111 Akademia, iazko libururik onena saritzeko bidean

Urtero legez, 111 Akademiak aurreko urtean argia ikusi duten liburuen artean onena saritzen du. Dagoeneko 5 ale hautatu ditu: Alaine Agirreren Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (Elkar), Maddi Zubeldiaren Deserria haurtzaro (Elkar), Alberto Ladron Aranaren Jainkoen zigorra (Elkar), Uxue Alberdiren Jenisjoplin (Susa) eta Iñigo Urdinagaren Surflaria eta paradisua (Salbera) liburuak pasatu dira bigarren bueltara. Baten batek botoen %40 lortuz gero, harexek jasoko luke saria; bestela, boto gehien lorturiko biren artean izango da finala.

     

Alaine Agirre: “neure amari zuzendutako maitasun-adierazpen bat da”

Alaine Agirre

Belaixe estudioa

Alaine Agirre idazle bermeotarrak helduentzako hirugarren nobela kaleratu berri du: Bi aldiz erditu zinez nitaz, ama. Idazleak aurreko eleberrietan erakutsi dituen dohainak agerian daude lan honetan ere: berben bitartez edertasuna, erritmoa, musikaltasuna bilatzea, sentimenduak leungarririk gabe espresatzea… horiek guztiek ematen diote intentsitate eta emozio berezia kontakizunari. Proiektu honek irabazi zuen 2016ko Joseba Jaka beka.

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama kaleratu berri duzu. Zure hirugarren nobela heduentzat, eta Joseba Jaka beka irabazi zuena. Esanahi bereziren bat du honek?

Nire hirugarren nobela da, esan duzun bezala, baina horrez gain uste dut ziklo bat ixten dudala: aurreko bi nobelekin (Odol mamituak eta X hil da) nolabaiteko batasuna osatzen duela: neure bizitza, beldurrak, obsesioak kontatzen ibili naiz, eta hemendik aurrera beste era bateko idazkera landu nahi nuke, ez dakit lortuko dudan baina. Jaka Sariari dagokionez, berriz, ohore bat izan da, zalantzarik gabe, eta laguntza eder bat, asko eskertzen dudana. (Irakurri +)

Alaine Agirreren “Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama” liburuaren aurrerapena

Zure amak ez zuen ama izan behar, agian, baina ama izan zen eta zeu jaio zinen.

Zuk ez zenuen ama izan nahi, ez guztiz behintzat, baina ama izan zinen, eta horri esker ari naiz ni orain hau idazten.

Nik ama izan nahi nuke, baina uste dut ez dudala ama izan behar, ez zaidala komeni, eta nahi ere, ez dakit zenbateraino nahi dudan benetan ama izan.

2
–Asumitzen nabil ez naizela inoiz ama izango.
–Zergatik diozu hori?
–Neure gaixotasunagatik.
–Baina sendatu ahal zara.
–Edo ez.
–Eta, gaixotasunarekin ere, asko dira haurra izatea erabakitzen dutenak.
–Medikazioa utzi beharko nuke.
–Aldi baterako bakarrik.
–Eta diozun aldi horretan erotzen banaiz?
–Ez jarri beti txarrenean.
–Eta leihotik behera botatzen badut neure burua?
–Ez jartzeko beti txarrenean, A.
–Gainera, umeari gaitz hau transmititzen badiot?
–Nork esan dizu genetikoa denik? –diost W doktoreak. (Irakurri +)

Alaine Agirre aurtengo “Farolillo de papel” sariaren irabazlea

Alaine Agirre

Belaixe estudioa

Liburu egunaren testuinguruaren barruan, Bizkaiko Liburu Saltzaileen Elkarteak “Farolillos de papel” izeneko sariak ematen ditu urtero irakurketa eta liburugintzari euren denbora eskaintzen dioten pertsona zein erakunderen lanak aintzat hartzeko.

Aurtengo edizio honetan, Alaina Agirre idazle bermeotarrari emango diote sari horietako bat iaz kaleratu zuen Martin album ilustratuagatik. Desberdintasunari, integrazioari eta bazterkeriari buruzko album honek Espainiako OEPLI erakundearen Lazarillo saria jaso zuen album ilustratuen atalean.

Zorionak, Alaine!

 

 

Alaine Agirre eta Jasone Osororen eskutik “Harrak berbetan” literatur saioa

2016ko maiatzaren 6an, Donostia Kulturak antolatzen duen Literaktum literatura jardunaldien baitan, Harrak berbetan estreinatu zen. Alaine Agirre eta Jasone Osororen arteko elkarrizketa-formatua izan zuen, eta lehenengo saio horretan Jasonek Alaine elkarrizketatu zuen. Izan zuen harrera ikusita, saioaren ibilbidea luzatzea pentsatu zuten. Hala, egiten den lekuaren arabera moldatuko dute saioa. Bi egileen arteko elkarrizketa izango da, X hil da eta 12etan bermuta liburuak ardatz hartuta, baina baita bestelako gaiak ere, emakume izatea, literatura, askatasun pertsonala, erreferentzia musikalak eta literarioak, adikzioak… Inprobisazioari eta probokazioari lekua utziz, hitzak, musika azalduko dira ikuskizunean, eta bi egileek beraien testuen irakurketa ere egingo dute. (Irakurri +)

Elkar argitaletxeko udaberriko nobedadeak

Elkar argitaletxea buru-belarri ari da lanean argitarapen berriak kaleratzeko. Dagoeneko udaberri honetako nobedade zerrenda zehaztuta du, eta datorren astean  hasiko da liburu berri horiek aurkezten; lehena Kattalin Miner-en Nola heldu naiz ni honaino liburua izango da.

HELDUENTZAKO LITERATURA

LITERATURA
Nola heldu naiz ni honaino – Kattalin Miner (Igartza Saria)
Nobela
Kaleratze data: otsailak 16

Enpresan mailaz eta soldataz igotzea, herentzia bat jasotzea, etxe bat erosi ahal izatea, lagun ugari edukitzea… Arrakastaren laukitxo guztiak beteak ditu Jezabelek, argi du zer nahi duen bizitzan eta zirt-zart hartu ohi ditu erabakiak. Halako batean, ordea, txikikeria batekin paralizaturik geratuko da.

 

 

Koadernoa zuri – Arantxa Iturbe
Nobela
Kaleratze data: martxoak 9

Bi ahizpa, urtetan elkar ikusi ez dutenak, bat-batean amaren heriotzak berriro elkartu dituen arte. Asko dute batak besteari esateko, urrun egon diren bitartean bakoitzari gertatu zaizkionak, eta baita lehenagotik nork bere kolkoan gordetakoak ere. Otzan eta esanekoa izana da bata, errebelde eta lotsagabeagoa bestea, ama estu eta zurrunaren alabak biak ere.

 

(Irakurri +)