
Joan Mari Irigoien
Argazkia: Jon Urbe (Foku)
Joan Mari Irigoien idazlea hil zen atzo 74 urte zituela, endekapenezko gaixoaldi luze baten ondorioz. Obra miresgarria ekarri zion euskal literaturari eta bizipoza zabaldu zuen beti ingurukoen artean.
Irigoien Altzan jaio zen 1948an. Ingeniaritza ikasketak egin zituen eta futbolaria ere izan zen, Errealeko bigarren taldean, Egin egunkarian zuzentzaile lanetan aritu zen, irakasle ere aritu zen eta Euskal Telebistarako gidoiak ere egin zituen baina bera batez ere idazlea izan zen bere bizitzan. Urte askoan Elkar argitaletxeko langile izan zen. (Irakurri +)
Argitalpen berri bi dakartzala-eta, Joan Mari Irigoieni egin diogu bisita. Galdera serioak egin dizkiogu: bere azken liburuez, ibilbideaz, ekarpenaz… berak txantxa giroan erantzun dituenak, umorea galdu ez duen seinale.
Batez ere eleberrigile gisa ezagutzen bazaituzte ere, hasiera-hasieratik landu izan duzu poesia, eta horra itzultzen zara beti, tarteka.
Bueno. Nik, lehenik eta behin, poetatzat dut neure burua. Hiruzpalau poema ere idatzi nituen, gazteleraz, batxilerrean. Gero, baina, kontzientziazio prozesu baten bidez, euskara lehenetsi, eta horrela idatzi nituen, hogei bat urte nituela, neure lehen poemak, euskaraz, denborarekin poema-liburu bat osatzera eraman nindutenak: Hutsetik esperantzara. Baina egia da, poema-liburua idatzi ez beste —edo harekin batera: ez dut ongi oroitzen—, nobela bati ekin niola —Oilarraren promesa—. Zergatik? Kontua da garai hartan bazegoela euskal idazle eta literaturazaleen artean iritzi nagusi bat, hitzokin laburbil daitekeena: gaur egungo Euskal Literaturaren benetako apustua prosa da, ez poesia. Horregatik idatzi nuen neure lehen nobela hura, errealismo magikoaren eraginpean idatzi ere. Hura idazteak bazuen, hala ere, beste helburu bat, nire kasuan: nire euskara eskasa aberastea… bazterrera sekula utzi ez dudan helburua, hizkuntza batean beti baitago zer ikasia. (Irakurri +)