es el primero–, amesten nuen liburuaren osotasunari behin betiko forma eman ziezaiokeena, poema ustez metafisiko haiei beste era batekoak –konprometituagoak edo– eranstea otu zitzaidala… izugarria iruditzen baitzitzaidan, besteak beste, zer gertatzen ari zen Espainiako monarkiarekin eta monarkiak bultzatutako arma-trafikoarekin: zeinen aise kondenatzen ditugun arma gutxi dituzten talde te rroristak eta zeinen nekez hortzetaraino armatuta dauden armada arautuak. Bide hartan barrena nenbilela, edertasunari ere aurkitu nion bere plusa: ba ote da, bada, munduan, mendiko iturri xume batek sor dezakeena baino kantu ederragorik? Azken gisa, berriz, Lanzarotera egin nuen bidaiari aurkitu nion erremate egokia, Lanzarote burura datorkidan bakoitzean, etortzen ez zait, bada, aldi berean, Leireko monasterioa, ingurune bat bestearen jarraipena balitz bezala, alderantziz ere bai!

Aldi berean, edizio gaurkotu eta Irati Jimenezen sarrera luze batekin atera da Babilonia, neurri batean zuri ospe eta irakurle gehien eman dizun liburua. Ze oroitzapen duzu 1989ko eleberriaz? Leku berezirik du zure karreran, zure gogoan?

Lehenik eta behin, Iratiri eskerrak eman nahi dizkiot bere hitzaurreagatik. Gainerakoan, zer oroitzapen ditudan Babiloniaz…? Onak, edo oso onak, orain kontatuko dizudana horren adierazgarri: hainbeste saldu zen liburua –errekonozimendu sari batzuk ere jaso zituen, tartean–, non, egun batean, ohi baino ausartago izatera deliberatu bainintzen, Elkar-eko arduradun nagusiei bilera bat proposatzen niela: ea nire denbora osoa idaztera ematearen truke, soldata itxuroso bat jasotzen nuen: soldata duin bat, alegia. Handik aurrera, harremanetan jarri ginen, akordio bat sinatu genuen, ni betetzen ahalegindu naizena, haiek ere bai… eta horratx!

Zure ibilbidea lehenagotik dator ordea: Oilarraren promesa, Hutsetik esperantzara… Zer mantentzen da funtsean duela 45 urteko gazte harengandik zugan?

Begiak zabaldu, eta mundua gero eta okaztagarri-lokaztagarriagoa dela iruditzen zait: jakiteak, adibidez, munduko aberatsak gero eta aberatsagoak direla birusaren krisiaren ostean, tripetako mina eragiten dit, digestio-haize itxuragabe batzuek minagotzen didatena: hurrengoan, beharbada, ginekologoaren kontsultara joan beharko dut, ni neu ere haurdun egon naitekeen susmopean sentitzen bainaiz sarri.

Zein esango zenuke direla zure gakoak gaietan, zure ezaugarri nagusiak formetan?

Nik idatzitako obran, egiteko modu bat baino gehiago aurki dezake irakurleak: prosa eta poesia egin dut, bai gazteentzat bai helduentzat, tragedia mingarriak eta nobela umoretsuak. Hemen gauza bat nabarmendu nahi nuke: nobela ustez umoretsu hauetan –Kalamidadeen liburua eta Derbia– aurkitu baititut, beren iritzi eta aburuetan, irakurlerik muturrekoenak: edo asko gustatu zaie edo piperrik ere ez.

Beti izan zara zure ideiak erakusteko zalea baina artea ideologiaren menpe jarri gabe. Nola bizi izan duzu konpromiso hori?

Nik hori baino lehenagoko konpromiso bat dut. Edo bi: “Presoak kalera!” eta “Mendekurik ez!”.

Azkenik, zure osasunaz galdetu behar. Nola zaude? Eta nola begiratzen diezu bizitzari eta heriotzari?

Gaizki egin didazu galdera, Xabier, neure kasuan, oSaSuna baita ez daukadana, baizik eta oXaXuna. Gainerakoan, bizitzari dagokionez, bizigogoa badaukat, baina, aldi berean, gogo hori apaldua daukat… esan nahi dut ez dudala oraindik umorerik galdu, baina gaixotasunaren azken fase honetan ez nuke harrokeriak jota ibili nahi, planik zehatzenak egiten ditugunean ere, huts egin bailezakete: ustekabeko erorikoa, ustekabeko odolbildua, ustekabeko ustekabea… Orain, ez naiz heriotzaren beldur, baina iristen den momentuan, auskalo! Eutanaxiri lotuta hil nahi nuke, besarkada estu bezain suzko batean. Jainkoagan sinesten dudan ala ez, ez dut garbi. Baina esan ere esango dizut bizi izan ditudala momentu jainkozko batzuk, musika ezin ederrago batzuen haritik: instrumentala edo naturari lotutakoak: haizearena edo urarena, misterioari lotutako musikak, azken batean. Baina hara: jainkorik ez balego ere, ez nintzateke aztoratuko, hiltzearekin batera, ezer ez bihurtuko ginateke, deus ez… eta ez ezerezak eta ez deusezak ez dute sufritzen.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina