Batez ere eleberrigile gisa ezagutzen bazaituzte ere, hasiera-hasieratik landu izan duzu poesia, eta horra itzultzen zara beti, tarteka.
Bueno. Nik, lehenik eta behin, poetatzat dut neure burua. Hiruzpalau poema ere idatzi nituen, gazteleraz, batxilerrean. Gero, baina, kontzientziazio prozesu baten bidez, euskara lehenetsi, eta horrela idatzi nituen, hogei bat urte nituela, neure lehen poemak, euskaraz, denborarekin poema-liburu bat osatzera eraman nindutenak: Hutsetik esperantzara. Baina egia da, poema-liburua idatzi ez beste —edo harekin batera: ez dut ongi oroitzen—, nobela bati ekin niola —Oilarraren promesa—. Zergatik? Kontua da garai hartan bazegoela euskal idazle eta literaturazaleen artean iritzi nagusi bat, hitzokin laburbil daitekeena: gaur egungo Euskal Literaturaren benetako apustua prosa da, ez poesia. Horregatik idatzi nuen neure lehen nobela hura, errealismo magikoaren eraginpean idatzi ere. Hura idazteak bazuen, hala ere, beste helburu bat, nire kasuan: nire euskara eskasa aberastea… bazterrera sekula utzi ez dudan helburua, hizkuntza batean beti baitago zer ikasia. (Irakurri +)