Elkar argitaletxeko udaberriko nobedadeak

Elkar argitaletxeak dagoeneko prest du uda aurretik kaleratuko dituen liburuen zerrenda. Literatura, PoesiaAteko bandan, Xaguxarrak, Eta zer?, Kuku, Lurra eta jendea, Iparluma eta Histoire bildumen barruan kaleratuko dira hurrengo nobedade hauek:

LITERATURA

Ukabilak eta loreak– Julen Belamuno

Ukabilak eta loreakSenarraz aspertuta, abentura zirraragarri batean katramilatu den emakumea; arrakastaren gazi-gozoetan, aspaldi galdutako aitaren oroitzapenari aurre egin behar dion zinemagilea; errebantxa-konbatearen aurrean, bizitzaren borrokan ere zirt-zart egin behar duen boxeolaria…

Pertsonaien barrenean sartzeko abilezia aparta erakusten du Julen Belamunok estilo zehatz bezain dotore batean idatzitako istorio hauetan: izaki bakartiak gehienetan, bizitzak edo inguruak gaizki tratatuak sarri, bere burua gobernatzen ere asmatzen ez dutenak… Gizajoen katalogo bat, sakon-sakonean gutako edozein ere izan daitekeen bezalakoak.

 

 

 

Ez tiro egin anbulantziei – Mikel Ayllon – Igartza saria

Ez tiro egin anbulantzieiKartzelan azaldu da bat-batean Gerard, zergatik ez dakiela. Sartu duten mundu krudel hori ulertu ezinik emango ditu egunak, banaka desagertzen hasiko diren kidez inguraturik: Fred, Karim, Telmo, Montag… Guztien arteko lokarria eta egoera ulertzeko giltza dirudi Sylviek, Gerardek arestian ezagututako emakume misteriotsuak. Nor dira mundu zaharra lurperatu nahi luketen horiek? Mundu berria jaio ezinik dabilen argi-ilun honetan, ez ote da munstroz beteko ingurua? Eleberri ausart bezain aberatsa gauzatu du Mikel Ayllonek Igartza sariaren laguntzaz. Izua eta desolazioa nagusi diren gizarte distopiko batean, elkartasunaren ametsari eta edertasunaren ilusioari eutsi nahi liekete pertsonaiek, nahi horrek nora ezean ibiltzera bultzatzen dituen arren. Atzekoz aurrera ordenaturik dago kontakizuna: kartzela eta heriotzatik abiaturik, haien aurreko maitasun istoriora eta borroka asmoetara. Horrela, amaierara iristen denean historiaren hasieran egongo da irakurlea.

 

 

 

Literatura hiztegi tekniko laburra – Karlos Linazasoro

Liburu honek ez dio Euskaltzaindiak argitaratutako Literatura terminoen hiztegia-ri konpetentziarik egin nahi. Izan ere, azken hau kontsulta tresna jaio bazen, xede informatibo eta didaktikoarekin, Linazasorok osatutako lan bikain honetan, aitzitik, idazleak berak genero eta azpigenero ezberdinetan sailkatutako ariketa estilistiko zein baino zein ordinalagoak proposatzen dizkigu.

 

Atertu arte itxaron – Katixa Agirre

Bi ipuin-liburu eta haur eta gazte-literaturako hainbat istorio idatzi eta gero, helduentzako bere lehenengo eleberria plazaratuko du Katixa Agirrek (Gasteiz, 1981). Euskal Herrian zehar Road Movie bat egiteak gauza zaila dirudi, baina horixe egingo dute  nobelako protagonistek, Ulia neska gasteiztarrak eta haren mutil-lagun Gustavo gaztelarrak. Ibilbidean zehar, hainbat leku, lagun eta gertakarirekin egingo dute topo, eta horrekin batera bikotearen gorabeherak ezagutuko ditugu. Aldi berean, nobelak baditu beste hari pare bat behintzat: 1976ko martxoko Gasteizko langile-protestetan sortu eta Espainiako kartzeletan jarraituko duen maitasun-istorio bat, Benjamin Britten musikari ingelesaren inguruko kontuak…

 

POESIA

Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014) – Joan Mari Irigoien

Bi urtetako kronikaEleberrigintzan parentesi bat eginda, poesiara itzuli da Joan Mari Irigoien, oso modu berezian itzuli ere: azken urteetan osasunean izan dituen arazo eta gorabeherak (batetik esklerosi bat, bestetik depresioa) poesiagai bihurtu baititu. Poesia gordin eta ia batere apaindurarik gabea egin du altzatarrak, bere barruko ezinak ausarki aitortuz, norberarentzat eta are gehiago inguru hurbilarentzat kontu mingarriak direla jakin arren.

ATEKO BANDAN

Gizon gogorraren sekretua – Martin eta Xabier Etxeberria

Gorria izeneko sindikalista baten heriotza gordinarekin abiatzen da istorioa. Eta, Erre, protagonistaren eskutik egingo du irakurleak bidea, thriller-aren estiloari jarraituz, emozioa piztea, tentsioa mantentzea eta suspenseari eustea lortzen duen eleberri honetan. Donostiako aldirietan kokaturiko industrialde batean dago istorioa kokatuta, liburu hau ezin erakargarriago egiten duten agertokietan: taberna ilun bat, putetxe bat, hondoak jotako enpresa bat, biltegi zahar bat…

Aita Gurea – Iñaki Irasizabal

Autogintzarako piezak fabrikatzen dituen lantegi txiki bat. Bi enpresari. Haien familiak, tartean Down sindromea duen seme bat, alaba jonki ohi bat. Prentsa hidraulikoak, trokelak, matrizeak… eta makina horiek guztiak erabiltzen zenbait behargin, zahar eta gazte, nor bere arazo eta berezitasunekin baina denak ere beren lanpostua galtzeko beldurrez.

Eta horien guztien artean, kontrajartzeak, gaizki-ulertuak, etsaigoak, istripuak, lapurretak eta hainbat heriotza, nahita zein nahi gabe eragindakoak. Eleberri beltzean espezializatu da Iñaki Irasizabal, krimenean baino arreta gehiago jarriz beti gizartearen argi-ilunetan. Oraingo nobelaren berezitasuna da zein barrutik eta modu sinesgarrian erakusten digun lanaren mundua: industriako enpresa baten gorabeherak, langileen arteko harremanak… Eta horiez gain, familia-loturen indarra, droga giroaren itzalak…

 

XAGUXARRAK

Bihotzak dun-dunMiren Agur Meabe / Enrique Morente (10-12 urte)

10 bat urteko neska bat da Lea, abenturak eta liburuak maite dituena, eta bere kontu txikiak kontatuko dizkigu, urte oso batean zehar. Familiako diru-arazoak, eskolako gorabeherak, Ixidro bizilagunaren komeriak, egindako bidaiak… Narrazioan txertatzen dira hainbat kanta, igarkizun eta poema, eta baita urte-sasoi desberdinei buruzko xehetasunak ere: gabonak, inauteriak…

Puka, erleak eta traktoreaJokin Mitxelena (8-10 urte)

Haur literaturako euskal ilustratzaile onenetako bat, Jokin Mitxelena, idazle bihurtu zaigu: berak idatzi eta marraztutako istorioa da hau. Txakur bat da Puka, istorioaren protagonista eta kontatzailea. Familiarekin batera txangoan doaz aitona-amonak bisitatzera, eta egundoko jaia egingo dute bertan. Txakurra, baina, kezkatuta dabil, pertsonek galtzeko eta txorakeriak egiteko joera handia dutela eta.

Elefante bat hegan Patxi Zubizarreta / Aitziber Alonso (8-10 urte)

Kus elefantearen jakin-mina hain da handia, ezen zeruertzean intxaur itxurako zerbait ikusi eta hura zer den jakitera abiatzen delarik, bere burua kaiola batean harrapatuta ikusiko baitu, Jafet izeneko mutil batek ehizatu ondoren. Euria hasten delarik, ordea, bera eta, bera bezala, kaioletan sartuta dauden animalia guztiak itsasontzira igotzeko agindua emango du Noe izeneko bizardun batek. Kus oso triste jarriko da, ez bakarrik bere burua gatibu ikusten duelako, baizik eta beste animaliak ez bezala, bakarrik dagoelako.

Errotondan bueltaka Leire Bilbao / Eider Eibar (8-10 urte)

Urko, egunero bezala, autobusera igo da eskolara joateko. Eta, egunero bezala, autoz betetako errotonda batean geratuko da autobusa. Urkok izugarrizko txizagura du eta autobusaren geldialdia aprobetxatuko du jaitsi eta errotondan pixa egiteko. Baina autobusak ihes egingo dio eta hantxe geratzea beste erremediorik ez du izango. Gauza harrigarriak ezagutuko ditu bertan.

 

KUKU (8-10 urte)

Ama gaiztoaren ipuina Antxiñe Mendizabal / Aritz Eiguren

Adina: urtetik gorakoentzat

Bi ahizpen arteko elkarrizketa umoretsua zein dramatikoa, ama gaiztorik ba ote dagoen hizpide dutela. Ipuin klasikoetako amen ontasuna zalantzan jartzen hasi eta egiazko ama baten maitasuna zertan den gogoeta egiten amaitzeko.

Alabaina, ama batek ezin dio alaba bati dion maitasunari uko egin, bestelakorik eman badezake ere, beren arteko maitasun-lokarria hautsezina baita.

Bi kobazulo – Uxue Alberdi / Antton Olariaga

Anik bi kobazuloen ipuina kontatzeko eskatu dio amonari. Istorioak dio Hodei eta Argi bata iparraldera begira dagoen kobazulo batean eta bestea hegoaldera begira dagoen beste batean bizi zirela bizkarra emanda. Eta, halere, euren amonak ipuin berbera kontatu eta biak ala biak sinetsi egin zutela. Horrela, bidaia liluragarri baten ondoren, ostadarraren oinetara iristean, elkartu ziren biak.

 

ETA ZER? (8-10 urte)

Bihotza lo daukat, eta zer? – Alaine Agirre / Jokin Mitxelena

Martinak bihotza lo dauka; bera ere ez da gauza bere bihotzaren taupadak entzuteko, haren zurrungak baino ez ditu entzuten. Eta horregatik, Martina bera erdi-lo dago askotan, ametsen munduan. Amari, halako batean, ideia bat bururatuko zaio alabaren bihotzak taupada berreskuratu dezan: etxez aldatuko dute. Orduan, ustekabe batek itzartuko du bat-batean neskatoaren bihotza.

Ez naiz barazkijalea, eta zer? – Txani Rodriguez / Iosu Mitxelena

Mikel barazkijalea da, gurasoek, bere hobe beharrez, horrela erabakita. Egun batean, ordea, aitita Xalbadorren baserrira joanda, aurreneko aldiz dastatuko du Mikelek txorixo puska bat eta handik aurrera gauzak aldrebesten hasiko zaizkie, berari eta baita gurasoei ere, beren erabakiaren zuzentasuna auzitan jarriko baitute guztiek. Lanak izango dituzte gauzak bere onera ekartzen.

 

LURRA ETA JENDEA

Hilak gure artean – Anuntxi Arana

Heriotza bukaera dela pentsatzea zaila da eta ez dira falta horretarako arrazoiak; nekez onartzen da, eta ez da erraz irudikatzen nola igarotzen den izatetik ez izatera. Hilen bilakaerak bizien gogoa arduratu eta arduratzen du, eta maiz igartzen da haien itzala jendeen kontuetan. Modu berezi batez mitologian, hemengoan eta besteetan. Kondairak ez dira baitezpada mintzo heriotzaren aurrean sentitzen den minaz, bai berriz munduan alderrai dabiltzan arima herratuez eta haien agerpenez, laguntza eske edo erasoan datozenean zer komeni den egitea adieraziz eta erakatsiz.

Tradizioko sinesteen arabera, edozein unetan heldu dira zenduak beren ahaide edo lagunengana; edo bestela, data zehatz batzuetan, ospe handiko jaietan, eskale ibiltzen diren maskaratuek ordezkatuak. Jai horietaz gure gaurko ingurumenean egiten diren interpretazio entzutetsuenetan ahantziak izaten dira hilak eta, hain zuzen, haien presentzia gogorarazi nahi da liburu honetan. Eta, orobat, arima herratuek mitologiako beste izakiekin duten lotura, batzuen eta bestean jokaeretan hautematen diren antzekotasunak. Eta horrela azalduko zaizkigu laminak, basajauna, mairuak, inauteriko mozorrotuak, Zanpantzar, Olentzero…

IPARLUMA

Hainbat zorte – M. Dalbret / M. Hegi-Luku

Liburu honetan bi istorio uztartzen dira. Bata fikziozko eleberri hutsa, euskal gazte baten bizitzaren ekitaldi tragikoa. Paraleloan bestea, autobiografikoa, Mikel Dalbretena, autorearen bizipenak. Irakurketak aitzina egin ahala, irakurleak bi zatien arteko hainbat oihartzun, hainbat eite, hainbat lokarri irudikatzen ahalko ditu. Hala ere, bi hitzez, liburu honen aipatzeko, esan daiteke Euskal Herriari maitagune aitormen bat dela. Euskarazko bertsio hau, pianisten gisan, partizio beretik sortua izan da. Obra berezi hau Maialen Hegi-Lukuk eta Mikel Dalbretek beren adierazpenak doinuan ezarriz idatzi dute.

 

HISTOIRE
(Frantsesez)

Afrikanoak. Le Pays Basque et l’Afrique – Jacques Ospital

Bere historia luzean zehar, Euskal Herriak hainbat lokarri osatu zituen munduko beste lurraldeekin. Batzutan presentzia zapaltzailea zen, batzutan baikorragoa, kasu gehienetan aztarnak agerian utziz. Ameriketan euskaldunen eragina arras ezaguna bada ere, Afrikan askoz gordetuagoa egon da eta gaur egun ere frango ezezaguna. Haatik, mota guzietako harremanak izan ziren eta liburu honen funtzioa argitara ematea da, kronika laburren bidez.

L’affaire Finaly au Pays Basque – Jean-Claude Larronde

1953an, afera politiko-judizial batek Euskal Herria bete-betean hunkitu zuen. Hain zuzen ere, Alemanek Frantzia okupatzen zuten garaian, Grenobleko emazte batek bi haur judu gordetu zituen eta horrela salbatu, baina gerla bukatu ondotik haur horien familiak berreskuratu nahi izan zituelarik, ez zituen itzuli nahi izan. Are gehiago, Euskal Herriko apez batzuren laguntzarekin, Espainiako muga klandestinoki pasarazi zien, goi mailako kalapita diplomatiko bat piztuz. Aste zenbaitez, haurrak Gipuzkoako familia abertzale batean gordetu zituzten, azkenean Batikanoko presioa medioz frantses epailearen eskuetan utzi arte. Liburu horrek abentura harrigarri hori aztertzen du, Euskal Herriko ikuspegitik.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina